Euskarazko ekoizpen zientifikoari buruzko ikerketa-beka abiarazi dute UEUk eta Euskaltzaindiak

2026ko irailaren 9a

Argazkian ezkerretik eskuinera agertzen dira: Arantza Aldezabal Roteta, UEUko ikerketa-arduraduna; Andres Urrutia Badiola, Euskaltzainburua eta Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko zuzendaria.
Argazkian, ezkerretik eskuinera: Arantza Aldezabal Roteta, UEUko ikerketa-arduraduna; Andres Urrutia Badiola, Euskaltzainburua eta Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko zuzendaria.

Gaur egun, oro har eta labur adierazita, artikulu eta aldizkari zientifikoen prestigioa horiek guztiek jasotzen duten aipu kopuruaren arabera neurtzen da. Alabaina, aipuen kopuruak ez du beti egindako ekarpen zientifikoaren balioa behar bezala edo behar adina islatzen. Faktore gehiagok ere baldintzatzen dute aipu-kopuru hori. Adibidez, artikulu eta aldizkari zientifikoak euskaraz argitaratuz gero, artikuluaren edota aldizkariaren hedapena mugatuagoa da: euskaldunek bakarrik irakurtzen dute eta ondorioz, irakurle horiek bakarrik aipatu dezakete. Ondorioz, batzuetan artikulu eta aldizkari zientifikoen balioa gutxiesten da jasotzen duen aipuen kopurua txikia bada. Testuinguru horretan dihardute ikertzaileek gurean.

Euskaltzaindiak eta UEUk euskarazko ekoizpen zientifikoaren egoeraren inguruko kezka partekatzen dute eta kezka horretatik abiatuta abiarazi dute ikerketa-beka hau. Gainera, UEUren Inguma Euskal Komunitate Zientifiko-intelektualaren datu-baseak 25 urte bete ditu euskarazko goi-mailako ekoizpena bildu, katalogatu eta eskuragarri jartzen. Datu-basearen urteurrena dela eta, UEUk Inguma 25 urte beka-deialdia aurkeztu zuen honako helburu honekin: Inguma datu-basea erreferentzia nagusitzat hartuta, euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera historikoa eta egungo egoera aztertzea.

Azterketa hori burututa eta ateratako ondorioak kontuan izanda, beste urrats bat eman nahi da: euskarazko ekoizpen zientifikoaren beherakadaren aurrean, euskarazko aldizkari zientifikoak eta ikertzaileek euskaraz ekoizteko dituzten baldintzak aztertzea eta ebaluatzea.

    • Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Ikerketa-lanaren iraupena gehienez 6 hilabetekoa izango da, diru-poltsa esleitzen den egunetik hasita (epe horretan ez da abuztua kontuan hartuko).
    • UEUk laguntza teknikoa eskainiko du Inguma datu-baseak izan duen erabilera kontsultatzeko.
    • 5.000 euroko diru-poltsa bat aurreikusten da. Erakunde bakoitzak erdibana jarriko du diru-kopuru hori.
    • Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2026eko irailaren 14tik urriaren 16ra egongo da zabalik, biak barne. UEUren webgunean dagoen inprimakia erabiliz aurkeztu beharko da.

Informazio guztia HEMEN aurkituko duzue.