Aitzol Astigarraga Pagoaga: «IEB informatika euskaraz lantzeko sortu zen, eta gaur egun ere horixe da gure helburu nagusia»
2026ko azaroaren 6a

Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB) egingo da azaroaren 12an Donostian, Ignacio Mª Barriola zentroan. 14. edizio da aurtengoa, baina IEBk 30 urte bete dituela esan digu Aitzol Astigarraga Pagoagak (Mutriku, 1976) UEUko Informatika Saileko sailburuak eta bilkuraren koordinatzaileak. «IEB2026. Jauzi kuantikoa» izenpean informatikarekin zerikusia duen orori, eta baita gai hauetan jakin-mina duen edonori zuzendutako jardunaldia dela aipatu digu Astigarragak: «Ez da beharrezkoa konputazio kuantikoari buruzko aurretiazko ezagutzarik izatea». Izen-ematea irekita dago.
Informatikari Euskaldunen Bilkuraren 14. edizioa da aurtengoa. Zein da balorazioa?
Aurten 14. edizioa egingo dugu, baina IEBk 30 urte beteko ditu! Lehenengo bilkura 1996an egin genuen, Donostian.
IEB informatika euskaraz lantzeko sortu zen, eta gaur egun ere horixe da gure helburu nagusia. Baina, horrez gain, bilgune bat ere bada: bi urtean behin, irakaskuntzako, ikerketako, industriako eta administrazioko profesionalak elkartzen gara, baita informatikazale asko ere.
Balorazioa ona da. Hogeita hamar urte hauetan, informatikaren bilakaeraren lekuko izan gara: Internet, sare sozialak, mugikorrak, burujabetza teknologikoa, adimen artifiziala eta, aurten, konputazio kuantikoa. Gai horiek guztiak euskaraz landu eta eztabaidatu ditugu.
Baina badugu erronka bat: belaunaldi-erreleboa. Gaur egungo antolatzaileen artean badaude lehen ediziotik ari direnak, eta gero eta gehiago kostatzen zaigu gazteak erakartzea, bai parte hartzera, bai antolakuntzan sartzera. Horregatik, azken edizioetan ikasleei beren proiektuak aurkezteko gonbita egin diegu. Aurten ere baditugu ikasleen lanak programan. Lekukoa hartuko duen belaunaldia behar dugu.
«Jauzi kuantikoan» jarriko duzue aurtengoan azpimarra. Zergatik?
Arrazoi bat baino gehiago dago. Lehena, IEBren izaera bera: edizio bakoitzean, une horretan informatikan garrantzitsua dena euskaraz aztertzen dugu. 2024an adimen artifizial sortzailea izan zen. Aurten, konputazio kuantikoa. Teknologiaren inguruan gehiegizko itxaropenik jarri gabe baina garrantzia gutxietsi gabe, adituen eskutik lasai aztertu nahi dugu zer dagoen benetan, zer muga dituen gaur egungo teknologiak eta zer aukera ireki ditzakeen.
Bigarrena, gertutasuna. Duela urtebete inauguratu zen Donostian Europako lehen IBM Quantum System Two ordenagailua. Beraz, teknologia hau ez dago hain urrun: Euskal Herrian bertan dugu, eta jardunaldiaren amaieran bisitatzeko aukera izango dugu gainera.
Eta hirugarrena, informatikan izango duen eragina. Konputazio kuantikoak problema jakin batzuei heltzeko beste paradigma bat eskaintzen du, eta badirudi ordenagailu klasikoekin batera erabiliko dela, sistema hibridoak sortuz. Horri buruz ikasteko aukera polita izango dugu.
Konputazio kuantikoaren inguruko zer gai ekarriko dituzue jardunaldira?
Goiz osoan konputazio kuantikoari helduko diogu, oinarrietatik aplikazioetara. Javier Aizpurua Iriazabalek, BasQ estrategia kuantikoaren zuzendari zientifikoak, emango du hitzaldi nagusia, teknologiaren oinarriak eta Euskadin bizi dugun unea azaltzeko.
Ondoren, Jose Antonio Pascualek (EHU) programazio kuantikoak dakarren paradigma-aldaketaz hitz egingo digu: zer aldatzen den eta zer ikasi beharko dugun informatikariok. Aitor Gómez-Tejedorrek (Tecnalia) ikerketaren egoera azalduko digu, eta Aitor Morenok, berriz, laborategitik enpresetara dagoen bidea, hau da, enpresak dagoeneko zertan ari diren teknologia honekin.
