«Diziplinarteko topaketa bat proposatu dugu, osasuna, filosofia, psikologia, gizarte-langintza eta pedagogia batuko dituena»

2026ko ekainaren 17a

Argazkian ageri dira ezkerretara Idoia Serrano Pejenaute eta eskuinean Ainhoa Zabaleta Rueda.
Idoia Serrano Pejenaute eta Ainhoa Zabaleta Rueda

«Haur eta Nerabeen Osasun Globala: diziplinarteko begirada bila» jardunaldia egiten ari da UEUren Udako Ikastaroen barruan Eibarren, gaur. Idoia Serrano Pejenaute (Abadiño,1993) eta Ainhoa Zabaleta Rueda aritu dira antolaketa lanetan eta haiekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko. Biak dira pediatrak, Serrano, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta Zabaleta, Pasai San Pedroko osasun-zentroan.

Haur eta nerabeen osasunaren inguruko begirada zabaldu beharra dagoela diozue. Zergatik?

Gaur egun, orokorrean osasunaren inguruan daukagun ideia oso murritza da, gehienetan osasun fisiko eta mentalera mugatzen baikara. Osasunaren Mundu Erakundeak arlo soziala ere gehitzen du, baina osasuna berez, are zabalagoa da. Osasun-sistema gure osasunaren parte txiki baten erantzulea da (% 10 inguru adituen arabera), gainerakoan era askotariko determinatzaileak daude (sozialak, komertzialak…). Horretarako, Ainhoa Zabaletak eta biok diziplinarteko topaketa bat proposatu dugu, osasuna, filosofia, psikologia, gizarte-langintza eta pedagogia batuko dituena.

Gaia testuinguruan jartzeko hausnarketatik abiatuko zarete. Zeintzuk dira erantzun nahi diren galderak?

Hausnarketa filosofiko batekin zabaldu nahi dugu ikastaroa, osasunaren ikuspegi globalaren beharrean kokatzeko. Erantzuten saiatuko garen galderak hauek izango dira: nola heldu gara gaur egungo gizarte-egiturara?, nola eragiten du gizarte honek gure osasunean?, zein da gure gizartearen osasunaren ikuspegia eta zer falta zaigu?, egungo aldaketa sozialak haur eta nerabeengan nola eragiten dute?...

Horren ostean, psikologia komunitarioaren ikuspegitik aztertu nahi dugu gaur egungo osasunaren paradigma. Bertan haur eta nerabeen erronkez, babes- eta ahultasun-faktoreez eta komunitateak osasunean duen garrantziaz arituko gara.

Jardunaldiaren bigarren zatian esperientzia zehatzak ekarriko dituzue. Zeintzuk?

Bigarren mahaian, pedagogia, pediatria eta gizarte-heziketaren ikuspegiak uztartu nahi ditugu. Hiru arlo horietan hurrengo gaietan sakonduko dugu: haur eta nerabeen babesgune izan behar duen eskola, pantailak eta sare sozialak haur eta nerabeen osasunean duten eragina eta, azkenik, «Zeuk esan» gazteentzako arreta-zerbitzuaren esperientzia. Hiru arlo horiek osasunaren ikuspegi globala esperientzia zehatzetan kokatzen lagunduko digute.

Nori dago zuzenduta?

Haur eta nerabeekin lan egiten duten langileei, oro har: pediatria-arloko osasun-langileak, gizarte-langile eta hezitzaileak, irakasleak, psikologoak…. Gaian interesa duten beste profesional batzuk ere animatzen ditugu parte hartzera, hala nola filosofoak, antropologoak, soziologoak…

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Azken finean, jardunaldi honetan diziplinarteko elkarrizketa sustatu nahi dugu. Denok gaude gure arloan haur eta nerabeen osasunaz arduratuta. Hortaz, goazen horretaz hitz egitera, hausnartzera eta gure arteko zubiak eraikitzera.

Jakintza-arloak