Haizea Galarraga Arrizabalaga: «Ikastetxeetan, maila guzti-guztietan, album ilustratuei leku egitea erabaki literario eta pedagogiko indartsua da»
2026ko ekainaren 4a

Ibilbide bat eta zazpi bidelagun: eskola inklusiboa eta album ilustratuak uztartuz liburua argitaratu berri du UEUrekin Haizea Galarraga Arrizabalagak (Gasteiz,1990). Literatura ikaskuntza ugari artikulatzen dituen ardatz bat izan daitekeela dio berak eta hezkuntzan funtsezko lekua izan dezakeela. Galarraga Lehen Hezkuntzan diplomatua eta graduatua da eta doktorea da «Berrikuntza eta Esku-Hartzea Hezkuntzan» doktorego-programan (MU). Haren gaia album ilustratuak eta ikasgelako elkarrekintzak izan zen. Egun, EHUko irakasle-ikertzailea da Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Liburuaren inguruan hitz egiteko izan gara berarekin.
Literatura eta zehazki album ilustratuak jarri dituzu erdigunean. Zergatik?
Album ilustratuek goranzko joera dutela nabaria da, bai eskoletan, baita kalean ere. Albumak, literatura-genero gisa, baditu hainbat ezaugarri, berezi egiten dutenak. Batetik, ez da testu itxia, irudiaren eta hitzen arteko sinergia-harremana gakoa da eta irakurleari kode biak irakurtzea eta interpretatzea eskatzen dio, istorioaren protagonista aktibo bilakatuz.
Azken finean, album ilustratuak espazioa irekitzen du pentsatzeko, esanahiak eraikitzeko eta inferentziak egiteko; baita gai konplexuak lantzeko ere. Liburuan inklusioarekin (modu zabalean ulertuta: aniztasuna, kulturartekotasuna, gatazka, ezberdintasun sozioekonomikoak, hizkuntza gutxituak, genero-perspektiba…) zerikusia duten gaietan jarri da arreta berezia eta albumetan aurkitu da horretarako atea.
Eta hori guztia, hezkuntzan, urrea da. Hortaz, ikastetxeetan, maila guzti-guztietan, album ilustratuei leku egitea erabaki literario eta pedagogiko indartsua da, abagune bikaina izan baitaiteke hezkuntza literarioa garatzeko, bai eta beste hezkuntza-helburu asko erdiesteko ere.
Liburuaren hasieran diozu literaturaren berezko balioa baloratu behar dela. Zergatik? Ez da horrela?
Teorian bai, baina eskolako eguneroko praktikan literatura askotan beste gauza batzuk lantzeko aitzakia bihurtzen da, batik bat, hizkuntza-gaitasunak, ulermena eta herritartasuneko gaiak. Ukaezina da literaturak askotariko bideak ireki ditzakeela, eta aukera horiek probestea interesgarria dela; izan ere, liburu honetan, literatura ez den beste arlo batzuk ere integratu dira, diziplinarteko diseinu didaktikoa baitira. Baina, kasu honetan, literatura ez da aitzakia, ardatz nagusia baizik, erdigunea; eta hortik zabaltzen da beste esparru eta arloetara.
Liburuek errealitatea irudikatzen dute, bai, baina ez bakarrik hori: errealitatea ulertzen eta berreraikitzen laguntzen dute. Horregatik, akatsa da literatura mezu jakin batzuk transmititzeko edota bestelako eduki batzuk lantzeko bide soil gisa erabiltzea. Literaturak ez du sermoirik behar. Literaturak galderak egiten ditu, arrakalak irekitzen ditu, eta irakurlea pentsatzera eramaten du. Horregatik defendatu behar dugu literatura literaturagatik: izan ere, hortik dator bere benetako indarra errealitatea ulertu, zalantzan jarri eta, azken batean, sortzeko.
Laburki, literaturak bere balioa du, ezeren mendeko izan beharrik gabe. Ez da, hortaz, baliabide bat; aitzitik, lurralde emankorra da bere baitan.
Zer aukera eman ditzakete album ilustratuek gelan?
