Alaitz Muro Larizgoitia: "Emakume artistak ezagutzeaz gain, sormenarekin konektatzeko interesa duen edozeinentzat da ikastaroa"

2026ko martxoaren 20a

Alaitz Muro Larizgoitia: "Emakume artistak ezagutzeaz gain, sormenarekin konektatzeko interesa duen edozeinentzat da ikastaroa"

"Emakume artistekin solasean" ikastaroa emango du online Alaitz Muro Larizgoitiak (1978, Durango) apirilaren 13an hasita. Pedagogoa eta arteterapeuta da Muro, Haur Hezkuntzako Gradua du, Psikodidaktikan ikerkuntza-gaitasuna eta psikomitrizista ere bada. UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean antolatutako ikastaroa da eta matrikula doakoa da. Izen-ematea irekita dago.

Lau emakume artista ezagutaraziko dituzu ikastaroan. Zeintzuk? Eta zergatik horiek?

Ikastaro honek lau emakumeren lana izango du erreferentzia eta inspirazio-iturri, historian zehar eta haien lanen bidez barne-ezagutzaren ikuspegi zabala eman duten emakumeak, sentitzen duguna artearen bidez ikusgarri egin duten artista ameslari eta aitzindariak.

Lehenik, HILMA AF KLINT (1862-1944), abstraktismoaren eta mugimendu horrek ikusten ez den munduarekiko duen harremanaren eta konpromisoaren aitzindaria. Bigarrenik, ANA MENDIETA (1948-1985), performancearen historiako artista handienetakoa. Hirugarrenik, CHIHARU SHIOTA (1972), emozioak, oroitzapenak eta sentimenduak gogora ekarriz, subkontzientean eta ametsetan arakatu eta sartzen den artista japoniarra. Eta azkenik, FINA MIRALLES (1950), sentsibilitate handiko artista kontzeptuala eta ingurune naturalean ekintzak (happening-ak) egiten lehenetarikoa.

Emakume horien lanak ikusezinaren, inkontzientearen, ametsen edo oroimenaren inguruko esperientzia eta kezka artistikoetatik sortzen dira. Guztiak pinturaren, eskulturaren, instalazioaren, body art —eta land art— edo performancearen bidez gauzatutakoak dira; mundu ez fisikoko eta pentsamendu ez arrazionaleko esperientzietan oinarritutako obrak. Lan horiek etorkizun gizatiarrago eta atseginago bat sortzen jarraitzeko deia luzatzen digute.

Haien lanak inspirazio-iturri erabiliko dituzu. Zer helbururekin?

Emakume artisten lanak inspirazio-iturri izanik norberak bere produkzioa sortuko du material desberdinekin jolastuz, esperimentatuz eta esploratuz, norberaren gaitasun sortzaileekin konektatzeko.

Dimentsio fisiko eta emozionalean murgiltzeko espazio askea proposatu nahi duzu. Zein izango da metodologia?

Lehengo kontestualizazioa egingo da, hau da, artista bakoitzarekin aste bat emango dugu nor den eta bere obra ezagutzeko aukera izanik (bideoak, artikuluak, liburuak, irudiak, apunteak, etab.) Ondoren, aste horren barruan, dagokion artistaren obra eta prozesuak inspirazio dimentsio fisiko eta emozionalean murgilduko gara sormen-proposamenarekin. Artisten prozesuak eta haien lanak ezagutzeak gure dimentsio fisikora eta emozionalera hurbilduko gaitu (gorputzera eta barnean daramagunera), eta behin hurbilketa hori eginda, sormen-proposamenak sakontzeko eta gugan dagoen horri adierazteko modu berriekin esploratzeko eta jolasteko aukera emango digu.

Espazio askea da, proposamen berdinetik abiatu arren, bakoitzak ibilbide propioa eraikiko duelako; norberak askatasuna izango du proposatuko den hori abiapuntutzat hartuta bere bidaia-prozesu propioa bizitzeko, norbere burua eta besteak epaitu gabe, sortuko dugun espazio “intimo” hori espazio aske eta babesleku izango dugu. Gure gorputzetik, alde emozionaletik eta inkontzientetik datorrenari ongietorria emanez, dena delakoa azaleratzen den hori besarkatuz. Prozesu osoan zehar bizi izandakoa jasotzeko eta integratzeko parada ere egongo da.

Nori dago zuzenduta?

Emakume artistak ezagutzeaz gain, sormenarekin konektatzeko interesa eta kuriositatea duen edozeini. Ikastaro honetarako, ezagutza artistikoak izatea edo sortzaile sentitzea ez da beharrezkoa. Pertsonak jakin-mina eta gogoa baino ez ditu behar esperientzia hau bizitzeko.

Nabarmentzeko zerbait?

Ikastaroan honako hauek landuko ditugula: nor bere buruarekin elkarrizketa sortzaile eraikitzeko erremintak aurkitzea, zure pertzepzio- eta sormen-gaitasunetara irekitzea, naturaren eta zure botere eraldatzailearekin konektatzea eta barne- eta kanpo-entzuketaren potentziala aztertzea. Artistak eta haien prozesu-obrak ezagutzearekin batera, taldeko bizipen intimo batean murgilduko gara, non prozesuan bizitakoa eta sortutakoa integratzen joango garen. Natura da abiapuntua, eta materialak dira komunikaziorako eta esploraziorako tresna. Ondoren, hitzari-idazketari tartea eskaintzeko (integratzeko eta konpartitzeko).

Une bakoitzean azaleratzen den hori jaso eta eramaten uztea da kontua, sortzen den guztia ondo dagoela jakinda!

Jakintza-arloak