Aitziber Etxezarreta Etxarri: "Gizarte Ekonomiaren arloan dihardugun ikertzaile akademikoak eta profesionalak elkartzeko espazioa sortu nahi izan dugu"
2025eko ekainaren 17a

Gizarte Ekonomiako euskal ikertzaileek hitzordua dute gaur Eibarren. GEZKIk eta UEUk antolatu dute topaketa eta Aitziber Etxezarreta Etxarri (1978, Donostia) aritu da antolaketa-lanetan. Ekonomian doktorea da Etxezarreta, EHUko irakaslea eta GEZKI Institutuko zuzendaria. Harekin izan gara gaur Eibarren egingo den "Gizarte Ekonomiako euskal ikertzaileen topaketaren" inguruan hitz egiteko.
Gizarte Ekonomiaren arloan diharduten ikertzaileei ahotsa emateko espazioa sortu nahi izan duzue. Zergatik?
Gizarte Ekonomiaren arloan dihardugun ikertzaileak elkartzeko espazioa sortu nahi izan dugu; bai akademiatik dihardugunona (Euskal Herriko unibertsitate guztiak ordezkatuta egongo gara), bai sektorean bertan diharduten practitioner-ena ere (Gizarte Ekonomiaren esparru anitzetan aholkulari- eta ikertzaile-lanetan jardunean dabiltzan hainbat erakunde ordezkatuta egongo dira).
Hurbileko zenbait gai lantzeko ditugun ikuspegi edo hurbilpen askotarikoak partekatu nahi ditugu, eta elkarrengandik ikasteko aukerak sortu.
Begirada desberdinek topo egin duten bidegurutze horiek ere identifikatu nahi dituzue.
Bai, noski, banako zein taldeko eragileon lana Gizarte Ekonomiako euskal komunitate honetan partekatzea da espazio honen lehen helburua. Baina horrekin batera, gure lan-esparruek eta ikerketa-ildoek izan ditzaketen bidegurutzeak ere identifikatu gura ditugu, etorkizunean hainbat elkarlan edo bide partekatu eraiki ditzakegula sinistuta.
Jardunaldian posterra aurkezteko aukera luzatu diezue ikertzaileei. Zein izan da erantzuna?
Oso pozik gaude ekimen honek izan duen erantzunarekin. Bai sektoretik eta baita akademiatik ere hamaika ekarpen jaso ditugu (zentzu hertsian, ez literarioan, jeje). Honen helburu nagusiak hauexek dira: jardunaldia irekiko duten bi mahaietako aurkezpenetan garatuko diren lan-ildoen ikuspegia zabaltzea, ikertzaile gehiagori ahotsa eman ahal izatea, eta beste hainbat egitasmori buruzko informazio labur edo sintetikoa eskaintzea.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?
Aurretik aipatu bezala, Gizarte Ekonomiaren esparruan lanean gabiltzan ikertzaile akademiko eta profesionalon komunitatea sendotzea eta, batetik bestera, zein bestetik batera, elkarrengandik ikasteko zubiak eraikitzea.
Zerbait nabarmentzeko?
Eskertzekoa da kontaktatutako ikertzaile zein erakunde guztien erantzun positiboa eta hitzordu honetara etortzeko eginiko ahalegina.