Dirudiena baino askoz gehiago eskaintzen dute. Irakurketa prozesu aktibo gisa lantzeko aukera ematen dute: inferitzea, interpretatzea, eztabaidatzea, esperientzia pertsonalarekin konektatzea... Horrela, arlo artistikoari, gorputzari, emozionalari edo sozialari ere ateak irekitzen dizkiete.
Eta, gainera, espazio pribilegiatua dira gai konplexuak sinplifikatu gabe lantzeko. Albumak ez du erantzun itxirik ematen, galderak sortzen ditu. Horregatik, irakurle kritiko eta sentikorrak hezteko tresna ezin hobea da, ez bakarrik teknikoki gaituak.
Zazpi album ilustratu aukeratu dituzu. Zergatik horiek?
Lehenik eta behin, kontuan izan nuen literatura-kalitate handiko albumak izatea, hori izan behar baita beti lehenetsi beharrekoa. Ez da nahikoa «gai interesgarri bat jorratzea»: obra onak izan behar dira, berez. Eta horrek kontatzen den istorioa baino askoz gehiago inplikatzen du: kontatzen denak axola du, baina baita moduak ere: ilustrazioek, bi kodeen artean sortzen den sinergiak eta liburuaren formatuaren elementuak eta abar eta abar. Hortxe eraikitzen da benetako balio literarioa.
Hortik aurrera, bigarren plano batean, inklusioari hainbat angelutatik heltzeko aukera emango zuten albumak bilatu nituen. Batzuek modu esplizituagoan egiten dute, eta beste batzuek modu sotilagoan. Ildoen artean, hauek dira nagusi obra horietan: generoa, familia-ereduak, desberdintasun sozialak, hizkuntza gutxituak, kulturartekotasuna... Hain zuzen ere, ikuspegi-aniztasun hori interesatzen zitzaidan, inklusioa ez baita gai bakarra, begirada bat baizik. Eta, agian, hori litzateke hirugarren ideia giltzarria: album horiek ez dute errealitatea sinplifikatzen, ireki baizik, irakurketa ugari egiteko aukera ematen dute, eta pentsatzera gonbidatzen dute, ez erantzun itxiak errepikatzera. Amaitzeko, liburuetako bat, gutxienez, euskaraz sortua izatea nahi nuen, denak itzulpenak izan ez zitezen.
Proposamenak diziplinartekoak dira. Zer ekarpen egiten dio ikuspegi horrek liburuari?
Funtsezko ideia bat mahaigaineratzen du: literatura ez dagoela isolatuta, baizik eta ikaskuntza ugari artikulatzen dituen ardatz bat izan daitekeela, bizitzan gertatzen den bezalaxe, non arloak ez dauden sakabanatuta edo kategorizatuta. Literaturak (beste arlo guztiek bezalaxe) egunerokotasuneko geruza guztiak zipriztintzen ditu.
Ikas-egoera bakoitzean hainbat arlo daude inplikatuta (Hizkuntzak, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza, Arte Hezkuntza, Gorputz Hezkuntza, Matematika...), beren jakintza eta gaitasunekin, baina guztiak hautatutako albumetik abiatuta konektatzen dira, zuhaitz baten enborra izanik obra literarioa eta hortik eratortzen dira bestelako adar pila bat.
Hori garrantzitsua da, horrelako proposamenak «literatura lantzeko» baino ez direlako ideia hausten duelako. Ez da horrela. Literatura da erdigunea, bai, baina ez muga. Bertan, askotariko gaitasunak landu daitezke, modu integratuan eta zentzuz. Eta horrek ikaskuntza-esperientzia koherenteagoak eraikitzea ahalbidetzen du, non ikasleek ez duten zatika ikasten, baizik eta ikasten dutena ulertu, lotu eta hari esanahia ematen diote.
Inklusioa liburuaren ardatz nagusietako bat da. Zergatik jarri duzu erdigunean?
Izan ere, inklusioa ezin da gehigarri bat izan, ezta ikasgelan noizean behin agertzen den gai isolatu bat ere. Begiratzeko, irakasteko eta eskolan egoteko modu bat izan behar du. Liburuak bilatzen du inklusioa bi maila oso argitan azalaraztea: alde batetik, albumetan bertan, gaiarekin zerikusia duten gaiak jorratzen baitituzte (aniztasuna, kultura, hizkuntza, generoa, pobrezia, nortasuna…) estilo eta modu oso ezberdinetan; eta, bestetik, proposamen didaktikoetan, irizpide didaktiko-metodologiko inklusiboetatik diseinatzeko saiakera egiten baita.
