Idoia Imaz Aramburu: «Bakarrik sentitzeak antsietatearekin eta depresioarekin ez ezik, bizi-kalitatearen pertzepzio okerragoa izatearekin ere lotura du»

2026ko ekainaren 17a

Idoia Imaz Arambururen lehen planoa

Bakardadeak pertsona nagusien osasun fisiko eta psikoemozionalarekin duen harremanaren azterlana aurkeztu zuen Idoia Imaz Aramburuk IkerGazte kongresuan (Beasain, 1980). Erizaintzan diplomatua da (EHU) eta masterrak ditu Erizaintzako Kudeaketa eta Irakaskuntzan (EHU) eta Zahartzaro Osasuntsua eta Bizi Kalitatean (EHU). Doktorea da Ikerkuntza Biomedikoan eta egun EHUn dihardu irakasle-ikertzaile. Azterlanaz hitz egiteko izan gara harekin.

Bakardadearen sentimenduak nagusien osasunarekin duen lotura aztertu duzu. Nola sortu da ideia?

Azterlan hau 2023an aurkeztu nuen doktore-tesiaren helburu espezifikoetako bat da. Bakardade-sentimenduak 60 urtetik gorako pertsonen osasunean duen eragina sakonago aztertzeko interesetik abiatu da. Izan ere, literatura zientifikoak osasun-arazoek bakardadea eragin dezaketela adierazi badu ere, alderantzizko efektuari buruzko ezagutza urriagoa da, bereziki egoitzetan bizi diren pertsonen testuinguruan, komunitatean bizi direnekin alderatuta.

Zer adierazle hartu dituzu horretarako kontuan?

Lehenik eta behin, bakardadea baloratu da aldagai aske bezala, Europa mailan nagusietan bakardadea neurtzeko balioztatuta dagoen Gierveld eskala erabiliz. Bestalde, mendeko aldagai gisa osasun fisikoari lotuta, egoera funtzionala eta fisikoa baloratu dira, Short Physical Performance Battery eta Lawton eta Brody eskalen bitartez, eta osasun psikoemozionalarekin lotuta, antsietatea eta depresioa bahetu dira, EADG eskalaren bitartez. Bizi-kalitateari buruzko pertzepzioa COOP WONKA galdetegiaren bidez baloratu da.

Zein izan da ikerketarako metodologia?

Azterlana zeharkakoa eta deskribatzailea da. Lagina Bizkaiko eta Gipuzkoako 65 urtetik gorako 272 pertsonak osatu dute. Horietatik 126 egoitzetan bizi dira, eta 146 komunitatean, modu independentean. Behin etika-batzordearen onespena jasota eta egoitza eta gizarte-zentroekin kontaktua eginda, datuak parte-hartzaile bakoitzarekin aurrez aurreko bi elkarrizketa-saiotan jaso dira eta 27.0 SPSS programa estatistikoarekin aztertu dira.

Zer eragin ditu bakardadeak nagusien osasun fisiko eta psikoemozionalean? Zer erakutsi dute emaitzek?

Bakardadeak osasun fisikoarekin harremana duela ikusi da, egoera funtzional okerragoarekin hain zuzen, eta bakarrik sentitzeak antsietatearekin eta depresioarekin ez ezik, bizi-kalitatearen pertzepzio okerragoa izatearekin ere lotura duela behatu da aurretik argitaratutako hainbat ikerketaren emaitzekin bat eginez.

Eragina desberdina da egoitza-eremuan edo komunitatean bizi diren nagusietan?

Azterlan honetan ez da egoitza-eremuan eta komunitatean jasotako datuen arteko konparaketarik egin, pertsona nagusien bizilekua zein osasun-egoera desberdina baita. Hortaz, bi errealitateak barneratuz, bakardadeak 60 urte edo gehiagoko pertsonen osasunean izan dezakeen harremana islatu nahi izan da.

Bakardadearen batez besteko puntuazioak Gierveld eskalan (0-11 puntu) handiagoak izan dira egoitzetan (4,58±2,39 emakumeetan eta 4,83±2,42 gizonetan) komunitateko nagusietan baino (2,93±2,37 emakumeetan eta 2,84±2,14 gizonetan). Bi inguruneetan, bakardadea eguneroko jarduerekiko mendekotasun handiagoarekin lotzen dela ikusi da. Hala ere, desberdintasun bat ikusi da komunitateko emakumeen artean gizonetan behatu ez dena. Bakardadea ibilera-abiadura motelagoarekin lotu da eta eragin hori ez da hauteman egoitza-eremuko emakumeetan. Bestalde, bakarrik sentitzea antsietatearekineta depresioarekin bat egin dezaketen zeinuak izatearekin erlazionatu da egoitzakozein komunitateko nagusietan, nahiz eta emakumeetaneta gizonetan eragina desberdina izan den.

Datuek bakardade-sentimendu horren aurrean emakumeak zaurgarriagoak direla erakutsi dute...

Bakardadeak emakumeen osasun psikoemozionalean duen eragina nabarmendu da emaitzetan. Egoiliarretan zein komunitatean bizi direnetan antsietatearekin bat egin dezaketen zeinuekin behatutako harremana emakumeetan gizonetan baino sendoagoa izan da. Bestalde, azterlaneko emaitzek arrakala argi bat islatu dute: bakardadearen eta depresioaren arteko harremana estatistikoki esanguratsua izan da bi inguruneetako emakumeen artean, eta hori ez da gizonetan ikusi. Dena den, ezin da erlaziorik ez dagoela baieztatu, neurri batean gizonezkoen lagina txikiagoa delako. Kulturari dagokionez, emakumeek sentimenduak gehiago adierazteko joera dutela iradokitzen da; gizonek, berriz, hizkuntza arrazionalagoa erabiltzen dutela adierazi du literatura zientifikoak, eta itxuraz erregulazio emozional handiagoa dutela.

Zer egin bakardade-sentimenduari aurre egiteko? Proposamenik egin duzue? Zeinek izan beharko luke hurrengo urratsa?

Diseinua zeharkakoa eta deskribatzailea den aldetik, oraindik gaiaren inguruan sakontzea falta da. Bakardadea esperientzia subjektiboa da eta pertsona bakoitzak desberdin bizi du. Beraz, oraindik tartea geratzen da honen inguruko bizipena ikertzeko eta prebentzioa sustatzeko. Metodologia desberdinak erabil daitezke egungo informazio falta arintzeko, bereziki egoitza-eremuan. Dena den, lortutako ezagutza txikia bada ere, bakardadea prebenitzeko esku-hartzeak diseinatzeko erabiltzea da xedea. Nolabait, lortutako ezagutza pertsona nagusien eguneroko bizitzan aplikatzea.


Zergatik dibulgatu ikertzen den hori?

Kasu honetan adinekoen errealitateari ikusgarritasuna ematea da helburua, aurkikuntza zientifikoak gizarteko eremu desberdinetara zabaltzea eta ahalik eta pertsona gehienetara iristea.


Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Bereziki, ebidentzian oinarritutako esku-hartzeen diseinuarekin hasi nahiko nuke, egoiliarretan bakardade subjektiboko egoerak goiz identifikatzeko eta zaintza-ingurune parte-hartzaileagoa, harremanezkoa eta pertsonarengan oinarritutakoa sustatzeko, dagoeneko pertsona nagusien arretan ardatza dena.

Jakintza-arloak