«Gaur egun zokoratuta geratzen ari da literatura, sozialki eta pedagogikoki»

2026ko martxoaren 24a

«Gaur egun zokoratuta geratzen ari da literatura, sozialki eta pedagogikoki»
Amaia Alvarez Uria eta Katixa Dolhare Zaldunbide

«Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan. Hurbilpen bat» ikastaroa emango dute UEUrekin Iruñean Amaia Alvarez Uriak (Bilbo, 1978) eta Katixa Dolhare Zaldunbidek (Ezpeleta, 1982). Apirilaren 15ean emango zaio hasiera eta «literaturaren irakaskuntzan zer, nola eta zertarako egiten dugun partekatzea eta egungo egoeraren berri izatea» izango ditu helburu. Alvarez Euskal Filologian lizentziaduna da eta Literaturan doktorea. EHUko irakaslea da Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Sailean. Dolhare Frantziako agregazioduna da, Letretan, eta Literaturan doktorea. Bordeaux-Montaigne Unibertsitatean da irakasle, Euskal Ikasketak Sailean.

Bigarren Hezkuntzako literaturaren irakaskuntzan jarriko duzue fokua. Zergatik?

Irakasleen prestakuntzan ari gara biak, bai Bigarren Hezkuntzan hizkuntza eta literaturako eskolak emango dituzten irakaslegaien hasierako prestakuntzan, bai jardunean dauden irakasleen etengabeko prestakuntzan. Bereziki interesatzen zaigu literaturaren irakaskuntzari erreparatzea. Izan ere, gaur egun, zokoratuta geratzen ari da literatura, sozialki eta pedagogikoki. Hori dela eta, adituen gomendioak, egungo markoak eta arituen praktika onak uztartu nahi ditugu eta gaia jorratu nahi dutenekin bildu.

Ipar eta Hego Euskal Herriko zenbait ikuspegi, marko eta jarduera partekatuko dituzue. Zeintzuk?

Euskal Herria bere osotasunean hartzen badugu kontuan, ikusiko dugu tradizio literario, kultural eta pedagogiko desberdinak ditugula literaturaren irakaskuntzari begira. Espainiako eta Frantziako estatuetan literaturari ematen zaion funtzioa oso desberdina da. Euskarak eta euskal kulturak estatus eta itzal diferenteak dituzte Pirinioetako bi aldeetan; Hegoaldean ezagutzen dugun “hegozentrismoa” eta Ipar Euskal Herriaz dagoen ikuspegi “orientalista” gainditzeko unea dela uste dugu. Gainera, bide ezberdinak egin ditugunez, elkarri begiratzean eta elkarrengandik ikastean batean eta bestean ditugun hutsuneak bete edo indarguneak partekatu ditzakegula uste dugu.

Literaturaren irakaskuntzan lan egiten duten irakasleak saretzea ere bada helburua.

Jakina. Esan bezala, ibilbide desberdinak egin ditugu eta ezagutza eta esperientzia diferenteak ditugu horren ondorioz. Horrek denak elikatu gaitzake. Aldi berean, irakasle literaturazaleak bakarrik egin ohi ditu bere saiakerak ikasleak literaturazaletzeko eta literarioki hezteko, beraz, aberasgarria eta atsegina izango da interes eta kezka antzekoak ditugunak elkartzea.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuena?

Aurretik aipatu bezala, literaturaren irakaskuntzan zer, nola eta zertarako egiten dugun partekatzea eta egungo egoeraren berri izatea, zertan ari garen jakiteko eta nora joan nahi dugun erabakitzeko.

Nori dago zuzenduta?

Bigarren Hezkuntzako irakasle literaturazaleei nagusiki, baina gaian interesa duen ororentzat ere zabalik dago.

Nabarmentzeko zerbait?

Iruñean egingo denez, irakasle nafarren elkargunea izan daiteke, literaturareneta gazteen arteko bitartekaritza hezkuntzan nola egin nahi duten elkarrekin pentsatzeko aukera izan daiteke ikastaro hau.

Jakintza-arloak