Hau da, ez da nahikoa inklusioari buruz irakurtzea: modu inklusiboan irakatsi behar da. Horregatik, ikaskuntza-egoeren helburua da ikasle guztiek parte hartzea, interpretatzea, ekarpenak egitea eta beren lekua aurkitzea, erritmoak, adierazpideak eta ulertzeko moduak errespetatuz. Zentzu horretan, inklusioa ez da lantzen dena bakarrik, baizik eta nola lan egiten den. Eta hor hartzen du benetan zentzua.
Liburuak inspirazio-iturri izan nahi duela diozu. Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?
Ez nuen liburu bat egin nahi besterik gabe aplikatzeko (ez dut errezeta magikoetan sinesten), baizik eta irakurlea aktibatzen duen liburu bat. Irakurtzen duena ez dadila proposamen didaktikoak inplementatzera mugatu, baizik eta bereak sortzeko gai senti dadila, bere testuingurura, ikasleetara eta irakasteko erara egokituta. Eta gai izan dadila, modu berean, bestelako obra batzuekin ere halako diseinuak sortzeko.
Zentzu horretan, helburua abiapuntu gisa jokatzea espero da: esparru bat eskaintzen du, adibide batzuk, hezkuntza literarioa eta inklusioa ulertzeko modu bat, baina batez ere gonbidapen bat egiten du. Eta ez bakarrik literatura didaktikara eramateko, baita beste jakintza-arlo askotako edukiekin uztartzeko eta diziplinarteko proposamen osoak egiteko, alegia. Hemendik beste ibilbide posible asko eraikitzea da asmoa, literatura ez baita agortzen zazpi albumetan, ezta zazpi proposamenetan ere.
Nori dago zuzenduta?
Batik bat, jardunean dauden irakasleei zein etorkizuneko irakasleei zuzenduta dago, baina ez bakarrik. Batik bat, Lehen Hezkuntzakoei, baina ez bakarrik. Eta, azkenik; batik bat, hezkuntza literarioan interesa dutenei, baina, ez bakarrik. Finean, haur eta gazteekin lan egiten duten profesional guztiengan pentsatuz sortu den liburua da, literaturaz, albumez eta inklusioaz harago, beste gauza asko ere eskaintzen dituena.
Eskolan urteak daramatzan Literaturako irakasleari, hasi berria den tutoreari, Gorputz Hezkuntzakoari, Matematikakoari, hezkuntza-laguntzan aritzen denari, bestelako espezialistei, aisialdiko teknikariari, literatura-bitartekaritzan aritzen denari, unibertsitatean hezkuntzaren zein literaturaren esparruko edozer ikasten ari denari, inklusioa egikaritzeko lan egiten duenari…
Profil zehatzetik haratago, literaturak hezkuntzan funtsezko lekua izan dezakeela uste duenari zuzenduta dago.
Nabarmentzeko zerbait?
Azpimarratuko nuke eskolan oso errotuta dauden dikotomia batzuk apurtzen saiatzen den liburua dela: literatura eta edukiak, emozioa eta ikaskuntza, inklusioa eta eskakizun akademikoak... Hemen ez da aukeratu behar, hori guztia elkarrekin bizi baitaiteke ondo planteatzen bada.
Eta ez dela liburu itxia ere bai. Helburua ez da behin betiko erantzunak eskaintzea, baizik eta galderak irekitzea, batzuetan deserosotasuna sortzea eta, batez ere, hezkuntza-praktikak birpentsatzera gonbidatzea. Izan ere, liburu osoa zeharkatzen duen zerbait ideia hori da: hezkuntzak eta literaturak ez lukete balio behar errealitatea islatzeko eta sinplifikatzeko, baizik eta konplexuagoa, irisgarriagoa eta bidezkoagoa bihurtzeko.
Eta ezin amaitu UEUri eskerrak eman gabe, erakutsitako konfiantzagatik eta egindako lan bikainagatik; haiei esker ikusi baitu liburu honek argia.
LIBURU AURKEZPENAREN BIDEOA