IEB2026. Jauzi kuantikoa.

Aurkezpena
2026ko azaroak 12an Informatikari Euskaldunen Bilkuraren (IEB) XIV. edizioa egingo dugu Donostian. Jardunaldiak konputazio kuantikoa izango du gai nagusi: teknologia honen oinarri teorikoak, gaur egungo egoera eta informatikara dakartzan aldaketa sakonak aztertuko ditugu, bai eta datozen urteetan aurre egin beharreko erronkak eta aukera berriak ere.
Azken urteotan, konputazio kuantikoak aurrerapauso nabarmenak egin ditu laborategitik haratago: kriptografia, optimizazio-problema konplexuak, zientzia-simulazioak eta ikasketa automatikoa dira teknologia honek irauli ditzakeen arloetako batzuk. Donostian inauguratutako IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoak ere jauzi horretan laguntzea du helburu. Baina, aldi berean, zibersegurtasunari buruzko kezkak, gaur egungo hardwarearen mugak eta prestakuntza-beharrizan berriak ere ageri dira. Jardunaldian, gai horiei buruzko hainbat adituren hitzaldiak eta ekarpenak entzuteko aukera izango dugu.
Horretaz gain, informatikari euskaldunen bilkura izanik, aipatutako gai horietaz ez ezik, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua jardunaldian.
> Komunikazioak bidaltzeko deialdia zabalik dago: IEB 2026: komunikazio-deialdia zabalik