«Hizkuntza komunitatearen garapen iraunkorraren ardatz nagusietako bat da»

2026ko ekainaren 24a

«Hizkuntza komunitatearen garapen iraunkorraren ardatz nagusietako bat da»
Jone Goirigolzarri Garaizar eta Itziar Inza Perez

«Garapen komunitarioa eta euskararen biziberritzea: elkarguneak eta bidegurutzeak» egingo da ekainaren 30ean Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Jardunaldia Soziolinguistika Klusterraren, EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta EMUNen arteko elkarlanetik garatzen ari den Garapen Iraunkorra eta Euskara ikerketa-proiektuaren baitan sortu da. Jone Goirigolzarri Garaizar (Getxo, 1984) eta Itziar Inza Perez (Donostia, 2000) antolatzaileekin izan gara.

Hizkuntzak komunitatearen garapen iraunkorrean eta ongizatean aktiboki eragiten duten tresnak dira. Hori da jardunaldiaren abiapuntua. Zergatik da garrantzitsua hemendik abiatzea?

Abiapuntu hori funtsezkoa da, hizkuntza ez delako kultur osagarri edo identitate sinbolikoaren adierazpen hutsa. Hizkuntza komunitatearen garapen iraunkorraren ardatz nagusietako bat da. Hizkuntzaren bidez antolatzen dira harreman-sareak, zaintza-moduak, memoria kolektiboa eta tokiko ezagutzen transmisioa. Tokian tokiko hizkuntzak komunitatearen ongizate sozial, afektibo eta politikorako elementu zentrala dira.

Hori horrela izanik ere, garapen iraunkorraren diskurtso hegemonikoek askotan ezkutatu egiten dute hizkuntzaren rol zentral hori, eta baita komunitatearen baitan ematen diren botere-harremanak, desberdintasun estrukturalak zein komunitateen agentzia politikoa. Garapen iraunkorrari buruz hitz egitea hizkuntza kontuan hartu gabe ikuspegi murriztailea da, komunitatearen eguneroko praktikak eta kohesio-mekanismoak ikusezin bihurtzen dituelako. Berriz, hizkuntzatik abiatzeak aukera ematen du komunitatearen ahalduntzea, parte-hartzea eta tokiko gaitasunak erdigunean jartzeko.

Zein da komunitatearen garapen iraunkorraren eta euskararen biziberritzearen arteko lotura?

Bi prozesuen arteko lotura estua da; bata ezin da bestea gabe ulertu. Komunitatearen garapen iraunkorrak dimentsio desberdinak uztartzen ditu: ekologikoa, sozioekonomikoa, politikoa eta kulturala. Azken horretan kokatzen da hizkuntza, baina ez modu apaingarrian, baizik eta komunitatearen jarraituasuna, identitatea eta harreman-sareak egituratzen dituen elementu gisa. Euskararen biziberritzea, beraz, komunitatearen garapen iraunkorraren baldintza da, eta alderantziz, garapen iraunkorrak euskararen erabilerarako espazioak eta funtzio sozialak sortzen ditu.

Hiztun-komunitatea subjektu politiko eta sozial gisa ulertzen denean, argi geratzen da hizkuntza-praktikek komunitatearen agentzia, kohesioa eta bizi-kalitatea indartzen dituztela. Horregatik, euskararen biziberritzea ezin daiteke hizkuntza-politika teknikoen emaitza huts moduan ikusi; komunitatearen antolaketa, parte-hartzea eta tokiko proiektu eraldatzaileen motorra ere bada edo izan daiteke.

Zer ekarpen egin diezaiokete elkarri?

Elkarri egiten dizkioten ekarpenak sakonak eta eraldatzaileak dira. Bi prozesuek elkar elikatzen dute: komunitate sendo batek hizkuntza biziberritzen du, eta hizkuntza biziberrituak komunitatea sendotzen du.

Euskarak komunitatearen garapen iraunkorra indartzen du, kohesioa, konfiantza-sareak eta parte-hartze demokratikoa sendotzen dituelako. Hizkuntzak komunitatearen memoria, tokiko ezagutza eta sormen kolektiboa transmititzeko aukera ematen du, eta horrek garapen iraunkorraren ikuspegi integrala aberasten du. Euskarak, gainera, tokiko ekonomia artikulatzeko gaitasuna du, auzolana eta kooperazioa sustatzen dituelako.

Bestetik, garapen iraunkorrak euskararen biziberritzea indartzen du, hizkuntza eguneroko praktiketan txertatzeko baldintza sozial eta materialak sortzen dituelako. Garapen komunitarioak espazio berriak irekitzen ditu —lan-munduan, zaintzan, kulturan, ekonomian— eta horrek euskararen erabilera erreal eta esanguratsua ahalbidetzen du. Gainera, ikuspegi intersekzionalak hizkuntza-praktiketan eragiten duten desberdintasunak identifikatzeko eta zuzentzeko aukera ematen du, eta horrek hiztun-komunitatea inklusiboago eta sendoago bihurtzen du.

