ARTE HEZKUNTZA. Baliabide berriak hezkuntza praktika aberasteko

Aurkezpena
Beharrezkoa da hezkuntza formalaren eta ez-formalaren artean espazio partekatuak egotea. Eskolak, eta Tabakalera bezalako arte garaikideko zentroak konplize izan daitezke lan pedagogiko amankomun batean. Tabakalerako Hezkuntza Sailak gaur egun bere inguruko hezkuntza-testuinguruetan gertatzen ari diren erreferenteak, praktikak eta errealitate pedagogikoak ezagutu behar ditu, eta aldi berean, eskoletako irakaslegoa arte-esparruko estrategia, material eta tresnez balia daitezke beraien praktika pedagogikoa aberasteko.
Horregatik ikastaro honek bi eremuetako profesionalen arteko topaketa eta ikaskuntza testuinguru bat proposatzen du: irakasleek eta artistek (zein arte-hezitzaileek) elkarrekin arte hezkuntzarako baliabide eta esperientzia berriak sortzeko.
Ordutegia:
Uztailak 2, asteazkena:
- 9:00-13:00 eta 14:30-16:30
- 9:00-13:00
Helburuak
• Inguruko praktika artistikoetara gerturatu, gure erreferente artistikoak zabaltzeko
• Arte hezkuntzarako estrategia eta baliabide berriak barneratu
• Gure hezkuntza-proiektuetarako material berriak ezagutu, esperimentatu eta probatu
Edukiak
Ikastaroa bi bloketan banatuta dago:
Lehenengoan, orokorragoa dena, hezkuntza artistikoari buruz hitz egingo dugu. Hezkuntza-testuinguru desberdinetan ematen ari diren arte-hezkuntzako praktikak, baliabideak, esperientziak eta beharrak partekatuko ditugu. Halaber, irakasleentzat inspiratzaileak izan daitezkeen eremu artistikoko beste praktika eta erreferente batzuk partekatuko ditugu, eta baliabide horiek eguneroko hezkuntza-praktikan sartzeko moduak asmatuko ditugu.
Bigarren blokean, hezkuntza-praktikatik gertu dagoen artista batekin lan egingo dugu, bere ibilbidea eta tresna artistikoak zein gure irakasgai edo hezkuntza-proiekturako egokitzapen posibleak gurekin partekatzeko.
Metodologia
Ikastaroa oso praktikoa izango da. Aurkezpen labur batzuk egongo dira gure burua kokatzeko eta gaiak planteatzeko, baina edukiak batez ere askotariko ariketa eta dinamikekin landuko dira. Ariketa hauek praktika artistikoetan oinarrituta egongo dira eta haien estrategiak eta tresnak erabiliko ditugu; material plastikoak, gorputzak, ikus-entzunezkoak…
Nori zuzenduta
LH 2. eta 3.zikloko irakaslegoari eta DBHko irakaslegoari zuzendua.