ikasgelak bazterretatik eraikitzen ii: internet bazterretako begiradatik

Data: 2026ko urriaren 24a (Larunbata)
Ordutegia: 9:00-14:00
Modalitatea: Presentziala
Ordu kopurua: 5
Matrikula-epearen hasiera: 2026ko irailaren 1a
Matrikula-epearen bukaera: 2026ko urriaren 17a
Matrikulatu
ikasgelak bazterretatik eraikitzen ii: internet bazterretako begiradatik

Aurkezpena

Jardunaldi hau 2023an hasitako ibilbidearen laugarrena da. UEUk bere jardunean eskaintzen duen hausnarketarako gune eta tartearekin, etorkizuneko hezkuntza irudikatu nahi dugu.

"Berrikuntza hezkuntza-lege berrian. Ikasteko egoerak gorpuzten, Euskal Curriculuma ardatz" izan zen 2023ko jardunaldia. Bertan, hezkuntza-markoaren gaineko irakurketa eta lanketa saio parte hartzailea diseinatu eta eskaini genuen. Iaz, 2024an, "Pedagogia konprometituak. Transgresioa gorpuzteko manerak" izenburuko jardunaldia antolatu genuen, irakasleen konpromiso eta jardunari dei eginez. 2025ean, berriz, fokua ikasgelan jarri genuen. Pedagogia konprometituen aritik tiraka, ikasgelan baztertuak diren gorputzak ekarri genituen erdigunera. Ikasturte honetan ordea, espazio birtualari bazterretatik heldu nahi diogu. Horretarako, espazio birtualaren errealitatea aztertu nahi dugu bazterren begiradatik eta ziberhezkidetzarako baliabide digital-feministak partekatu nahi ditugu.

Helburuak

Helburu orokorra: Eremu digitalean ematen den indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazioa sustatzea eta prebentziorako baliabideak eskaintzea, bereziki gazteekin harremanetan dauden eragile eta norbanakoei.

Helburu espezifikoak:

- Eremu digitalak ikuspegi feministatik dituen argi-ilunak aztertzea.

- Askotariko gazteak eta eremu digitalaren arteko harremana arakatzea.

- Indarkeria matxistak eremu digitalean hartzen dituen forma ezberdinak aztertzea ikuspegi intersekzionaletik.

- Gazteek indarkeria matxistari aurre egiteko dituzten erresistentzia-jokabideak bistaratzea.

- Indarkeria matxista digitalaren prebentziorako praktika eta baliabide digital-feministak partekatzea.

- Emakumeak eremu digitalean ahalduntzea.

Edukiak

- Eremu digitala ikuspegi feministatik: argi-ilunak.

- Gazteen erresistentziak eremu digitalean: interneten erabilera begirada intersekzionaletik.

- Eremu digitaleko praktika eta baliabide digital feministak.

Metodologia

Jardunaldiaren metodologia aktibo eta parte-hartzailea izango da. Batetik, eremu teknologiko zein birtualean ahaldundutako emakumeek gidatuko dituzte jardunaldiaren ekimen guztiak. Esperientzia eta gogoeta ezberdinak aurkeztuko dituzte eta hausnarketa kolektiborako bidea irekiko dute. Tailerrean teknologiaren erabilera sustatuko da partaideen ahalduntze digitala sustatzeko asmoz. Aldi berean, jardunaldiaren sarrera eta itxiera feminismoa, teknologia eta transmisio kulturala uztartuz egingo dugu Antuxunaren emanaldi bitartez. Jardunaldi osoan zehar zaintza erdigunean jartzea lehenesten dugu, parte hartzaileen alderdi fisiko, emozional, kognitibo eta soziala kontuan izanik.

Nori zuzenduta

Herritar guztiei zabalik dagoen arren, bigarren hezkuntza irakasleei, hezkidetza arduradunei, pedagogia feministetan aritu eta adituei eta irakaskuntza masterreko irakasle eta ikasleei zuzenduta dago.

Jakintza-arloak