INGUMA datu-baseak Interneteko ARGIA saria irabazi du

2026ko otsailaren 2a

INGUMA datu-baseak Interneteko ARGIA saria irabazi du
Ezkerretik eskuinera: Oskia Agirre Orbegozo, Goiaz Elgezabal Monasterio, Marije Bidaguren Ajuria-Auzokoa eta Ane Sarasua Aranberri. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

INGUMAk, euskal komunitate-zientifikoaren datu-baseak Internetako ARGIA saria irabazi du. Pasa den ostiralean Usurbilen egin zen ekitaldian eta banatu ziren sei sarietatik bat UEUren datu-basearentzat izan da.

INGUMA datu-baseak iaz 25 urte bete ditu unibertsitate mailako euskarazko produkzioaren bilgune eta erakusleiho izaten. 2000. urtean sortu zuen proiektu hau, azken 60 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko asmoz. Proiektu honen helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitate mailakoa eta euskaraz), gizartearen esku jartzea, komunitate zientifiko-intelektualari ikusgarritasuna ematea eta euskarazko ikerketa zabaltzeko baliabide bat eskaintzea. Une honetan 14.342 egile, 48.508 dokumentu eta 220 erakunderen erreferentzia topatu ditzakegu bertan, klik batera.

Ekitaldian parte hartu dute Ane Sarasua Aranberrik, UEUko Idazkari Nagusiak; Oskia Agirre Orbegozok, UEUko Talde Eragileko kideak; Marije Bidaguren Ajuria-Auzokoak UEUko Datu-Baseen batzordeko kideak eta Goiaz Elgezabal Monasteriok, INGUMA datu-baseko teknikariak. Eskerrik asko ARGIAri eta eskerrik asko INGUMA datu-basea posible egin duzuen eta egiten duzuen guztioi!

Hemen ikusi ditzakezue ARGIAk eman dituen arrazoiak saria emateko.