Ekhi Zubiria Etxeberria: "Prekarietatea eguneroko errealitatea da sortzaile eta artista gehientsuenentzat"
2025eko urriaren 30a

Euskal Artisten II. Mintegia egingo da Donostian, Koldo Mitxelena Kuturgunean datorren azaroaren 20an. Euskal kultur sistemaren nolakoaz hitz egingo du bertan Ekhi Zubiria Etxeberria (Hernani, 1988) soziologoak. Harekin izan gara.
Euskal kultur sistemaren nolakoaz hitz egingo duzu hitzaldian. Horretarako kultur arloko eremu eta diziplina guztiak hartuko dituzu aintzat. Zeintzuk?
Iaz LANARTEA elkartearekin osatu genuen Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta hartuko dut abiapuntu. Inkesta horren planteamendua berritzailea izan zen, diziplinarteko ikuspegiarekin egina delako, eta euskara zehar-lerro gisa erabili duelako.
Inkestak gai hau jarri nahi zuen mahai gainean: kultura euskaraz egiteko erabakiak gaur egungo kulturgileei zein joko-zelai markatzen dien lan-arloan, eta horretarako diziplina hauek zerrendatu genituen: bertsolaritza, literatura, gidoigintza, itzulpengintza, irudigintza, komikigintza, bikoizketa, ikus-entzunekoak, musika, ikusizko arteak eta arte eszenikoak (antzerkia, dantza, zirkua eta ipuin-kontalaritza barne).
245 pertsonak erantzun zuten gure galdetegia, eta, horrekin, baita hainbat datu argigarri bistarazi ere. Dedikazioarena daukagu batetik: % 40k jarduera artistikoa eta jarduera horren ondoriozko lanak dituzte irabazi-iturri bakar edo nagusi, eta horietatik ia bi heren, musikan, literatura/gidoigintzan edo antzerkian ari dira. Kulturgile multzo horretakoen irabazi garbiak 12.330 eurokoak izan ziren 2023an, batez beste. Hilean 1.027,5 euro alegia.
Hizkuntzari dagokionez, 245 pertsona horietatik % 67,8k euskaraz soilik egiten dituzte hitzezko beren sormen- edo interpretazio-lanak, eta, 2023an, batez beste, 4.717 euroko irabazi garbiak izan zituzten. Euskaraz eta erdaraz sortu zutenen irabazi garbiak, aldiz, 9.672 eurokoak izan ziren. Bikoitza baino gehiago, alegia. Nahiz eta gai honen inguruan sakonago aztertzeko beharra dagoen, argi dagoena da hizkuntzaren faktoreak eragin nabarmena daukala irabazi-iturrietan.
Euskal kultur sistemaren argazkia erakusteko arlo eta eremu horietako inkesta eta datuen errepasoa egingo duzu. Zein izan da prozedura?
Azken bost urteetan hainbat elkartek egin dituzte inkestak eta txostenak, beren kideen egoeraren berri jaso ahal izateko. Adibidez, EIE Euskal Idazleen Elkarteak, Bertsozale Elkarteak, EIZIE Itzultzaileen Elkarteak, Musikari Elkarteak, Euskal Irudigileek, ADDE Dantzari Profesionalen Elkarteak, hemengo aktoreak eta dantzariak ere biltzen dituen Aisge Fundazioak... Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Behatokiak eta Nafarroako Gobernuak ere hainbat azterketa plazaratu dituzte epe horretan. Lan horietako datu batzuk LANARTEAren inkestarenekin gurutzatzea da nire asmoa, ariketa hori mintegira hurbildutakoentzat lagungarri izan daitekeelakoan egungo egoera modu ahalik eta zabalenean ulertzeko.
Zer diote datuek? Nolakoa da euskal kultur sistema?
Bateko eta besteko datuek eskaintzen diguten titularretako bat hau dela esango nuke: prekarietatea eguneroko errealitatea da sortzaile eta artista gehientsuenentzat. Erreferentzialak diren sortzaile ugari ere gutxieneko lanbide arteko soldataren azpiko diru-sarrerekin bizi da. Kultur sistemaren oinarrian daudenen bizi-baldintzak nolakoak diren ikusita, egindako lan honen ondorioetako bat da euskal kultur sistemak erronka handiak dituela aurrera begira.
Zeintzuk dira erronkak?
Horri erantzutea kulturgileei eta kultur ekosistemako beste eragileei ‒kultur politikak diseinatzen dituztenei, editorialei, hedabide publiko zein pribatuei...‒ dagokie lehenik eta behin. Horixe da topaketa hauen helburua, oker ez banago: euskal kultur sistemari buruz elkarrekin pentsatzeko plaza eskaintzea artistei. Ni ez naiz aditua kultur sistemetan. Mintegian nire partea izango da kulturgileen errealitatearen zati bat zenbaki bidez azaltzen saiatzea.
Euskal Artisten II. Mintegian hartuko duzu parte. Garrantzitsuak dira horrelako topaketak?
Ni ez naiz artista, baina baietz uste dut. Kolektiboki pentsatzea eta aritzea sustatzen duten topaketek garrantzia handia dute eta, zer esanik ez, prekarizatuta dagoen sektore batentzat. LANARTEA diziplinarteko elkartea izanda, gainera, gune aproposa izan daiteke horretarako, batez ere, kultura euskaraz egitea eta bizitzea erabaki dutenentzat.
Zerbait nabarmentzeko?
Inguruan baditut sortzaileak eta, gainetik bada ere, banuen beraietako batzuen bizi-baldintzen berri. Hala ere, LANARTEAren inkestaren emaitza batzuek harritu egin ninduten, sektorean dagoen prekarizazioa erakusten baitute. Kezkagarria iruditzen zait kultura euskaraz egitea erabakitzen dutenek erdaraz ere ari direnek baino askoz gutxiago irabaztea. Datu bat adierazgarria egin zitzaidan oso: inkesta bete zutenen % 30ek jarduera artistikoa uztea pentsatua zuten azken urtebetean.
Iruditzen zait hizkuntzaren zehar-lerroa kontutan hartu behar dela euskarazko kultur sistemaren benetako egoerari neurria hartzeko.
