Iñaki Alegria Loinaz: "Lan-munduan “Eraldaketa digital” alorreko profilak oso bilatuak dira eta adituen falta dago"
2025eko irailaren 9a

“Eraldaketa Digitalerako gakoak” ikastaro-sorta jarri du abian lehenengoz UEUren GOI ikastegiak. Online modalitateko ikastaroak dira, 40 ordukoak eta lehena urriaren 1ean bertan hasiko da: "Eraldaketa Digitalerako gakoak: Algoritmika eta datuak". Iñaki Alegria Loinaz aritu da programaren diseinu-lanetan eta harekin izan gara ikastaroen inguruan gehiago jakiteko. Informatikan doktorea da Alegria, Hizkuntza Teknologian eta IKTetan aditua. Ixa taldeko sortzailetako bat da eta UEUko Talde Eragileko kidea.
Esparru desberdinetako profesionalak arlo digitalean trebatzeko beharretik sortu da ikastaro-sorta. Zein da egoera?
Lan-munduan “Eraldaketa digital” alorreko profilak oso bilatuak dira eta adituen falta dago. Ohiko titulazioetatik (informatika, telekomunikazioak...) ez da aditu nahikorik formatzen, eta hutsune hori betetzeari begira sortu dugu master profesionala izatera bideratutako ikastaro-sorta hau. Etengabeko formazioaren esparruan dago eta Europako “kredentzial”en sistemarekin bat egin nahi du.
Lau arlo nagusitan eskainiko da formazioa. Zeintzuetan? Eta zergatik horietan?
Lau esparruak hauek dira: 1) oinarri teknologikoa (Internet eta segurtasuna), 2) enpresa digitala, 3) komunikazioa eta 4) adimen artifiziala eta datu-analisia. Azken hiru arloetan egokitzeko eta espezializatzeko aukera emango dugu kredentzialak bildu ahala, norberaren prestakuntzaren eta helburuen arabera. Arrazoia ikasle potentzialen prestakuntzan bilatu behar da, baita enpresen beharretan ere, eremu digitalean betebehar eta zeregin desberdinak baitaude eta gehienak arlo horiekin identifika daitezke.
Lotura duten ikastaroak dira baina independenteki egin daitezkeenak.
Bai, ikasleak banakako ikastaroak egin ditzake, baina esan bezala ikastaro-sorta bat da profil profesional bat osatzeari begira. Urte batean egiten ez diren moduluak hurrengo urteetan beste modulu batzuekin osa daitezke. 2025-26 ikasturtean lau ikastaro eskainiko ditugu: 1) Algoritmika eta datuak; 2) Datuen komunikazioa; 3) Zibersegurtasuna eta 4) Marketin digitala. Hurrengo ikasturteetan aukera zabalagoa izango da.
Ikastaroak online emango dira UEUren Ikasgela Birtualaren bitartez. Zein izango da metodologia?
UEUk eskarmentu handia du online metodologian, eta bertan pedagogiak teknologiak baino garrantzi handiagoa du. Ikaslea talde baten parte izatea eta beti ikaskideekin eta tutorearekin lagunduta sentitzea dira metodologia horren funtsa. Horrez gain, bai ikastaroaren diseinua egitean, baita adituak eta praktikak bilatzean ere, inguruko enpresen eta erakundeen lankidetza lotu dugu.
Nori dago zuzenduta?
Ikasle potentzialak bi multzotan bana daitezke. Batetik, ohiko titulazioetako (zientziak zein giza eta gizarte-zientziak) graduatu berriak, gazteak, sentitzen dutenak eremu digitalean formazio falta dutela, edo lanbidea ildo horretatik bideratu edo osatu nahi dutenak. Enpresetako praktikekin osatuko lukete formazioa. Eta bestetik, lanean ari direnak eta gai hauetan sakondu nahi dutenak, edo duten eskarmentua titulu batekin osatu nahi dutenak.
Nabarmentzeko zerbait?
Lehen aldia da halako “master profesional” bat abiatzen dugula, eta apustu handi samarra da halako egitasmo bat euskaraz gauzatzea. Zorionez administrazioaren eta euskalgintzaren babesa izan dugu prestaketa-lan guztietan, eta orain ikasle potentzial horiek animatzea da hurrengo urratsa. Funtsezkoena.
Interesa piztu badizu, deitu edo idatzi, batere konpromisorik gabe, kontaktu honetara: i.lopez@ueu.eus (Izaskun López Núñez) edo deitu (+ 34) 943 82 14 26 telefono-zenbakira.