«Indarkeria matxista kudeatzeko bide erreparatzaile eta eraldatzailea sozialki aktibo dagoen bidea da»

2026ko ekainaren 26a

Oihane Mendizabal Bernabeu eta Eider Goiburu Morenoren argazkia Iruñeko kaleetan
Oihane Mendizabal Bernabeu eta Eider Goiburu Moreno

«Justizia eraldatzailea praktika feministetan. Bada beste modu bat» jardunaldia egingo da Iruñean, ekainaren 26an, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Justiziari eta indarkeria matxistari buruz elkarrekin hausnartzeko espazio kolektibo bat sortzea du helburu eta haren inguruan hitz egiteko izan gara UEUko Berdintasun Batzordeko kide birekin, Eider Goiburu Morenorekin (Orio, 1980) eta Oihane Landazabal Bernabeurekin (Algorta, 1994).

Duela urte-bete jarri zen martxan eraso matxistak kudeatzeko UEUren protokoloa. Haren aurkezpena egingo duzue jardunaldian.

Protokoloa martxan jartzeko lehen urratsa, ezinbestean, zabalpena egitea izan da. Protokolo bat ez da dokumentatze-ariketa hutsa, presente egon behar du, eta zentzua hartzen du soilik komunitateak horren berri duenean. Izan ere, kontzientziaziorako eta sentsibilizaziorako tresna ere bada; konbentzituta gaude gaiarekiko tentsio positiboa mantentzen laguntzen duela. Beraz, lehen-lehenik, protokoloa sozializatzeko moduak bilatu eta bitartekoak sortu ditugu. Eta, egia esateko, harrera oso ona izan duela uste dugu, edo halaxe jaso dugu, behintzat. Hainbatek adierazi dute seguru(ago) sentiarazi dituela protokoloa dugula jakiteak, eta horrek espazio eta giro osasuntsuagoak elikatzen dituela uste dugu. Horixe dugu helburu nagusia. Eta bitartean, bidean sortu ohi diren erronketatik ikaspenak ateratzen jarraituko dugu.

Justizia errestauratiboan oinarritutako protokoloa da UEUrena. Zertan datza?

Justizia errestauratiboan du oinarria, bai. Justizia tradizionalaren ikusmolde eta prozedura punitiboak gaindituko dituen bestelako eredu bat proposatzen du justizia errestauratiboak, zigor-sistema alboratu eta birbiktimizazioa ekiditeko asmoz.

Nola edo hala, protokoloaren filosofia alde biko txanpon gisa ulertzen dugu: erreparazioan jartzen du arreta, eta maila berean funtzio eraldatzailea ere badu. Eta zer esan nahi du horrek? Bada, helburu duela, batetik, erasoa egin duenarengan eraldaketa-prozesu bat eragitea, deseraikitze eta birgizarteratze feminista ahalbidetuz; bestetik, erasoa jasan duenarengan zein komunitatearengan sortu diren minak osatzea edo erreparatzea; eta ez errepikatzeko bermeak jartzea, azkenik.

Justizia errestauratiboari begiratzeko modu desberdinak ekarriko dituzue jardunaldira. Zergatik da garrantzitsua?

Gaiari begiratzeak berak badu garrantzia. Indarkeria matxista egiturazkoa den heinean gure egunerokotasunean presente dago eta hori kudeatzeko modu ezberdinak daude. Egungo egoera eta testuinguru soziopolitikoak, gainera, erreakzioen aurrean eraldaketan ardaztuko diren jardunak behar ditu. Guk, bide erreparatzaile eta eraldatzailea hartu dugu eta bide horretan kokatzen diren aditu eta arituen ezagutza eta esperientzia partekatzeko plaza sortu nahi dugu.

Horregatik guztiagatik, justizia errestauratibo eta eraldatzaileen ezagutza teorikotik zein praktika gorpuztuetatik begiratuko diogu gaiari. Aldi berean, lurraldetasunak zeharkatutako begiradak ere ekarri nahi izan ditugu. Hau da, Espainiako estatuak zein Frantziako estatuak ezartzen dituzten markoetatik egingo dugu azterketa.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Indarkeria matxista kudeatzeko bide erreparatzaile eta eraldatzailea sozialki aktibo dagoen bidea da. Guk ere beste eragile, erakunde zein norbanakoengandik jaso dugu eta hortik sortu dugu gure protokoloa. Jardunaldien asmoa bide hori elikatzea da. Hau da, espazio kolektibo bat sortzea justiziari eta indarkeria matxistari buruz elkarrekin hausnartzeko, justizia-eredu hori lurreratzeko moduak ezagutu zein eraikitzeko, eta dakartzan erronkak identifikatu eta estrategiak pentsatzeko.

Aldi berean, espazio horrek bide erreparatzaile eta eraldatzailea hartu dutenen elkar ezagutza eta saretzea ahalbidetuko duela pentsatzen dugu.

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen oro gonbidatuta dago. Oso gune interesgarria izango da guztiontzat baina zehazki justizia errestauratiboan oinarritutako protokoloak landu dituzten, lantzen ari diren edo landu asmo dutenentzat bereziki aberasgarria izan daitekeela pentsatzen dugu.

Zerbait nabarmentzeko?

Jardunaldiaren ibilbidea bera nabarmendu nahiko genuke. Jardunaldiaren eraikuntza-prozesuan, ezagutza teorikoa, gorpuztua eta kolektiboa hartu nahi izan ditugu kontuan. Hori dela eta, hasteko justizia errestauratiboaren kontzeptua bera kokatuko duen mahai-ingurua antolatu dugu. Jakintza akademikoa zein esperientziala duten aditu eta arituak gonbidatu ditugu mahai-ingurura: Maria del Rio, Joana Falxa eta Salhaketako kideak. Ondoren, Laura Macayaren Gatazka eta abusua ez dira gauza bera liburuaren hausnarketa kolektiboa egingo dugu Amaia Astobizaren bidelaguntzarekin. Horrela, indarkeriak ulertzeko manerak eta horiek eragiten dizkiguten emozioak aztertuko ditugu. Amaitzeko, UEUren protokoloa aurkeztuko dugu eta indarkeria matxista kudeatzeko modu erreparatzaile eta eraldatzaileak arakatuko ditugu Emaginek gidatuko duen tailerrean.

Jakintza-arloak