Iker Eizagirre Agirregomezkorta: "Euskal Herrian eskuin muturraren presentzia organikoa oso minoritarioa bada ere, aztertu beharko genuke ideia horiek zenbateraino barneratu diren"
2025eko ekainaren 13a

"Badago alternatiba! Taupada atzerakoiari Euskal Herrian aurre egin" jardunaldia antolatu dute elkarlanean Iratzar Fundazioak eta UEUk. Hitzordua ekainaren 13an da, Eibarren. Iker Eizagirre Agirregomezkorta (Eibar, 1996) da antolatzaileetako bat, Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoan da graduatua eta Iratzar Fundazioko kidea. Harekin izan gara.
Zer da taupada atzerakoia?
Balio atzerakoien hedapenaz eta eskuin muturreko alderdien indartzeaz ari gara. Erreakzio global bat da, eskuineratze orokor bat ekarri duena. Fenomenoaren ondorio agerikoena alderdi horiek lortzen dituzten hauteskunde-emaitzak badira ere, harago doa, eta, era batera edo bestera, gizarte osoa bustitzen du.
Badago halakorik Euskal Herrian?
Esan dezakegu Euskal Herrian antigorputzak badaudela. Alde batetik, badago tradizio antifaxista, batik bat, abertzaletasuna antifaxismoarekin lerratu izan delako. Eta bestetik, badaude sen eta praktika komunitario sendoak, herri-izaera eta baita mugimendu ezkertiar eraldatzaile indartsuak (sindikatuak, mugimendu feminista...) ere. Horrek guztiak ideia atzerakoien zabalkundea eta mugimendu horiekiko lerratzea zaildu egiten du.
Hala ere, Euskal Herrian eskuin muturraren presentzia organikoa oso minoritarioa bada ere, eta hauteskunde-emaitza eskasak lortzen badituzte ere (Ipar Euskal Herria kenduta), aztertu beharko genuke ideia horiek zenbateraino barneratu diren.
Sentsazioa bada ideia horiek komunikabide eta sare sozialetatik etengabe jasotzen ditugula eta, zoritxarrez, Euskal Herrian ere eragina izan dutela. Gaurdanik ideologikoki lehiatu behar dugu.
Nola aurre egin?
Euskal Herrira begirako estrategiak pentsatu behar ditugu, aurretik azaldutako egoerara egokitzen direnak.
Euskal Herria ez dago salbu, baina badago gaitasun politiko nahikoa eta badaude baldintzak bestelako jendarte bat posible egiteko. Horregatik, iruditzen zaigu faxismoari aurre egiteko markoa guretzat mugatzailea dela. Ezin gara soilik erantzun-dinamiketan gelditu. Esan bezala, badugu gaitasun politiko nahikoa termino eraikitzaile eta eraldatzaileetan borrokatzeko.
Bi ardatz hartu behar dira kontutan aurre egiteko. Batetik, Euskal Herria abertzale eta ezkertiarragoa bilakatzeko borrokak barnebiltzen du borroka antifaxista eta, ondorioz, norabide horretan egiten ditugun dinamikak indartu behar ditugu. Antifaxismoa egunerokoan instituzio komunitarioak indartuz, kulturarteko espazioak sortuz, jai herrikoiak antolatuz, mugimendu feminista indartuz, auzolanean egindako proiektuak sustatuz... egiten da. Eta bestetik, instituzio publikoetatik boterea eta aberastasuna birbanatzeko politikak egin behar ditugu. Desberdintasun sozialak borrokatzeko instituzioek funtsezko papera dute.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?
Hasteko, taupada atzerakoia zer den eta indartzeko baldintzak zeintzuk izan diren definituko dugu. Eta ondoren ideien lehian zentratuko gara. Horretarako, Euskal Herrian ideien lehiarako ditugun tresnei erreparatuko diegu eta euskal gizartea nola eraldatu pentsatuko dugu. Jardunaldiaren helburua litzateke taupada atzerakoiari aurre egiteko estrategiak pentsatzea eta bataila ideologikoa pentsatu eta diseinatzea.