Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri-ikerketa, herriarekin, herritik.

Aurkezpena
Honako premisa honetatik abiatzen da jardunaldi hau: ikerketa-guneen eta gizartearen arteko bereizketa handia da. Ikerketa-guneek maiz jarduten dute esfera industrial, ekonomiko eta politiko boteretsuen borondate eta errealitateei erantzuten. Hori gutxi ez, eta Donna Harawayk zioen antzera, ohikoan, gizon txuri burges mendebaldarrak egiten du zientzia —edo bederen, gizarte honetako kolektibo azpiratuetatik urrun.
Horren aurrean, zientzia eta ikerketa beste modu batera praktikatzeko borondatea daukagu. Baina, nola egin hori elkarrekin? Bai herriarekin egiten den ikerketa hausnartzeko, eta bai herriak sortzen eta transmititzen duen jakintza gogoetatzeko, iruditzen zaigu garrantzitsua dela elkartu, elkar ezagutu, elkar lagundu, aliantzak sortu, eta elkarrekin lan egiteko moduak eztabaidatzea.
Baina batez ere, elkarrizketak sortu nahi ditugu akademiaren eta herri-esperientzien artean; jakin nahi dugu zerk sortzen dituen distantziak, eta zeintzuk izan daitezkeen elkarlanera eta elkar elikatzeko bideak.
Amaitzeko, aditzera datozenak ere gonbidatu nahiko genituzke parte hartzera —betiere bakoitzak nondik eta zenbat espazio okupatzen duen kontuan edukita ere.
Helburuak
- Herri-ikerketaren inguruan hausnartzea (bai akademiatik zein herri-proiektuetatik).
- Ikuspegi partekatuen inguruko saretzea sustatzea.
- Elkarlana bideratzeko baldintzak ezartzea.
Nori zuzenduta
- Ikerketa modu kritiko batean egiten dutenei.
- Ikerketa herritarrekin eta herritarrentzat egiten dutenei.
- Herri-ikerketa eta transmisio-proiektu independenteei.