Alaitz Muro Larizgoitia: «Emakume artisten lanak inspirazio-iturri erabiliko ditugu norberak bere istorio propioa kontatzeko»
2026ko urriaren 13a

«Emakume artistekin solasean» ikastaroa emango du online Alaitz Muro Larizgoitiak (1978, Durango) urriaren 28an hasita. Pedagogoa eta arteterapeuta da Muro eta ikastaroa sortzeko, jolasteko, esperimentatzeko, ezagutzeko eta artea modu desberdin batean bizitzeko aukera paregabea dela dio. Izen-ematea irekita dago.
Bi emakume artista aurkeztuko dituzu ikastaroan. Zeintzuk? Eta zergatik horiek?
Chiharu Shiota, lantzen dituen gaien garrantziagatik (memoria, heriotza-bizitza eta harremanak, besteak beste) eta bere instalaziok egiteko erabiltzen dituen materialengatik (objektuak, hariak, arropa, leihoak…). Eta Fina Miralles, oso ezaguna ez den emakumea artista aitzindarietako bat dugulako. Haren lanak feminismoaren, naturaren eta gorputzaren arteko harremanean oinarritzen direlako arte-diziplina desberdinak erabiliz (argazkigintza, bideoa, pintura eta collagea, adibidez).
Haien lanak inspirazio-iturri erabiliko dituzu. Zer helbururekin?
Bai, hori da. Haien lanak inspirazio-iturri erabiliko ditugu norberak, artista hauek planteatzen dituzten gaietan, bere istorio propioa kontatzeko.
Zein izango da metodologia?
Apunteak eta bideoak erabiliko dira artista ezagutzera emateko eta ondoren alde praktikoa eskainiko da. Norberak produkzio propioa sortuko du jasotakoa integratuz eta norbanakora esperimentazioaren bidez eramanez.
Nori dago zuzenduta?
Emakume artistak ezagutzeko gogoa duenari eta baita esperimentazioan eta jolasean oinarritzen diren sormen-lanak egiteko kuriositatea duen edozeini.
Gogoan izan denok garela sortzeko gai, sarri ahaztu egiten zaigu, baina denok, salbuespenik gabe, berezkoa dugun gaitasun bat da eta horrekin konektatzeko gonbita egiten du ikastaro honek.
Nabarmentzeko zerbait?
Online izan arren beldurrik ez izateko eta elkarrekin konpartitzeko aukera ere eskaintzen duen ikastaroa dela aipatuko nuke. Beti izango nautela pantailaren beste aldean laguntzeko prest eta behar dituzten argibideak emateko. Sortzeko, jolasteko, esperimentatzeko, ezagutzeko eta artea modu desberdin batean bizitzeko aukera paregabea!!!