«Irakaslearen ongizateak hezkuntza-praktikaren parte izan behar du»

2026ko urriaren 8a

Joseba Miranda Rosón eta Ilargi Zaballa Pereiroren argazkia
Joseba Miranda Rosón eta Ilargi Zaballa Pereiro

«Irakaslearen ongizatea hezkuntza-paradigma berrietan:higadura profesionalari aurre egiteko tresnak» ikastaroa emango dute UEUrekin Joseba Miranda Rosónek (Larrabetzu, 1984) eta Ilargi Zaballa Pereirok (Algorta, 1983). Iruñean da hitzordua, urriaren 17an, eta, egunerokotasunean osasun mentalean eragina izan dezaketen (mikro)jarrera/egoera horiei aurre egiteko praktiketan jarri nahi dute fokua. Miranda, Psikologian graduatua (EHU) da eta Zaballa, berriz, doktorea Psikodidaktikan, Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktiketan (EHU). Haiekin izan gara.

Zer da burn-out sindromea?

Burn-out sindromea edo laneko higadura profesionala denboran zehar mantentzen den estresaren, gainzamaren eta norberaren beharrekiko deskonexioaren ondorioz ager daitekeen prozesua da. Gure ikuspegitik, burn-outa ez da soilik sintoma multzo bat. Pertsonari osotasunean begiratu beharra dago: gorputza, emozioak, pentsamenduak, harremanak eta testuingurua. Batzuetan gorputzak esaten duena entzuteari uzten diogu eta aurrera jarraitzen dugu paratzea aukera bat izango ez balitz bezala. Gure proposamenaren abiapuntuetako bat hori da hain zuzen ere: batzuetan, aurrera jarraitzeko, gelditzea baino ez dago.

Zer ondorio ekar ditzake?

Burn-outak pertsonaren hainbat eremutan izan dezake eragina: neke fisiko eta emozionala, suminkortasuna, motibazio-galera, kontzentrazio-zailtasunak, frustrazioa edo despertsonalizazioa, esaterako. Hezkuntzan gainera, beste erronka batekin egiten dugu topo: edukiak ez ezik, presentzia eta harremanen bidez ere hezten dugu. Nola gauden, hala gaude besteekin. Irakaslea nekatuta, tentsioan edo etengabeko alerta-egoeran dagoenean, norbanakoan eragina dauka baina baita ikasleekin, lankideekin eta hezkuntza-komunitate osoarekin ere. Horregatik, irakaslearen ongizateak hezkuntza-praktikaren parte izan behar du kalitatezko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak bermatu nahi baditugu.

Prebentzioa, esku-hartzea... Non jarriko duzue fokua?

Ikastaroak prebentzioan jartzen du arreta. Egunerokotasunean gure osasun mentalean eragina izan dezaketen (mikro)jarrera/egoera horiei aurre egiteko praktiketan. Burn-outa ez da berehalako gorputzaren erantzun bat, ez da egun batetik bestera gertatzen den sindromea, baizik eta denboran zehar sostengaturiko estresaren ondorioa. Hori horrela izanik, prebentziorako tresnak eta baliabideak eskuratuz, burn-outari aurre egiteko mekanismo eraginkorrak baliatu ditzakegu.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuena?

Hezkuntzak bizi duen paradigma-aldaketaren ondorioz, irakasleak gero eta erronka gehiagori erantzun behar dio: familia-dinamika aldakorrak, gainzama burokratikoa, ikasleen behar ezberdinak, aldaketa metodologikoak edota osasun mentalari loturiko gaitzak, esaterako. Testuinguru horretan, ikastaro honen xedea hau da: neke emozionala eta burn-out arriskuak azaleratu eta gero, hori gerta ez dadin babes-praktika egingarriak bideratzea. Praktika horietatik abiatuz, norbanakoaren aldaketak, aldaketa sistemikoetan gauzatzea izango da azken helburua.

Nori dago zuzenduta?

Irakasleei zuzenduta dago, hezkuntza-etapa edozein izanik.

Nabarmentzeko zerbait?

Ikastaroak alde teorikoa izango duen arren, izaera praktikoa izango da protagonista irakasleak baliabideak eta tresnak bereganatze aldera.

Gure proposamenean pertsona osotasunean ekartzen dugu erdigunera ikuspegi holistiko eta humanista batetik abiatuz. Horregatik, erabateko arreta, gorputz-kontzientzia, neurozientzia, teoria polibagala eta ko-erregulazioa uztartzen ditugu.

Ez dugu ongizatea, norbanakoaren zaintza eta osasun mentala beste helburu akademiko bat bilakatu nahi: ongizatea esperimentatzeko espazio bat sortu nahi dugu.

Jakintza-arloak