"Ikastaro honetan programazioaren oinarrizko kontzeptuak landuko dira Python programazio-lengoaia erabiliaz"

2025eko irailaren 25a

"Ikastaro honetan programazioaren oinarrizko kontzeptuak landuko dira Python programazio-lengoaia erabiliaz"
Olatz Perez de Viñaspre Garralda eta Joseba Fernandez de Landa Aguirre (Argazkia: HiTZ zentroa)

Eraldaketa Digitalerako gakoak” ikastaro-sorta jarri du abian lehenengoz UEUren GOI ikastegiak. Online modalitateko ikastaroak dira, 40 ordukoak eta lehena urriaren 1ean bertan hasiko da: "Eraldaketa Digitalerako gakoak: Algoritmika eta datuak". Olatz Perez de Viñaspre Garralda (Gasteiz, 1987) eta Joseba Fernandez de Landa Aguirre (Gasteiz, 1989) izango dira irakasleak eta haiekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko. Perez de Viñaspre ingeniari informatikoa da eta doktorea Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan. EHUko irakasle agregatua da, HiTZ zentroko kidea eta UEUkidea. Fernandez de Landa, Soziologian lizentziatua da eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan doktorea. HiTZ zentroan da doktoratu ondoko ikertzailea.

Esparru desberdinetako lanpostuetan programatzeko gaitasuna eskatzen hasi dira. Formatu beharra dago...

Bai, halabeharrez. Egia da, gaur egun Adimen Artifizialaren laguntzarekin (ChatGPT, Claud, Gemini eta lagunak), oinarrizko programazioa edozeinentzat eskura jarri dela. Baina praktikan ikusi dugu, oinarrizko programazio-ezagutzarik ez baduzu, itsu-itsuan ibil zaitezkeela tresnek sortutako kodea probatzen. Horregatik, gaur egun ere, algoritmoak sortzeko oinarrizko ezagutzek behar-beharrezkoak izaten jarraitzen dute, eta jarraituko dute. Beharbada ez kodea hutsetik sortzeko, baina tresna aurreratuek proposatzen duten kodea ulertu eta dituzten gabeziak identifikatu ahal izateko lehen urratsa da.

Ikastaroan programatzen ikastea izango da helburua eta horretarako Python programazio-lengoaia erabiliko duzue. Zergatik Python?

Azken urteetan Python programazio lengoaia nagusi bihurtu da scriptak egiteko. Scriptak programa txikiak dira, ez dutenak interfaze txukunik behar, ez eta erabilera konplexurik ere. Zerbait zehatza egiteko sorten dira scriptak, ez mugikorreko edo ordenagailuko ohiko aplikazio handietarako. Adibidez, datuak hartu, eta horien gainean kalkulu/moldaketa/bistaratze batzuk egin behar baditugu, Python-ek erraztasun handiak eskaintzen dizkigu, baita ataza oso-oso konplexuak gauzatzeko ere. Gaur egunean horren modan dauden Hizkuntza Eredu Handiekin (ChatGPT modukoak) lan egitea oso erraza da Python bidez. Ingelesetik oso gertu dagoen lengoaia da, eta ohiko programazio-lengoaiek ez dituzten sinplifikazioek programak egitea errazten du. Horretaz gain, komunitate oso aktiboa dauka, eta etengabe argitaratzen dira bizitza errazagoa egiten diguten liburutegi berriak. Liburutegi horiei esker, programazioa asko-asko errazten da.

Zeintzuk dira erakutsiko diren oinarrizko ezagutzak? Zein da helburua?

Ikastaro honetan programazioaren oinarrizko kontzeptuak landuko dira Python programazio-lengoaia erabiliaz. Ikastaro 4 moduluz osatuta egongo da, oinarrizko kontzeptuak lantzetik hasi eta datu-analisirako teknikak eta azken aplikazio praktiko bat egiteraino iristen direnak. Helburua ez da programatzaile profesional bihurtzea, baizik eta tresna hauek ulertzeko eta eguneroko lanean modu autonomoan erabiltzeko gaitasuna lortzea.

Lehenengo bi moduluetan programazioaren hastapenak landuko dira: datu motak eta eragiketak, funtzioak, baldintzak, begiztak, kateak, zerrendak, hiztegiak eta fitxategiak. Oinarrizko kontzeptu horiek programazioan pentsatzeko eta arazo errazak modu autonomoan konpontzeko gaitasuna emango diote ikasleari .

Hirugarren moduluan, Python-eko liburutegi ezagunenetako bat den Pandas erabiliko da. Liburutegi horrek datu-kopuru handiak modu eraginkorrean antolatu, aztertu eta manipulatzea ahalbidetzen du, datuak zientziarako eta analisi estatistikorako ezinbesteko tresna bihurtuz.

Ikaspen praktikoez gain, azkeneko moduluan proiektu bat egin beharko da. Proiektuan, ikasleek beren autonomia landu beharko dute. Hau da, ikasitako teknikak problema sasi-erreal batean aplikatu beharko dituzte. Horrekin, ikasleek ikasitakoa baliatu eta benetako egoeretan aplikatzeko gaitasunak landu beharko dituzte.

Ikastaroa online emango da. Zein izango da metodologia?

Oso ikastaro praktikoa izango da. Programatu, programatu eta programatu. Hori bai, edukia eta adibideak eskainiko dira prozesuan laguntzeko. Eduki eta gaitasun berriak pixkanaka txertatuz joango gara. Horretaz gain, saio sinkronoak ere egongo dira, eta foroak oso aktibo izatea aurreikusten dugu, ikaslea bakarrik ez sentitzeaz gain, galduta ere senti ez dadin. Saio sinkronoek bereziki asko laguntzen dute hasierako martxa hartzeko.

Nori dago zuzenduta?

Aurretik esan dugun bezala, esparru ezberdinetako langileei bideratuta dago. Ezer ez dakien horietatik hasita, oinarrizko ezagutza bai, baina kontzeptuak sendotzeko beharra duten horietaraino.

Nabarmentzeko zerbait?

Ikastaro honen indargunea da oso praktikoa dela: hasieratik programatzen arituko dira ikasleak, eta ikasitakoa berehala aplikatuko dute benetako adibideetan.

Jakintza-arloak