Ane Iturriarte Basterretxea: «Funtsezkoa iruditzen zait orain arte marjinetan bizi izandako pertsonen ahots eta esperientziak lehenengo lerrora ekartzea»
2026ko azaroaren 12a

Emakumeek idatzitako euskal eleberrigintzan egiten den gorputz lesbiko eta bolleroen lanketan jarri du azpimarra Ane Iturriarte Basterretxeak (Gernika-Lumo, 1997) doktorego-tesian. Testuinguru horretan landu du osasun mentalaren auzia, betiere, gorpuztasunaren eta sexualitatea bizitzeko eta adierazteko modu disidenteen markoan. UEUk antolatutako IkerGazte kongresuan «Zaurgarritasunaren epizentrotik idazten. Osasun mentala Alaine Agirre Garmendiaren eleberrigintzan» lana aurkeztu zuen eta horretaz guztiaz hitz egiteko izan gara berarekin. Iturriartek Euskal Hizkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Modernoak: Ingeles Ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Irakaskuntza Masterra ere badu (UEU) eta 2021az geroztik doktoregaia da Deustuko Unibertsitatean.
Euskal Hizkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Modernoetako ikasketak egin eta ikerketaren mundurako saltoa eman zenuen gero. Zergatik Euskal Ikasketak? Zergatik ikerketa?
Betidanik izan dut interes berezia gure hizkuntza eta kulturarekiko, eta hori izan zen, hain zuzen ere, ikasketak hautatzeko orduan izan nuen motibazio-iturri nagusia. Ikasketek aurrera egin ahala, gainera, nire interesgune ziren gaiei heltzeko aukera izan nuen eta horrela murgildu nintzen genero- eta kultura-ikasketetan; hala, nire ibilbide akademikoan sarritan agertu da esperientzia, errealitate eta begirada disidente, isildu eta minorizatuei erreparatzeko interesa.
Ikerketaren mundurako saltoa, berriz, ahots horiei ikusgarritasuna ematen jarraitzeko grinatik jaio zen. Ordura arteko ikerketa-lantxoetan hala egin eta oso gustura jardun nintzenez, bide horretan jarraitzea erabaki nuen. Ordutik, Bigarren Hezkuntzako irakasle-jarduna ikerketarekin uztartzen dut.
Eleberrigintza eta osasun mentala dituzu ikergai. Nola sortu da aukera?
Arestian aipatu legez, graduko ikasketetan hasi nintzen marjinetako errealitate eta esperientziak aztertzen. Euskal Ikasketetako Graduko Gradu Amaierako Proiektuan emakumezkoek idatzitako euskal literatura garaikidea aztertu nuen eta ikerketa-ildoetako bat izan zen osasun mentalaren trataera corpusa osatzen zuten lanetan. Bertan hasi nintzen osasun mentalaren auzia, betiere emakumeen ahotsetatik jasoa, aztertzen.
Alaine Agirre Garmendiaren eleberrigintzan sakondu duzu. Zergatik Agirrerenean?
Hasteko, zalantzarik ez dago Agirre euskal literaturako idazlerik emankorrenetako bat dela irakurleei (haur, gazte eta helduen literatura sortu du) eta lantzen dituen literatura-generoei dagokienez. Ildo beretik, lortu dituen askotariko sariek ere haren lanen kalitatea azpimarratzen dute. Niretzat, ordea, idazle hau hautatzeko eta ikertzeko amu nagusia haren diskurtsoa izan da: alde batetik, gaixotasun mentalari buruz hitz egiteko modua eta, bestetik, oraindik ere askotan, itzalpean uzteko hori mahaigaineratzeko duen adorea.
Zer da haren lanean atzeman nahi izan duzuna zehazki. Eta zein izan da horretarako prozedura?
Ikerketaren helburuak bi izan dira, batetik Alaine Agirre Garmendiaren eleberrigintzan osasun mentalak hartzen duen leku eta diskurtsoa ikertzea eta, bestetik autorearen bizi-esperientziekin izan ditzakeen lerrokatzeak identifikatzea. Horretarako, hark idatzitako lau eleberri aztertu nituen (Odol mamituak; X hil da; Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama; eta, Karena), bai eta autoreak emandako askotako elkarrizketak ere.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Emaitzek erakutsi dute aldarrikapenean oinarritutako literatura dela Agirrek egiten duena: kolektibotasunetik idazten du; eritasun mentalei buruz hitz egiterakoan literaturaren eta dibulgazioaren arteko hibridoa eraikitzen du; eta, horri lotuta, hirugarren pertsonatik lehenengora igarotzeko tendentzia izan ohi du. Hala eta guztiz ere, nire ikerketa-lerroei dagokienez, interes handiena izan dezakeen kontua da emakume izatearen eta gaixotasun mentala pairatzearen arteko intersekzioa lantzen duela idatzitako eleberri guztietan.
Zein da ikerketaren hurrengo urratsa?
Ikerketa honek etorkizunerako ikerlerro ugari zabal ditzakeen arren, bereziki interesgarria iruditzen zait, nire tesi-proiektuari dagokionez, arestian aipatutako genero-gaixotasun mental intersekzioari sexualitatearen dimentsioa gehitzea eta, beraz, aztertzea.
Ikertzen den hori dibulgatzea garrantzitsua dela deritzozu?
Zeharo. Alde batetik, funtsezkoa iruditzen zait orain arte marjinetan bizi izandako pertsonen ahots eta esperientziak lehenengo lerrora ekartzea; finean, itzalpetuak izan diren esperientziei euren lekua aitortzeko modua da. Bestetik, hori euskaratik eta euskal gizartearen paisaiatik egitea ere funtsezkoa dela deritzot.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Erronkak ugari eta askotarikoak dira; dena den, bi azpimarratuko nituzke: ikergaiaren azaleratze berantiarra eta, ondorioz, berritasun horrek dakarren konplexutasun gehigarria.