Irati Azpeitia Iraola: «Elebitasunaren inguruan mito eta uste oker asko daude eta horiek argitzea da gure helburuetako bat»

2026ko ekainaren 23a

Irati Azpeitia Iraolaren argazkia

«Hizkuntzalari Euskaldunen VIII. Topaketa: Elebitasuna neurozientziaren begiradatik» jardunaldia antolatu du UEUren Hizkuntzalaritza Sailak Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Elebitasunari eta bigarren hizkuntzen ikaskuntzari buruzko ezagutza zientifikoa jendarteratzea du helburu nagusia eta jardunaldiaz hitz egiteko izan gara antolatzaileetako batekin, Irati Azpeitia Iraola (Zarautz, 2001) hizkuntzalariarekin.

Elebitasunean jarriko duzue azpimarra aurtengo topaketan. Zergatik?

Hizkuntzalari Euskaldunen II. Topaketan eleaniztasunean jarri genuen arreta. Pasa dira 10 urte luze, eta oraindik ere orduko kezka eta hausnarketa askok gaurkotasun osoa dutelakoan gaude. Oraingo honetan, eleaniztasunean baino gehiago, elebitasunean jarri dugu arreta gai hau funtsezkoa delako gure gizartean. Euskal Herria lurralde elebiduna da aspalditik, eta pertsona elebidun eta eleaniztunak gure gizarteko gehiengo garrantzitsua dira. Hala ere, elebitasunaren inguruan mito eta uste oker asko daude eta horiek argitzea da gure helburuetako bat. Gainera, elebitasunak abantaila sozial, komunikatibo eta pertsonalak eskaintzen ditu, eta horiek aztertu eta ezagutarazi nahi ditugu. Azkenik, hezitzaile eta hizkuntzalari elebidunentzat ere garrantzitsua da elebitasunaren inguruko ezagutza zientifikoa izatea, beren eguneroko jardunean erabili ahal izateko.

Euskal Herria lurralde elebiduna den arren elebiduna izatearen inguruan ezjakintasun kolektiboa dagoela diozue. Zerk eraginda?

Ezjakintasun kolektiboa aipatzen denean, euskal lurraldeak elebiduna izateari buruz duen ezagutza faltari egin nahi zaio erreferentzia. Euskal gizartea, ehuneko oso handi batean, gizarte elebiduna da naturalki, baina hizkuntzaren ikaskuntza egokiari buruz ez da asko ezagutzen. Gainera, azken hamarkadan atzerriko hizkuntzen ikaskuntza familia eta hezkuntza-proiektu askoren erdigunean jarri den arren, pertsona asko dira eleaniztasunak haurraren garunean dituen eraginak ezagutzen ez dituztenak.

Ezjakintasun horretan hainbat aspektuk eragin dezakete, baina sare sozialen erabileraren ondorioz, modako edozein kontzepturen inguruan zientziak onartu gabeko ikuspuntuak eta mitoak zabaltzen hasi dira. Neurohezkuntzako aditu batzuek diotenez, «infotoxikatuta» bizi gara eta horregatik beharrezkoa da neurohezkuntzatik ebidentzia zientifikoa jendartera iristeko aukerak eskaintzea (Forés eta Bueno, 2018).

Elebitasuna lau begirada desberdinetatik landuko duzue.

Bai, aurtengo Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketako egitaraua «Hezitzaile Elebidunaren Dekalogoa» abiapuntu gisa hartuz antolatu da eta bertako lau ildo nagusiak jorratuko dira: elebitasunaren mitoen bilakaera, elebidun motak, bigarren hizkuntzen jabekuntza-prozesuak eta elebitasunaren eragina zahartze osasuntsuan. Begirada hauetako bakoitza aurkezteko, gaian aditua den euskal ikertzaile bat gonbidatu dugu, dekalogoan aipatzen diren ideiak jorratzeko eta aberasteko.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Jardunaldiaren helburu nagusia elebitasunari eta bigarren hizkuntzen ikaskuntzari buruzko ezagutza zientifikoa jendarteratzea da, elebitasunaren inguruko uste okerrak eta mitoak zuzenduz.

Bestalde, bi urtez behin egiten dugun jardunaldi honen helburu nagusia euskal hizkuntzalarien bilgune izatea da. Topaketa aukera ezin hobea da elkar ezagutzeko, ideiak partekatzeko eta etorkizuneko proiektuak elkarrekin lantzeko.

Nori dago zuzenduta?

Topaketa hau hizkuntzalari euskaldunei bideratuta dago, Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak hizkuntzalarien elkargune izateko helburua duelako. Horrez gain, aurtengo topaketa hezitzaile elebidun guztiei eta elebitasunaren gaian interesa duen edonori irekita egongo da.

Jakintza-arloak