«Hizkuntza ez da bakarrik hitz, egitura eta arau multzo bat; gure gogoaren parte den gaitasuna ere bada»
2026ko azaroaren 23a

Sintaxi-kaiera. Euskararen analisi sintaktikoaren hastapenak liburua argitaratu berri dute Sergio Monforte del Vallek (Barakaldo, 1982) eta Xabier Artiagoitia Beaskoetxeak (Bilbo, 1965). Liburuaren helburua da euskaraz sintaxi teorikoa ikasteko eskuliburu eguneratua eskaintzea, eta baita ikasleei tresnak ematea euskararen sintaxi-egitura sakonago uler dezaten eta ikerketa-lanak irakurtzeko gai izan daitezen ere. Monforte Euskal Filologian lizentziatua da eta Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian doktorea. Artiagoitia ere Euskal Filologian da lizentziatua eta Hizkuntzalaritzan doktorea. UEUk EHUrekin koedizioan argitaratutako liburua da eta eskuragarri dago UEUren webgunean.
Sintaxi-kaiera. Euskararen analisi sintaktikoaren hastapenak liburua argitaratu berri duzue. Nola sortu da ideia?
Ikusi genuen hutsune akademiko bat zegoela sintaxi teorikoaren alorrean. Egia da bazirela euskaraz sintaxiari buruzko lan baliotsuak, baina batzuk, gure ustez, zaharkituta zeuden eta beste batzuk teknikoegiak ziren hasiberrientzat. Gainera, bai Gasteizko bai Baionako ikasleekin izandako hartu-emanetan, sumatu genuen bazegoela beharra euskarazko sintaxi-materiala eguneratzeko. Horrexegatik erabaki genuen gaur egungo unibertsitateko ikasleengan pentsatutako eskuliburu argia eta irakurterraza idaztea.
Nola aztertu sakonago hizkuntzaren egitura?
Gure liburuan aldarrikatzen dugu hizkuntza ez dela bakarrik hitz, egitura eta arau multzo bat. Hori ez ezik, gure gogoaren parte den gaitasuna ere bada. Horregatik, hizkuntzaren egitura sakonago ulertu nahi badugu, perpausak zelan eraikitzen diren aztertu behar dugu, jakina, baina baita ere zergatik diren batzuk onargarriak eta beste batzuk ez.
Gure ikuspuntuaren arabera, sintaxiak hizkuntzaren arkitektura ezkutua aztertzen du. Eta arkitektura horrek, egitura horiek ulertzeak alegia, aukera ematen digu hizkuntza bera hobeto ezagutzeko eta giza gogoan daukagun gaitasuna argitzeko.
Kontzeptu teorikoak argi irakastea ere bada liburuaren helburua. Nola?
Hasieratik ahalegindu gara kontzeptu konplexuak, batetik, prosa ulerterrazean eta, bestetik, modu progresiboan azaltzen. Teoria eta kontzeptu teoriko konplexuak lantzen ditugu, bai, baina etengabe adibideetara jotzen dugu, kontzeptualizazio horiek datuetatik abiatzen direla erakusteko.
Gainera, kapitulu guztietan (azkenengoan salbu) laburpenak, ariketak eta sakontzeko proposamenak txertatu ditugu. Laburpenei esker irakurleak jakingo du ea ikasi nahi duen hori kapitulu horretan dagoen ala ez; ariketen bidez, kontzeptu teoriko horiek praktikan ipintzeko aukera edukiko du. Eta, era berean, alorreko gaietan sakontzeko irakurgaiak proposatu ditugu, irakurle asegabeei gehiago ikasteko baliabideak emateko.
Horiez gain, glosario zabala ere gehitu dugu, irakurleak termino teknikoak modu errazean kontsulta ditzan.
Eta azken kapitulua, gainera, elkarrizketa eran idatzi dugu, liburuko ideia nagusiak modu didaktiko eta atseginagoan berrikusteko.
Hamar kapitulutan antolatu duzue liburua. Zer aurkituko du bertan irakurleak?
Arestian esan bezala, irakurleak sintaxiaren oinarrizko kontzeptuetatik hasten den ibilbide progresibo bat topatuko du.
Hasieran hizkuntza, gramatika eta sintagma-egitura lantzen dira. Beraz, oinarriak ezartzen dira lehenengo kapituluetan. Ondoren, perpaus baten sintaxia zirriborratzen hasten gara. Horretarako, funtsezkoak diren aditzaren egitura edo denborarena eta aspektuarena behar ditugu, baita kasu-sistemak eta ergatibitatea ere, are gehiago euskaraz. Aurrerago, perpaus sinpleetatik haratago goaz eta konplementatzaile-sintagmaren barruan sartzen diren galderak, ezeztapena eta informazio-egitura aztertzen ditugu. Azken kapituluetan xehetasun zenbaitetara jotzen dugu eta izen-sintagmaren egitura, Uztardura Teoria eta kuantifikazio-egiturak jorratzen dira.
Laburbilduz, euskal sintaxi teorikoaren oinarrizko mapa oso bat eskaini nahi du liburuak.
Zer da liburuarekin lortu nahi duzuena?
Batetik, euskaraz sintaxi teorikoa ikasteko eskuliburu eguneratua eskaintzea. Eta, bestetik, ikasleei tresnak ematea, euskararen sintaxi-egitura sakonago uler dezaten eta gaur egungo ikerketa-lanak irakurtzeko gai izan daitezen.
Nori dago zuzenduta?
Gehienbat unibertsitate-mailan hizkuntzalaritzako edo filologiako ikasleei dago zuzenduta. Hala ere, argi daukagu, eta liburuan zehar argi utzi nahi izan dugu, gure liburua ez dela egokia hizkuntzalaritzaz ezer ez dakien publikoarentzat; kapitulurik kapitulu sintaxia deskubrituko du irakurleak, bai, baina hizkuntzalaritza orokorreko hainbat kontzeptu aldez aurretik ezagutzea beharrezkoa izango da, irakurraldi ulerterraza nahi izatekotan. Era berean, liburua ez da alorreko adituei zuzendutako monografia teknikoa ere.
Nabarmentzeko zerbait?
Ez gaude seguru lortu dugun, baina, gramatika kontuetan eta adibideetan behintzat, saiatu egin gara mugaz alde bietako ikasleak aintzat hartzen. Azkenik, eskertuta gaude UEUrekin liburu hau posible egin duen dirulaguntza eman izanagatik.
