Hedoi Etxarte Moreno: «Hallen ariketa sakon ulertuz gero eta gure gaur egungo mundua zorrotz aztertuta, asko ikas dezakegu»
2026ko ekainaren 25a

«Stuart Hall gure garaia irakurtzen. Euskal Herriko Kultur Ikasketa Garaikideetarako Zentro baten bila» jardunaldia egingo da gaur Iruñean, Katakraken. Katakrakek euskaratu duen haren laneko «Kale-lapurretaren politika» atalaren irakurketa kolektiboa proposatu dute gaurko eta Hedoi Etxarte Moreno (Iruñea,1986) eta Ibai Atutxa Ordeñana aritu dira antolaketa-lanetan. Etxarterekin izan gara.
Nor izan zen Stuart Hall?
XX. mendeko pentsalari interesgarrietako bat izan zen. Kultur teorialaria eta soziologoa zen eta marxismoaren tresnak erabili zituen bereziki. Jamaikan jaio zen baina Erresuma Batuan bizi izan zen. New Left Review aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen Perry Andersonekin batera eta, aurretik E.P. Thompson eta Raymond Williamsekin egin zuen lan.
Hallek idatzi zituen sei pieza ekarri ditu euskara Katakrakek liburu formatuan: Kultura, aurkakotasuna eta boterea.
Ibai Atutxak egin zuen hautaketa. Batetik, Hall asko ezagutzen du eta, bestetik, euskarara estreinakoz ekarriko zenez, ardura handia zuen: zer ekarri aurrena, horrek, neurri batean, baldintzatzen duelako egile baten pertzepzioa.
Uste dut oso txukun egin zuela hautaketa, izaera ezberdineko testuak hautatu zituelako eta gai desberdinak lantzen direlako.
Lan horretako «Kale-lapurretaren politika» kapituluaren irakurketa arretatsu kolektiboa egingo da egunean zehar. Zergatik kapitulu horrena?
Stuart Hallen testu askok 1970 eta 1980ko hamarkadetako gertakizun sozial zehatzak lantzen dituzte. Kasu horretan, populazio baten estigmatizazioaren erradiografia egiten du Hallek. Pentsatu genuen, testu kokatu hori ongi ulertuta, zukututa, posible genuela ulertzea gaur egun, prentsa kontserbadorearen bidez bereziki, sortzen diren paniko sozialak, eta horiek aztertzeko tresnak izan ditzakegula. Hallen ariketa sakon ulertuz gero eta gure gaur egungo mundua zorrotz aztertuta, asko ikas dezakegu.
Kultur ikasketen sortzaileetakobat izan zen Hall. Euskal Herriko Kultur Ikasketa Garaikideetarako Zentro baten sorreran lagun lezakete haren ideiek?
Amets handi bat da hori, handiegia segur aski. Baina agian hau da aurreneko aldia horren beharra izendatzen dela, eta abiapuntu bat izan daiteke.
Nori dago zuzenduta?
Hiruzpalau talderi: kultur ikerketa interesatzen zaienei, kazetaritza modu kritiko batean landu nahi dutenei, abagune politikoa zorrotz irakurtzeko tresnen bila ari direnei, oro har kultura, salgaietatik aparte ulertzen saiatu nahi dutenei.
Zerbait nabarmentzeko?
Uste dugu, berez, edonor etorri beharko litzatekeela, gero eta ahots eta buru gehiago, orduan eta interesgarriagoa izango dela.