«Herri-esperientziaren eta akademiaren arteko elkarlanetik hartzen du zentzua ikerketak»

2026ko ekainaren 22a

«Herri-esperientziaren eta akademiaren arteko elkarlanetik hartzen du zentzua ikerketak»
Ezkerretik hasita: Livio Riboli-Sascor, Lukas Barandiaran San Roman, Loretxu Bergouignan eta Graxi Irigaray.

«Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri-ikerketa, herriarekin, herritik» jardunaldia egingo da gaur Eibarren Biharamunen Lantegiak UEUrekin elkarlanean antolatuta. Biharamunen Lantegia 2011n sortutako kooperatiba da. Ipar Euskal Herrian kokatua da eta Euskal Herrian jarduten du. Ikerketa parte-hartzaile kokatuak bultzatzen dituen eta ikerketa kritikoa sustatzen duen kooperatiba da. Hango kide Lukas Barandiaran San Roman (Donostia, 1995), Loretxu Bergouignan (Makea, 1981), Graxi Irigaray (Azkarate, 1990), eta Livio Riboli-Sascorekin (Lyon, 1983) izan gara.

Ikerketa-guneak batetik, gizartea bestetik. Handia da bien arteko tartea?

Tarte hori hainbat ikuspuntutatik hauteman daiteke. Alde batetik, nork egiten du ikerketa gure gizartean? Ikerketaren ekoizpenaren bueltan egon ohi diren pertsonak estatus sozial altua izan ohi duten pertsonak dira; eta, aldiz, gure gizarteko baztertuak ez dira iristen esfera horretara, ez baita erraza ikerketan karrera egiteko kapital sozial, ekonomiko eta kulturala edukitzea. Beraz, jada hor, bereizketa bat egiten da ikerketaren ekoizpen aldetik, eta baita kontsumo aldetik ere. Bestetik, zer interesetatik egiten da ikerketa? Ikerketa garapen ekonomikoari lotuz gero, ikerketa bideratuko da berehalako etekin ekonomikoa ematen duten jardueretara, eta ez bestelako ekarpena egiten duten arlo sozial eta sozioekonomikoetara, eta hor beste arrakala bat sortzen da, botere ekonomikoa dutenak izango baitira onuradun nagusiak, eta ez gizarte zabala.

Gutxietsia izan da herri-ikerketa?

Herri-ikerketa hainbat modutara defini daiteke, baina horien artean bi elementu ekarri nahi genituzke: bata, herri xeheak eta kolektibo azpiratuek egiten duten jakintzaren ekoizpena eta transmisioa, eta bestea, ikuspegi eraldatzaile batetik egiten den ikerketa. Eta ohiko zientziak, bai, bi elementu horiek gutxietsi izan ditu askotan. Objektibotasuna mantentzeko arrazoiarekin egin izan du maiz; antza, zinezko jakintza frogagarriak emateko ezin duelako edozein eta edonola jasotako jakintza onartu. Herritarrek bildutako jakintzak, adibidez, alboratu egin izan ditu, ez direlako metodologia egiaztagarri batekin bildu. Eta ikerketa militantea ere, eraldaketa-gogoak objektibotasuna zorrotz mantentzea zapuztuko lukeelakoan. Baina finean, baztertze horren atzean jakintzaren gaineko jabetza esklusiboa eduki nahia dago, eta esklusibotasun hori gure gizarteko botere-harremanez eta statu quo-az blai erabili izan da, eta hori birproduzitu du.

Zergatik sortu akademiaren eta herri-esperientzien arteko elkarrizketak?

Uste dugu bi esferek dituztela gauza onuragarriak, eta bakoitzak bere mugak dituela. Baina batez ere uste dugu bien arteko elkarlanetik hartzen duela zentzua ikerketak. Akademiak baditu herri-esperientziak falta ditzakeen elementuak: finantzaketa, azpiegitura garestiak, adituak, esperientzia asko, saretze zabalak, etab. Uste dugu herri-esperientziek ere balioa duten jarduera asko egiten dituztela, baina iruditzen zaigu akademiaren baliabide horiek guztiak herri-esperientzien zerbitzura jartzeak ekarpen handia egin diezaiekeela azken horiei. Eta zientzialarien ikuspegitik ere, ikertzaileentzat onuragarria da ikertzen ari diren gaia bizi duten pertsonekin hartu-emanean egotea, noski.

Zein da horretako bidea?

Ikerketek hainbat fase edukitzen dituzte: ikerketaren proposamena prestatzea; finantzaketa bilatzea; literatura zientifikoa arakatzea; hipotesiak egitea; datuak bildu eta aztertzea; ondorioak ateratzea; etab. Aukera bat litzateke ikerketaren faseen artean txertatzea elkarrizketa-fase bat herritarrekin eta herri-eragileekin.

Gu saiatzen gera elkarrizketa-espazioak sortzen bi horien artean. Eta espazio horiek bi noranzkokoak eta orekatuak izatea. Hau da, ikertzaileak interesatzen zaiona galdetzea eta jasotzea herritarren partetik, baina bueltan ere, ikertzaileek entzun, erantzun eta jarraitu behar izatea herritarrek diotena, galdetzen dutena eta behar dutena.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erronka asko eta askotarikoak daude: zientzialariak konbentzitzea egiteko modu horien onuraz; askatasuna ematen duten finantzaketa-iturriak edukitzea; zintzoak izatea herritarren hitz eta nahiekin —ez erabiltzeko parte-hartzea zuriketa modu gisa—; herritarrak animatzea ikerketa bere egitera…

Nori dago zuzenduta?

Alde batetik, akademian zein inguruko antzeko eragileetan ikerketa beste nolabait egin nahi duten horiei. Eta bestetik, herritarren eta herri-eragileen partetik ere ikerketan eta jakintza-bilketan eta transmisioan interesa duten horiei. Biak bildu nahi ditugu eztabaidatzeko, baina batez ere elkarlanerako aukerak sortzen laguntzeko.

Jakintza-arloak