«Diziplina guztietako irakasle guztiek izan behar dute euskal kultur eragile»
2026ko urriaren 9a

«Ikasgela kulturaz blaitu» ikastaroa emango dute online UEUren Ikasgela Birtualetik Miren Basurto Luzuriagak (Segura) eta Mirentxu Oteiza Pierak (Iruñea). Urriaren 14an hasiko da ikastaroa eta bertan izena emateko aukera zabalik dago. Basurto, Euskal Filologian lizentziaduna da (EHU), Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta euskaltzain urgazlea. Oteiza, Euskal Filologian lizentziaduna da (EHU) eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Haiekin izan gara.
Eskolak euskaraz emateak ez du bermatzen euskal kulturaren transmisioa. Zein da egoera?
Euskara euskal kulturaren ardatza da, baina eskolak euskaraz emateak ez du bermatzen euskal kulturaren transmisioa. Gaur egun eskolan ez dago ziurtatuta kultur erreferenteen transmisioa, eta, ondorioz, haur eta gazte askok eta askok ez dute euskal kultura ezagutzen. Alde batetik, euskal herritar batek etengabe eta oso erraz jasotzen ditu kultura ingeles, frantses eta espainoleko edukiak; euskal kulturgintzakoak, ordea, ez. Bestetik, hainbat herri eta hiritako ume eta gazteek, batik bat eremu erdaldunetan bizi direnek, ikastetxeen inguruan garatzen dute euskarazko munduarekin duten harremana. Hortik kanpo, oso harreman gutxi dute —edo ez dute batere harremanik— euskararekin eta euskal kulturarekin: familian ez dutelako aukerarik, lagunartean ez dutelako, kirol-taldean ez dutelako eta abar, eta abar. Askorentzat ikastetxea da euskal kulturarekin harremana izateko aukera bakarra. Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jotzen dugu kultur erreferenteak ikasgeletan modu kontzientean lantzea.
Irakasle oro euskara-irakasle eta kultur eragile dela diozue. Garrantzitsua da horretaz jabetzea?
Bai, garrantzitsua da. Ohartuta edo ohartu gabe, irakasle guztiak dira hizkuntza-irakasle, edozein irakasgai irakasten dutela ere. Hori nahiko argi ikusi ohi da: irakasle guztion tresna da hizkuntza eta erabiltzen dugunean transmisore gara, baita hizkuntza-eredu ere. Ezinbestekoa da ahoz zein idatziz adierazpen ona izatea. Zailagoa gertatzen da, ordea, ohartzea gure ikasleendako kultur erreferente eta transmisore ere bagarela eta proposatzen ditugun ariketa, jarduera eta azalpenekin kultura bat edo batzuk erreproduzitzen ditugula. Iratxe Retolaza —irakaslea, literatur kritikaria eta kultur sorkuntzan zein transmisioan aditua dena, besteak beste— ohartu da irakasle askok ez dituztela Euskal Herria, euskal kultura eta euskal komunitatea marko erreferentzial gisa hautatzen. Dioenez, aukeratzen duten marko erreferentziala gure ingurune naturalari baino gehiago lotzen zaie blaitzen gaituzten beste kulturei. Bere hitzetan, «edozein irakasle, edozein jarduera, aurkezpen edo proiektu pentsatzen duelarik, erreferentzia marko batean kokatzen da —ohartuta ala oharkabean—».
Gainera, gure iritziz, diziplina guztietako irakasle guztiek izan behar dute euskal kultur eragile, eta ez, esate baterako, euskara-irakasleak bakarrik. Eta, horretarako, gure begirada aldatu beharra dago. Asmo horrekin diseinatu dugu «Ikasgela kulturaz blaitu» ikastaroa. 10 orduko pilulatxo bat besterik ez da izango, baina sentsibilizaziorako abiapuntu bat izatea nahiko genuke.
Nola txerta dezakete irakasleek euskal kultura beren arloetan?
Irakasleok konturatu behar dugu zein den benetan egoera, eta kontzientziatu dena egin dezakegula euskaraz eta euskal kulturari eta komunitateari loturik —edozein irakasgai irakasten dugula ere—. Horretaz jabetu ondoren, ikusiko dugu gure irakasgaian zenbateraino landu dezakegun euskal kulturaren transmisioa eta sorkuntza. Nekeza dirudi, esate baterako, Fisikan edo Kimikan kultura transmititzea; baina, Iratxe Retolazak dioen moduan, «beti pertsona gisa, irakasle gisa eta, zer esanik ez tutore gisa, gure gizarteko eta inguruko erreferentzien inguruan pista asko ematen ditugu etengabe. Asteburuan zer egin dugun kontatzen hasten garenean berean ikusten da, adibidez, euskal kulturan murgilduta gauden ala beste kultura batzuetan bizi garen, eta hori jaso egiten dute ikasleek».
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Txiki-txikitatik ikasleek aukera izan behar dute ez bakarrik euskarara hurbiltzeko, baizik eta euskal kulturara gerturatzeko. Modu egituratuan, D ereduaren bitartez.
Ikasleak «euskaldun oso» bilakatzea da erronketako bat. Euskaldun oso izateko, ez da nahikoa euskara jakitea, hau da, kodea ezagutzea. Horretaz gain, beharrezkoa da hizkuntzarekiko atxikimendua sentitzea, lotura afektiboa sentitzea, sentimen horrek bultzatzen baitu hiztuna euskara erabiltzera. Euskararekiko atxikimendua sortzeko edo atxikimendua sendotzeko bide bat euskal kultura ezagutzea da. Eta, ezagutzeaz gain, euskaraz sortzea.
Guk beharrezkotzat jotzen dugu kultur erreferenteak ikasgeletan modu kontzientean lantzea, zeren eta hezkuntzan lantzeak bermatu dezake ikasleek euskal kulturaren oinarriak ezagutzea, bertako kultura ezagutzea. Eta gero, hortik, urrats bat egin nahi dugu aurrera: euskal kulturgintzan modu aktiboan parte hartzeko prestatu behar dira ikasleak.
Hona iritsi nahi dugu: ikasleak euskal kulturaren ezagutzaile, erabiltzaile, transmisore eta sortzaile izan daitezela. Euskal kulturaren oinarriak ezagutu ditzatela nahi dugu, eta, horrekin batera, gazteen sormena eta irudimena sustatzea dugu helburu. Hau da, gure kultur ondaretik abiaturik, gazteen arreta erakarri nahi dugu, haiek ondare horrekin esperimentatu dezaten eta, ondoren, eurek sortu dezaten nahi dugu.
Nori dago zuzenduta?
Euskal kulturaren inguruan interesa duen irakasle eta hezitzaile orori dago zuzendua, baina batik bat Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleei.
Nabarmentzeko zerbait?
Garrantzitsua da hezkuntza-komunitatea egoeraz jabetzea eta irakasgai guztietako irakasleek euskara, euskal kultura eta Euskal Herria erreferentzia-marko gisa erabiltzeko baliabideak ezagutzea —baita baliabide batzuk eurek sortzea ere—.
Nolanahi ere, argi utzi nahi dugu euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez dela, inondik inora, irakasleen ardura soilik; gizarte osoaren ardura dela.