«Euskaraz pentsatutako sistema oso bat da behar duguna, eta horretarako lehenengo pausoa euskaraz ikertu eta irakatsiko duen zuzenbidea da»
2026ko irailaren 28a

«Zuzenbidea euskaraz irakatsi eta ikertu: egungo bizipen eta erronkak» jardunaldia egingo da urriaren 2an, Eibarren, UEUren Zuzenbide Sailak antolatuta. Ikastaroaren gaia sailburutza berriko kideak batzen dituen ardura nagusitik sortzen da, Sara Arruti Benito (Lasarte-Oria, 1996), Mikel Fidalgo Astigarraga (Gernika-Lumo, 1993), Leire Gorostiza Etxeberria (Uharte, 1998) eta Iker Lauzirika Ansola (Elgoibar, 1999) sailburuen esanetan. Arruti, Zuzenbidean doktorea da eta EHUko irakaslea eta ikertzailea. Fidalgo, Zuzenbide Prozesalean da doktorea eta Zuzenbide Prozesaleko irakasle atxikia da. Gorostiza, Zuzenbidean graduatua da eta doktoregaia da EHUko Enpresa Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibileko departamentuan. Eta Lauzirika, Zuzenbidean graduatua (EHU) eta informazio-askatasun digitalaren inguruko doktoretza egiten ari da EHUn. Haiekin izan gara.
Zuzenbidearen esparruan euskaraz irakatsi eta ikertzeko egungo egoera jarriko duzue mahai gainean. Zergatik?
Ikastaroaren gaia sailburutza berriko kideok batzen gaituen ardura nagusitik sortzen da. Luze eztabaidatu eta borrokatu den gai bat izanik, euskarak sistematikoki gutxitua izaten jarraitzen du zuzenbidea pentsatu eta irakasteari dagokionez. Mahaigaineratu eta alternatibak sortzen jarraitu ezean, badakigu zein den norabidea.
Euskarak beste zenbait alorretan bizi du egoera larri hau, baina zuzenbidean bereziki arduratu behar gaituen gaia dela uste dugu. Hizkuntzaren ñabardurek lege edo sententzia baten esanahia guztiz eralda dezakete. Horregatik, gazteleraz edo frantsesez pentsatutako eta, kasurik onenean, euskarara itzulitako testuek askotan ez diete erantzuten euskal gizartearen beharrei.
Azkeneko urteetako eztabaidekin batuz, euskararen estatus juridikoa aldarrikatzea ez da honek duen presentzia aldarrikatzea soilik. Euskaraz pentsatutako sistema oso bat da behar duguna, eta horretarako lehenengo pausoa euskaraz ikertu eta irakatsiko duen zuzenbidea da.
Zeintzuk dira oztopo nagusiak?
Oztopo nagusia bi hizkuntzen bizikidetza onartzen ez duen egitura juridiko eta politiko bat da. Alde batetik, zuzenbidean esanguratsuak diren testu guztiak erdaraz daude. Era guztietako ebazpenetatik estatuetako zein Europar Batasuneko arauetara, oso idazki gutxi daude euskaraz. Horrek euskal hiztun asko Zuzenbideko gradua gazteleraz ikastera eramaten ditu, adibidez, gazteleraz ikasitakoa erabilgarriagoa izango den konbentzimenduz.
Bestalde, Euskal Herriko akademiak eta hari lotutako instituzio publikoek ez dute nahikoa egin izan desabantaila horri aurre egiteko. Oraindik ere hainbat material eta tresna ez daude euskaraz eskuragarri, euskaraz irakatsi eta argitaratzeak lan bikoitza eskatzen du, eta hau guztia gutxi balitz bezala, unibertsitate-sistemak zigortu egiten du euskarazko produkzioa.
Eta erronkak?
Hain zuzen, egoera hau iraultzea da gure erronka handiena. Gizarteari Zuzenbidea gure hizkuntzan ikertu eta irakasteak duen balioa azaltzea da lehenengo pausoa. Aldaketarako prest ez dagoen sistema ahalik eta ahots sendoenetik interpelatu behar dugu, benetako aldaketak nahi baditugu.
Noski, ez gara gu erronka honi aurre egiten dioten lehenengoak. Kontziente gara gure aurretik egon diren hainbat erakunde eta norbanako gabe ez ginatekeela egongo gaur egun gauden egoeran ere. Horren adibide da Zuzenbidearen Euskal Akademiak edota gure jardunaldia babesten duen IVAPek berak egindako lana. Horrela, haiek egindako esfortzua aintzatetsiz eta haien ezagutza eta indarra aprobetxatuz, erronka honi beste bultzada bat emateko ordua iritsi dela uste dugu.
