Asier Larrinaga Larrazabal: "Zientziaren oinarrietara hurbiltzeko kazetari batek izan ditzakeen ezagutza, gaitasun eta esperientzietatik abiatzen ahalegindu naiz"

2025eko urriaren 21a

Asier Larrinaga Larrazabal: "Zientziaren oinarrietara hurbiltzeko kazetari batek izan ditzakeen ezagutza, gaitasun eta esperientzietatik abiatzen ahalegindu naiz"

Zenbait gako kazetarientzat zientziaren komunikazioaz liburua argitaratu berri du UEUrekin Asier Larrinaga Larrazabalek (Bilbo, 1965). Liburua kazetari guztientzat ez ezik, hedabideetan urratsen bat egin nahi luketen zientzialarientzat ere interesgarri eta probetxugarria dela dio EITBko Euskara Zerbitzuko arduradunak. Larrinaga Zientzietan (EHU) eta Euskal Filologian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea) da eta doktorea da soziolinguistikan. UEUrekin beste bi liburu hauek ere argitaratu ditu: Euskararen normalizazioa: ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra (2019) eta Euskara kolokialaren eskuliburua (2020).

Hedabideetan gero eta arreta gehiago eskaintzen zaie zientziarekin loturiko gaiei. Zerk eraginda?

Egun, bizi-kalitate handia dugu, Mendebaldeko gizarteetan, behintzat, eta jendea jakitun dago zientziari esker dela. Aldi berean, gure bizimoduak mehatxu oso larriei egin behar die aurre, hala nola klima-aldaketari, pandemia birikoei eta energia-iturrien krisiari, eta herritarrek badakite zientzia dela irtenbidea.

Hala ere ez da beti komunikazioarekin asmatzen. Zeintzuk dira zailtasun nagusiak?

Zailtasunak, edo aurka jokatzen duten faktoreak, asko dira. Nik multzo bitan bilduko nituzke. Alde batetik, komunikazioa bera oztopatzen duten elementuak daude: informazioaren eta entretenimenduaren nahastea, informazio-iturrien fidagarritasuna... Beste aldetik, sasizientziaren oldarraldia dago, pertsona asko errebelatu egiten baitira ezagutza zientziari esker hazi eta garatzen den mundu baten aurka.

Nola egin aurre zailtasun horiei?

Eskola eta hedabideak dira gakoak, alegia, hezkuntza eta informazioa. Nire liburuan, hedabideetan ipini dut arreta, mundu hori apur bat ezagutzen dudalako, baina eskolan ezarri behar den oinarri onik gabe alferrekoa da kazetarien lana.

Kazetariak zientzia-gaiak komunikatzeko formazio espezifikoa jaso beharko lukeela uste duzu?

Zientziaren edo, hobeto esanda, ezagutzaren esparrua zabalegia da edozelako zientzia-gaiak erabiltzen dituen kazetari batek formazio espezifikoa izateko. Hobe da kazetari horrek zientziaren oinarrien ezagutza izatea, eta horixe da nire liburuan eskaini nahi dudana. Zientziaren oinarrietara hurbiltzeko modu asko dago, eta ni kazetari batek izan ditzakeen ezagutza, gaitasun eta esperientzietatik abiatzen ahalegindu naiz.

Nori zuzenduta dago?

Nire liburua, lehenik eta behin, zientzia-gaiak lantzen dituzten kazetariei zuzenduta dago, baina ez haiei bakarrik. Uste dut kazetari guztiei izan dakiekeela interesgarri eta probetxugarria, eta, zalantza barik, hedabideetan urratsen bat egin nahi luketen zientzialariei ere bai. Eta, noski, liburua zientziaz eta komunikazioaz gehiago jakin nahi duen edonork irakur dezake.

Zerbait nabarmenduko zenuke?

Lehen irakurleek esan didate liburua entretenigarri egiten dela.

Jakintza-arloak