Andrea Arrizabalaga Lasa: "Beharrezkoa da hezkuntza formalaren eta ez-formalaren errealitatea ezagutzea eta nola osa daitekeen ikustea"

2025eko ekainaren 3a

Andrea Arrizabalaga Lasa: "Beharrezkoa da hezkuntza formalaren eta ez-formalaren errealitatea ezagutzea eta nola osa daitekeen ikustea"

"ARTE HEZKUNTZA. Baliabide berriak hezkuntza praktika aberasteko" ikastaroa egingo da uztailaren 2an eta 3an Tabakaleran. Andrea Arrizabalaga Lasa (Getxo, 1980) da antolatzaileetako bat. Arte Ederretan lizentziatua (EHU) eta Arte Hezkuntzako Ikasketa Aurreratuetan diplomatua (UB) da. 2008an Artaziak kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, eta hainbat proiektu garatu ditu arte-hezkuntzako eta kultura-bitartekaritzako praktiken inguruan, hala nola Tabakalera Donostiaren hezkuntza-proiektua eta DSS2016EU Europako hiriburutzaren proiektua Donostian. Gaur egun, Artaziak kooperatibako bazkide izaten jarraitzen du, eta Tabakalerako (Donostia) Hezkuntza Saileko kidea da. Tabakalerako (Donostia) Hezkuntza Sailak eta UEUk elkarlanean antolatutako ikastaroaz hitz egiteko izan gara berarekin.

Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko espazio partekatuak bultzatzearen beharra azpimarratuko duzu. Zergatik?

Uste dut bi esparruek zeregin komuna dutela, hezkuntza bera. Baina errealitate desberdinetan kokatuta daude eta bakoitzak hezkuntzan dauden beharrei erantzuteko espazioak, denborak eta baliabide propioak ditu. Uste dut beharrezkoa dela bakoitzaren errealitatea ezagutzea eta nola osa daitekeen ikustea.

Adibidez, hezkuntza ez-formalaren esparruan erabiltzen diren tresnak edo estrategiak hezkuntza formalean baliagarriak izan daitezke. Edo hezkuntza formalaren testuinguruan dauden alderdiak (curriculuma, problematikak..) ezagutzea komeni da hezkuntza ez-formalaren eremuan praktika kokatua eta koherentea egiteko.

Arte-hezkuntzaren kasua aztertuko duzue zehazki. Nola?

Alde teoriko txiki bat egongo da hasieran. Praktikan sartu aurretik marko bat osatuko dugu. Arte-hezkuntzako korronteak aipatuko ditugu eta batez ere gaur egungo praktikak aztertu. Irakasle bakoitzak bere eguneroko praktikaren inguruan hausnartzeko aukera izango du. Horrela, egiteko beste modu batzuetan sartzeko abiapuntua ezarriko dugu.

Jarraian artista gonbidatuarekin ariketa bat egingo dugu, Mirari Echavarrirekin hain zuzen ere. Tabakalerako erakusketa izango da ardatza eta baliabide nagusia. Proposamen honen helburua da arte-hezkuntzaren markoan beste praktika, eredu, erreferente eta baliabideak ezagutzea eta erabiltzea. Irakasleek hau eginez gero, beren gelara eraman ahal izango dituztenak. Horrela poliki-poliki beren praktika aberasten joango dira.

Amaieran itxiera bat egingo dugu, sortu den material pedagogikoa konpartitzeko eta saioari balorazio bat emateko.

Nori zuzenduta dago?

Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko irakasleei eta DBHko irakasleei dago zuzenduta.

Zerbait nabarmentzeko?

Tabakaleran bertan garatuko da ikastaroa eta espazioak, baliabideak eta beste programa batzuk ezagutzeko aukera ere izango dugu. Hau ere erabilgarria izan daiteke irakasleentzat.

Jakintza-arloak