Aplikazio zehatz bat ere izango dugu: Izaro Fernandez Iriondok (Biobizkaia) eta Amaia Telleriak (DIPC) konputazio kuantikoa alzheimerraren ikerketan nola erabiltzen ari diren azalduko digute.
Goizeko beste atal garrantzitsu bat komunikazioena izango da. Hor ez dugu kuantika bakarrik landuko; informatikan euskaraz egiten den lanaren erakusleiho izango da. Hamar komunikazio ditugu programan, eta gai oso desberdinak jorratuko dituzte: osasuneko adimen artifiziala, euskarazko web-garapena, Wikipedia eta datu irekiak, software librea, idazketa-prozesuen analisia eta, baita ere, konputazio kuantikoak euskarazko adimen artifizial sortzaileari egin diezaiokeen ekarpena.
Beraz, kuantika izango da eguneko ardatza, baina komunikazioek informatikaren beste arlo batzuetan euskaraz egiten ari den lana ezagutzeko aukera emango digute.
Eta arratsaldean, elkarrekin bazkaldu ostean, Donostiako IBM Quantum System Two ordenagailua bisitatuko dugu.
Bisita gidatua ere antolatu duzue beraz...
Bai, eta jardunaldia amaitzeko aukera polita dela uste dugu. Konputazio kuantikoaz hitz egingo dugu goizean, baina gehienontzat ordenagailu kuantikoa abstrakzio bat da: argazkietan ikusten dugu, baina ez dakigu nolakoa den benetan.
Donostiako IBM Quantum System Two ikusteko aukera izango dugu. Bertatik bertara ikusteak lagunduko digu ulertzen zergatik den hain teknologia konplexua eta zergatik dituen oraindik hainbeste erronka.
Teknologia hau bertan izatea aukera ezin hobea da bertatik bertara ezagutu eta ikerketa-zentroek eta enpresek nola baliatzen duten ikusteko.
Zein da jardunaldiaren helburua?
Hiru helburu nagusi ditugu. Lehenengoa, informatika-arlo desberdinetako pertsonak elkartzea. IEB zerbait bada bilgunea da, eta aukera ematen digu elkarren berri izateko, esperientziak partekatzeko eta harremanak egiteko. Gainera, informatika euskaraz lantzen dugun komunitatea indartzeko balio du.
Bigarrena, konputazio kuantikoa hobeto ulertzea. Asko hitz egiten da teknologia honetaz, baina ez da hain ezaguna zer dagoen atzean, zertarako balio dezakeen eta zein diren gaur egungo mugak. Horri buruz arituko gara.
Eta hirugarrena, etorkizuneko erronkei aurrea hartzea. Teknologia berriek ezagutza eta prestakuntza-behar berriak ekarriko dituzte, eta informatikan ari garenok horien berri izan behar dugu.
Nori dago zuzenduta?
Informatikarekin zerikusia duen orori, eta baita gai hauetan jakin-mina duen edonori ere. Ez da beharrezkoa konputazio kuantikoari buruzko aurretiazko ezagutzarik izatea. Programa oinarrietatik abiatzen da eta aplikazioetara iristen da. Beraz, gaian berria denak ere jarraitu ahal izango du. Adituentzat, berriz, aukera ona izan daiteke arlo honetan egiten ari den lana ezagutzeko eta harremanak egiteko.
Eta kuantikaz gain ere izango da zer entzun eta zer ikasi: osasuna eta adimen artifiziala, Wikipedia, web-garapena, software librea eta beste hainbat gai landuko ditugu komunikazioetan.
Betiko jendea hor egotea asko estimatzen dugu, baina bereziki gazteak gonbidatu nahi ditugu: ikasleak eta lanean hasi berriak.
Nabarmentzeko zerbait?
Aurten hiru urteurren elkartu zaizkigu: IEBk 30 urte beteko ditu, EHUko Informatika Fakultateak 50, eta Donostiako ordenagailu kuantikoak urtebete egin du. Hiru data horiek ondo laburbiltzen dute jardunaldiaren izaera: euskarazko informatikaren ibilbidea eta etorkizuneko erronka teknologikoak, elkarrekin.
Eta besterik ez. Etorri azaroaren 12an Donostiara! IEBk beste 30 urtez jarrai dezan denon parte-hartzea behar dugu.
Ondoko bideoan ikusi dezakezue Astigarragak emandako prentsaurrekoa:
