Arantza Martinez Etxarri: "Sormena da gizakiok dugun baliabidea etorkizuneko erronkei eta beharrei erantzuteko"

2026ko martxoaren 5a

Arantza Martinez Etxarri: "Sormena da gizakiok dugun baliabidea etorkizuneko erronkei eta beharrei erantzuteko"

"Elkarlanean sortzen: ipuin laburra" ikastaroa emango du UEUrekin Arantza Martinez Etxarrik (Donostia,1965). Euskal Filologiako ikasketak egin zituen (Deustuko Unibertsitatea), Hizkuntzalaritzan du masterra (University of Southern California) eta doktorea da Hizkuntzalaritzan (Deustuko Unibertsitatea). Azken urteetan sormenaren arloan murgilduta dago eta bere lehen olerki-bilduma ere argitaratu zuen, Haize gaziak (Maiatz, 2024). Apirilaren 18an Eibarren emango duen saioaren berri gehiago jakiteko izan gara berarekin. Izen-ematea irekita dago.

Sormenaz hausnartzeko tartea eskaini nahi duzu ikastaroan. Zergatik?

Gizakiok sortzeko gaitasuna dugu baina, beste edozein gaitasun bezala, sormena ikasten den eta landuz garatzen den gaitasuna da. Sormena da, nire ustez, egun landu gabe dugun arloa. Ikastetxeetan irakatsi beharko litzatekeen arloa dela uste dut, baita unibertsitateetan eta UEU bezalako erakundeetan ere. Horregatik, aparta iruditzen zait UEUk sormenaz hausnartzeko eta sortzeko eskaintzen digun aukera hau.

Horrez gain, sormenaz hausnartzea behar-beharrezkoa dela deritzot. Sormena da gizakiok dugun baliabidea etorkizuneko erronkei eta beharrei erantzuteko.

Sortzaileak guztiok garela diozu. Zalantzan jartzeko joera dugu?

Sormena gizakion gaitasun bat da, gizakia sortzailea da jaiotzez. Umeek sortzeko ahalmena erakusten dute oso gazte direlarik, haien mundu imajinarioak sortzen dituzte eta eroso sentitzen dira sortutako errealitate anitz horietan. Sortzeko gaitasun hori, zoritxarrez, gutxitzen doa adinean aurrera goazen heinean eta maiz berezkoa dugun ahalmen horretaz ahaztu egiten gara. Heldutasunarekin, ziurtasun eta konfiantza falta nagusitzen dira, baita sortzeko beldurra ere. Horrez gain, gure sortzeko gaitasuna zalantzan jartzeko joera dugu. Beldur horiek uxatzea eta konfiantza bereganatzea izango da ikastaro honen helburuetako bat.

Nola aktibatu sortze-gaitasuna?

Sortzeko gaitasuna sortuz aktibatzen da eta sormena aktibatzeko baldintza batzuk behar dira. Batetik, giro erlaxatua ezinbestekoa da irudimena lantzeko. Egoera erlaxatu batean gaudenean, estres-hormonak murriztu egiten dira, hala nola kortisola, adrenalina, noradrenalina eta abar, eta horren ondorioz, burmuinak modu eraginkorragoan funtzionatzen du, neuronen arteko konexioak erraztuz eta sormena sustatuz.

Bestetik, sormena aktibatzeko teknikak praktikan landu daitezke. Gauza biak garatuko ditugu ikastaro honetan, mindfulness teknika baliatuz, sortzen lagunduko diguten egoera erlaxatuetan murgilduko gara.

Lierni Azkargorta idazleak ikastarorako idatzitako ipuin laburra landuko duzue ikastaroan.

Bai. Izugarrizko poza eman zidan Lierni Azkargortak ikastaro honetarako bereziki ipuin bat idatziko zuela baieztatu zidanean. Liernik idatzitako ipuina landuko dugu ikastaroan, baita Anatomia Bertikalak liburutik berak aukeratutako poema surrealista ere. Pribilegio bat izango da guztiontzat Lierniren material hauek izateko eta lantzeko aukera izatea.

Nori dago zuzenduta?

Ikastaroa sormenean interesatuta dagoen edonori zuzenduta dago. Hots, zerbait ezberdina eta berritzailea egiteko prest dagoen edonori, zerbait hori multimodala izan daitekeelarik; idatzia, ahozkoa, ikus-entzunezkoa, marrazketa, diseinua eta abar.

Nabarmentzeko zerbait?

Iazko ikastaroaren arrakasta eta partaideek erakutsi zuten motibazioa aintzat hartuz, ilusioz eskainiko dut aurrekoarekin estuki lotuta dagoen ikastaro hau. Sormenaren alderdi ezberdinak landuko ditugu, ez bakarrik ipuin laburraren sormena eta literatura, baita sormen artistikoa ere, konposizio musikala, ahozko sormena eta abar.

Beraz, partaideak animatzen ditut nahi duten azpiarloan sortzeko saiakera egitera.

Jakintza-arloak