Haritz Azurmendi Arrue: «Euskararen adierazkortasuna lantzeko egiturazko begirada da ekarri nahi duguna»
2026ko ekainaren 18a

«Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak» jardunaldia egingo da Usurbilen ekainaren 18an eta 19an. Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk elkarlanean antolatutako jardunaldia da. Jakineko kide den Haritz Azurmendi Arruerekin (Albiztur, 1991) izan gara .
Euskararen adierazkortasunean jarriko duzue fokua. Zergatik?
Jakin Jardunaldi guztietan bezala, abiapuntuan galdera batzuk eta kezka sozial batzuk daude. Kasu honetan, euskara bere adierazkortasuna galtzen ari ote den, edo behintzat gero eta gehiago kostatzen ari ote zaigun esanindarra euskaratik biltzea, esparru eta errealitate sozialak euskaratik izendatzea…
Adibidez, naturaltasunaren zenbait irakurketak kezkatzen gintuen: batzuetan ematen duelako naturaltasuna erabiltzen dela bakoitzak jaso duen testuinguru linguistiko horretan geratzeko, izan etxeko euskalkitik atera ezinean edo adierazkortasuna irabazteko erdaren makulu beharrean. Guretzat, ezintasun horiek normalizazio faltaren eta minorizazio-historia baten ondorio dira, askotan naturalizatuta dauzkagunak, baina ez dutenak zertan horrela izan. Bihur daitezke euskararen eredu esanindartsu desberdinak gure egunerokoaren parte. Horregatik, gaiari heldu diogu euskara landu daitekeen kontzientziatik, eta jada lantzeko bide, irizpide, tresna, iturri eta esperientzia asko dauden ustetik. Jakin badakigu Euskal Herriaren luze-zabalean eta kulturaren koadrante guztietan egoerak ez direla berdinak, baina uste dugu ortzi-muga euskaltzalea horixe dela, hizkuntza landu beharra, pertsonalki, eta batez ere, sozialki.
Iragan hurbileko esperientziak eta urratutako bideak ezagutzeko plaza ere izango da. Zer ekarriko duzue jardunaldira?
Hizkuntzarekin lan egiten den eremu desberdinetako jendea ekarriko dugu, izan urtetan lanean aritu direnak, izan orain lehen lerroan dabiltzanak edo arlo berriak urratzen ari direnak. Egongo dira ahozkotasunean adituak, kultur ideologiak aztertu dituztenak, soziolinguistak, ikertzaileak... adierazkortasunean eragiten duten ertz desberdinak azaltzen, eta egongo dira baita ere idazleak, podcastgileak, ekoizleak, hizkuntza-teknologiekin lanean dabiltzanak, euren lanean dauzkaten eztabaidez, estrategiez eta buruhausteez hizketan. Uste dugu ibili diren bideetan eta egun urratzen ari direnetan, bietan daudela adierazkortasuna euskaraz sortzeko gakoak, eta ezinbestekoa dela horiek ahalik eta gehien sozializatzea.
Etorkizunera begira ere jarriko zarete... Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Erronka handienetako bat, horixe, euskaraz egon badauden baliabideak eta adierazkor izateko bideak sozializatzea. Askotan esaten dugulako euskarak adierazkortasuna falta duela, baina izatez, hiztunok falta izaten dugulako gehienetan, euskararen erreprodukzioa naturalizatuta ez beste guztia daukagulako. Gero, jakina, badago hizkuntza gaur egungo esan-premietarako landu beharra, eta hor irizpide eta norabide desberdinak egon litezke, eta eztabaida ere egon liteke. Horiei buruz ere hitz egin nahi dugu. Besteak beste, nola uztartu hiztun ororen legitimitatea eta eredu adierazkorrak sustatzea, nola adierazkortasuna lantzeko irizpide desberdinak eta hizkuntza-ideologiak, noiz hitz egin minorizazioak eragindako galeraz eta noiz hizkuntzaren bilakaeraz, nolako baldintzak, baliabideak eta egiturak dauzkagun landu behar horretarako eta, batez ere, zeintzuk falta zaizkigun, non behar dugun jauzia adierazkortasunaren auzian.
Bi egunez ariko zarete Usurbilen gaiaren inguruan hausnartzen. Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?
Gure asmoa da kontu horiei buruz hitz egitea Jakinen betidanik funtsezkoa izan den abiapuntuko ideiari uko egin gabe: euskarak balio duela bizi-esparru guztiak adierazteko, eta euskaltzaleon zeregina dela horretarako bideak borrokatzea. Jardunaldiari jarri dizkiogun helburuak abiapuntu horretatik datoz: euskara adierazkorra sortzeko eta gizarteratzeko gako, irizpide eta azpiegituren inguruan pentsatu nahi dugu, adierazkortasuna lantzeko bideak hiztunen legitimitatearekin, hizkuntz ideologiekin eta hautu euskaltzaleekin elkarrizketan jarri nahi ditugu eta iragan hurbileko esperientziak eta urratutako bideak ezagutarazi nahi ditugu, gaur egunerako norabideak pentsatzeko.
Nori dago zuzenduta?
Berez, gaiaz interesa daukan edonori. Hori bai, jendeak argi izan dezala ez dela norbere euskara trebatzeko ikastaro bat izango. Euskararen adierazkortasuna lantzeko egiturazko begirada da ekarri nahi duguna, ze premia dauden eta ze lantzeko bide pentsatu nahi dugu elkarrekin. Hori jakinda, esandakoa, gaiak zerbait esaten dion horrentzat dago pentsatua. Aipatu ditugun kezkek, adierazkortasuna lantzeko bideek eta gakoek belarrira zerbait ematen diotela norbaiti? Horrek badu lekua. Bere sortzaile, kulturgile edo bestelako lanean erabiltzen dituen hizkuntza-ereduez gogoeta egin nahi duela? Horrek ere bai. Bere jarduera euskaltzalean, militantean, gizarte-eragiletzan… gaia txertatu beharrekoa iruditzen zaiola eta ideia bila dabilela? Ongi etorri.
Zerbait nabarmentzeko?
Izen-ematean izan dugun arrakasta. Beste edizioetan ere ohikoa da Jakin Jardunaldia betetzea, baina honetan nahiko azkar iritsi gara topera. Itxaron-zerrenda ireki dugu matrikulazioan, baina horretaz gain, gogorarazi nahi dugu Berriari esker jardunaldia streamingez jarraitzeko aukera ere izango dugula haien webgunean.