Eider Goiburu Moreno: «Espazio fisiko zein birtualek bazterreko gorputzen bizipenak erabat baldintzatzen dituzte»
2026ko urriaren 14a

«Ikasgelak bazterretatik eraikitzenII: Internet bazterretatik eraikitzen» jardunaldia antolatu du Eibarren UEUk azaroaren 14an. Hezkuntza-komunitatea, bereziki bigarren hezkuntzako irakasleak, eremu digitalean ere ahalduntzea du helburu eta jardunaldiaz hitz egiteko izan gara Eider Goiburu Morenorekin (Orio, 1980), jardunaldiaren koordinatzailearekin. Goiburu Pedagogian doktorea da eta UEUren GOI ikastegiko irakaslea eta ikertzailea. «Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz» graduondokoaren zuzendaria ere bada. Harekin izan gara. Izen-ematea irekita dago.
Jardunaldia 2023an hasitako ibilbidearen laugarrena da. Zer balorazio egiten duzue?
Oso pozik gaude egiten ari garen ibilbidearekin. Aurretik antolatu ditugun hiru jardunaldietan oso balorazio positiboak jaso ditugu bai hizlari bai partaideen aldetik. Batetik, hezkuntza-komunitatearen beharrei erantzuten ari garela uste dut baina ikuspegi kritiko eta konprometitu batetik. Hezkuntza-markoak pentsamendu kritikoaren garapena bultzatzea du helburu, baina horretarako ezinbestekoa da irakasleon gaitasun kritikoa sustatu eta indartuko duten espazio eta ekimenak antolatzea. Gainera, esan gabe doa hezkuntza bera jendartearen eraldaketarako tresna moduan ulertzen eta bizitzen dugula. Egiten ari garen ibilbideak eraldaketarako hausnarketak bideratzeaz gain, irakasle kritikoen saretzea ere ahalbidetzen du.
Espazio birtualean jarri nahi duzue fokua oraingoan. Zergatik da garrantzitsua?
Gure ibilbidearen lehenengo jardunalditik presente egon dira guretzat gaur egun eta gure hezkuntza-testuinguruan ezinbesteko diren hiru ardatz: Euskal Curriculuma, pedagogia feministak eta digitalizazio kritikoa. Hiru elementu horiek oinarri dira GOI ikastegitik antolatzen ditugun bai titulazio bai ekimen guztietan. Gainera, GOI Ikastegia online ikastegia den heinean, digitalizazioaren eta eremu birtualen gaineko hausnarketa kritikoa egitea dagokigu, bai ikuspegi feministatik bai Euskal Curriculumaren begiradatik.
Azkenik, espazio fisiko zein birtualek bazterreko gorputzen bizipenak erabat baldintzatzen dituzte. Espazio birtualak ikuspegi hegemoniko-patriarkaletik sortuak izan dira. Hortaz, bide ematen dute generoan oinarritutako bazterkeriarako zein beste zapalkuntza-ardatzetan oinarritutako diskriminaziorako. Aldi berean, bazterretako hainbat gorputzek eremu birtualean aurkitu dituzte arnasguneak, berdinen artean saretzeko aukerak eta aldarrikapenerako bideak.
Hortaz, ikuspegi poliedriko eta konplexu horretatik baina batez ere baztertuen begiradatik aztertu nahi dugu eremu birtuala.
Zeintzuk dira indarkeria matxistak eremu digitalean hartzen dituen formak?
Indarkeria matxistak askotariko formak hartzen ditu bai espazio fisikoan zein birtualean. Batzuk zuzenagoak (zuzeneko irainak, mehatxuak, sexu-jazarpena eta abar.) beste batzuk zeharkakoak (komentario, txiste, irudi LGTBI+ fobikoak, lodifobikoak, sexistak, kapazitistak eta abar).
Egia da, espazio birtualak ezaugarri espezifikoak dituela: oihartzun izugarria izan dezakete, anonimotasuna eskaintzen du, kontaktu fisiko gabeko indarkeria ahalbidetzen dute eta abar. Hortaz, indarkeria matxistaren formak eremu birtualak eskaintzen dituen baliabideak baliatzen ditu zapalkuntzarako, baina oinarri-oinarrian espazio fisikoan gertatzen denaren berdina da. Gainera, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea gaur egun ezin direla espazio fisikoa eta espazio birtuala modu berezituan ulertu. Hau da, kalean gaudenean mugikorretik hitz egiten dugu, sare sozialetan sartzen gara edo mezuak partekatzen ditugu. Eskolan gaudenean, ordenagailuak eta beste hainbat gailu digital erabiltzen ditugu gure jardunerako. Etxean, beste horrenbeste. Hortaz, gaur egun espazio birtuala eta espazio fisikoa continuum bat moduan irudika ditzakegu. Hortaz, indarkeria matxista aldi berean gerta daiteke fisikoki eta birtualki eta elkar elika dezakete.
Gazteetan jarri nahi duzue fokua: eremu digitalarekin duten hartu-emana, indarkeria matxistari aurre egiteko dituzten erresistentzia-jokabideak... Zein da egoera?
Gazteetan baino areago, irakasle, hezitzaile zein hezkuntza-komunitateko kideok digitalizaziorako dugun arduran jarri nahi dugu fokua. Arazoa da, askotan guk helduon begiradatik begiratzen diogula Interneti. Hau da, migratzaile digitalen begiradatik. Gaur egun irakasle edo hezitzaile garen asko migratzaile digitalak gara. Gure sozializazio-prozesuan ez dugu eremu birtualik ezagutu eta ez ditugu nahikoa tresna eskuratu eremu horretan erosotasunez mugitu ahal izateko. Horrek, beldur handia sortzen digu.
Hortaz, lehenik eta behin eremu birtualari askotariko esperientzietatik begiratu nahi diogu: bai gazteek (eta bereziki bazterretako gazteek) garatu dituzten erresistentzia-praktiketatik, bai feminismotik egiten den irakurketatik bai euskarak eremu birtualean duen lekutik ere. Hezitzaile moduan, eremu birtualaren alde ezberdinak ezagutzea dagokigu.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?
Batetik, hasieran esandako ibilbideari jarraipena eman nahi diogu eta hezkuntza-komunitate kritiko eta eraldatzailea hauspotu nahi dugu. Horretarako, egungo errealitatea aztertu nahi dugu bazterreko begiradatik.
Bestetik, eremu birtualean euskal hezkuntza feminista garatzeko euskal baliabide eta praktika digital-feministak ezagutu eta partekatu nahi ditugu. Helburua baita hezkuntza-komunitatea, bereziki bigarren hezkuntzako irakasleak, eremu digitalean ere ahalduntzea.
Nori dago zuzenduta?
Herritar guztiei zabalik dagoen arren, bigarren hezkuntzako irakasleei, hezkidetza-arduradunei, pedagogia feministetan aritu eta adituei eta irakaskuntza-masterreko irakasle eta ikasleei zuzenduta dago.
Nabarmentzeko zerbait?
Elkarrizketan aipatu ez dudan arren, jardunaldian euskal kultura ere presente egongo da. Antuxunarekin emango diogu bai hasiera bai amaiera jardunaldiari. Antuxunak herri-musika eta teknologia uztartzen ditu. Beraz, euskal kultura, musika eta plazera ere jardunaldien zati garrantzitsua izango dira.