Azken batean, bi prozesuek elkarri egiten dioten ekarpena ez da gehigarri bat: eraldaketa sozial, ekologiko, politiko eta kultural sakon baterako baldintza da. Euskararen biziberritzea komunitatearen garapen iraunkorraren parte da, eta komunitatearen garapen iraunkorra euskararen biziberritzearen oinarrietako bat.

Euskal Herriko hainbat ekimen komunitarioren esperientziak ekarriko dituzue jardunaldira. Zeintzuk?

Jardunaldira Euskal Herriko hainbat ekimen komunitario ekarriko ditugu, bakoitza bere eraldaketa-eredu propioarekin. Jardunaldian gurekin izango ditugu Aiaraldeko Ekintzen Faktoria, Errigora, Bizi!, Olatukoop, Euskoa, Eika, Maitelan eta Lakari. Guztiak dira, neurri batean edo bestean, euskararen biziberritzea eta garapen komunitarioa uztartzen dituzten esperientziak, baina bakoitzak modu eta intentsitate desberdinez egiten du. Gainera, ekimenok testuinguru soziolinguistiko oso ezberdinetan kokatzen dira, eta horrek eragin zuzena du haien egituran, funtzionatzeko moduan eta filosofian. Ez da gauza bera Aiaraldeko eremu erdaldunduan euskara hutsezko komunitate-proiektu bat garatzea, Nafarroako Erriberan elikadura-burujabetza eta hizkuntza uztartzea, edo kooperatibismo urbanoan euskararen presentzia txertatzea.

Horregatik, hain zuzen ere, aberasgarria da hauek guztiak batera izatea: bakoitzak bere errealitatetik ekarpen baliotsua egiten baitio garapen komunitario eta euskararen biziberritzearen arteko elkarguneari. Ikuspegi desberdinak gurutzatzeak begirada osoagoa eta konplexuagoa garatzea ahalbidetzen digu.

Nori dago zuzenduta?

Jardunaldia publiko zabalari zuzenduta dago, baina bereziki komunitate-proiektuetan, hizkuntza-biziberritzean eta gizarte-eraldaketan lanean ari diren pertsona eta kolektiboei. Proiektu komunitarioetan lanean diharduten eragile eta banakakoek euren esperientziak aberasteko eta beste errealitate batzuetatik ikasteko aukera izango dute. Era berean, soziolinguistikan eta euskararen biziberritzean interesa duten ikertzaile zein profesionalak jardunaldiaren edukiekin interpelatuta sentituko dira: hizkuntza-biziberritzea beste begirada batetik ikusteko parada eskainiko baitie. Euskara-teknikariak ere publiko garrantzitsua dira, euren eguneroko lanean baliagarriak izan daitezkeen ikuspegi eta tresna berriak jasoko dituztelako.

Horrez gain, soziologia, antropologia, hizkuntzalaritza edo antzeko arloetako ikasleak ere hartzaile naturalak dira, komunitatearen garapen iraunkorraren eta hizkuntza-praktiken arteko loturak ikuspegi teoriko eta aplikatutik ezagutzeko aukera izango dutelako.

Azkenik, jardunaldia irekia da gaian interesa izan dezakeen eta herrigintzan edo herri-administrazioan lanean diharduen edonorentzat. Izan ere, hizkuntza-biziberritzea eta garapen komunitarioa ez dira sektore jakin baten ardura; komunitate osoari eragiten dioten prozesuak dira, eta horregatik da garrantzitsua askotariko ikuspegiak eta eragile desberdinak elkartzea.

Zerbait nabarmentzeko?

Udako ikastaro hau Soziolinguistika Klusterraren, EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta EMUNen arteko elkarlanetik garatzen ari den Garapen Iraunkorra eta Euskara ikerketa-proiektuaren baitan sortu da. Ikastaroan parte hartuko duten hainbat esperientzia komunitario ikerketa-prozesu horren parte dira, eta azken ikasturtea haiekin batera egindako elkarrizketek, behaketek eta hausnarketa partekatuek eman diote forma neurri handi batean ikastaroaren planteamenduari. Horregatik, jardunaldiak ezagutza akademikoa partekatzeko espazio bat eskainiko du, eta aldi berean, ikerketaren eta komunitateen arteko elkarrizketatik sortutako ikaskuntzak, galderak eta erronkak kolektiboki aztertzeko aukera ahalbidetuko.

Jakintza-arloak