Mahai-inguruak, talde-dinamikak... Zer da jardunaldirako antolatu duzuena?
Egun bateko jardunaldia prestatu dugu, urriak 2, ostiralarekin, Eibarko Markeskoa Jauregian, UEUren egoitzan. Bi mahai-inguruz, bazkariaz eta talde-dinamikaz mamituko da.
Lehen mahai-inguruak euskarak Zuzenbidearen irakaskuntzan dituen erronkak izango ditu aztergai, eta, horretarako, Euskal Herriko unibertsitate desberdinetan diharduten irakasleen bizipen eta hausnarketak entzungo ditugu. Jarraian, galdera nahiz eztabaidarako tartea egongo da, eta, ondoren, ordu erdiko atsedena izango dugu kafea eskuan elkar ezagutzeko.
Bigarren mahaiak euskarazko ikerketa juridikoa izango du hizpide. Bertan hainbat gai jorratuko dira, hala nola ANECA eta UNIBASQ kalitate-agentzien funtzionamendua; argitalpen juridikoen eta euskarazko produkzioaren erronkak; Euskal Herrian kokatutako ikerketa-lerroen nazioartekotzea; atzerriko unibertsitateetan euskal komunitateak sortzea; eta adimen artifizialak eskuartean dugun erronkari aurre egiteko eman ahal dizkigun gakoak.
Aipatutako sare hori ehuntzeko helburuarekin elkarrekin bazkalduko dugu, eta, ostean, sailburutzak dinamika parte-hartzaile bat eramango du aurrera, jardunaldiko hizlari eta partaideek dagoeneko sortu diren, eta oraindik sortu daitezkeen baliabideak identifikatuko dituzte, eta, bide horretan, UEUk eman ditzakeen hurrengo pausoak erabakiko dira.
Saretzea garrantzitsua da... Zer da UEUko Zuzenbide Sailak eskain dezakeena?
Sailak jurista euskaldunon sarea berpiztu, eutsi eta indartu nahi du. Nola? Euskal Herriko unibertsitate, instituzio eta mugimendu sozial desberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana ahalbidetzeko espazioak sortuz eta hauek aurrera eraman nahi dituzten proiektu interesgarriak sustatuz, bai eta aurrerapausoak emateko baldintza, baliabide eta tresna aproposenak emanez ere.
Berebiziko garrantzia ematen diogu saretzeari eta jardunaldia bera ere saretze-ariketa baten ondorioa da. Argi genuen zuzenbideko euskal komunitatearen iritzia jaso nahi genuela hau antolatu baino lehen, eta ikastaroko gaia eta landu beharreko eremuak unibertsitate-munduko jendearekin egindako bileretan adostu ziren. Benetan interesgarria izan da zuzenbidearen adar ezberdinetan lanean ari den jendea elkarlanean ikustea, denok amankomunean dugun erronka bati forma eman nahian, eta hala jarraitu dezan nahiko genuke.
Nori dago zuzenduta?
Jardunaldia Zuzenbidearen irakaskuntzan eta ikerketan euskaraz aritu den, egun aritzen den eta etorkizun batean aritu nahi duen horri dago zuzendua. Bai eta akademiatik haratago, Zuzenbidearen alorrean euskaraz eta euskaratik lan egiten duen profesionalari ere.
Azken batean Zuzenbidearen adar eta esparru desberdinetan dihardugunok egunerokoan nabari dugun problematika bat da esku artean daukaguna. Eta erronka guztiona da, unibertsitatean, epaitegian, administrazioan, enpresagintzan, nahiz sindikalgintzan dihardugunona.
Nabarmentzeko zerbait?
Zuzenbide Saila berpizteko lekukoa hartu genuenetik laurok argi ikusi genuen Euskal Herriko zazpi lurraldeetan kokaturiko unibertsitateen artean zubiak eraikitzeko beharra, eta hori egiteko modu bakarra euskaraz eta euskaratik da. Eta jardunaldiaren bitartez bide horretan gure alea jarri nahi dugu. Horregatik, bide hau partekatzean interesatuta legokeen orori zabaltzen diogu bertan parte hartzeko gonbita. Halaber, zalantzan dagoenari edota etorri ezinda ere bere ekarpena egin lezakeela uste duen horri, konpromiso gabe idatz diezagun eskertuko genioke.
