"Aisialdi antolatuan harago joan beharra dago, "jauziak" behar ditugu, aldaketa disruptiboagoak"

2025eko urriaren 29a

"Aisialdi antolatuan harago joan beharra dago, "jauziak" behar ditugu, aldaketa disruptiboagoak"
Alex Vadillo Otxoa eta Aintzane Osa Alberdi

"Aisiberri Topaketa: euskal aisiaren erronkak" antolatu dute elkarlanean Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta UEUk. Bost saiotan banatuko da topaketa eta azarotik martxora egingo da Gasteizen, Izaskun Arrue Kulturgunean. Topaketaren antolaketa-lanetan ari dira Alex Vadillo Otxoa (Gasteiz, 1962) Gasteizko Udaleko euskara-teknikaria eta Aintzane Osa Alberdi (Ondarroa 1969)Arabako Foru Aldundiko euskara-teknikaria. Haiekin izan gara.

Euskal aisia jarriko duzue erdigunean topaketan. Zergatik da garrantzitsua aisialdi antolatuari erreparatzea?

Euskalgintzan transmisioaren paradigmatik sozializazioaren paradigmara igaro garela esan izan da, baina, egia esan, paradigma hori hor egon da beti. Garai batean halaxe esaten genuen, sozializazioa bete-betea izateko hiru ardatz behar zirela, familia, eskola eta kalea, eta hirurik ezean, bi gutxienez behar genituela. Horrenbestetan entzun dugun “eskolak bakarrik ezin du” leloak horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen.

Euskaltzaindiak “Euskararen gogoetagunea” proiektuaren harira ere gauza interesgarriak entzun ditugu horren inguruan. Hainbat sektoretan urrats berriak eman behar direla azpimarratzen dute, baina bakan batzuetan harago joan beharra dago: “jauziak” behar ditugu, aldaketa disruptiboagoak. Eta aisialdi antolatua da, jakina, horietako bat da.

Intuizio garrantzitsuak direla iruditzen zaigu eta horretaz hitz egin beharra dagoela.

Zein dira euskal aisiaren erronkak?

Erronkak asko eta askotarikok dira. Zerbait aipatzekotan, hiru ardatz azpimarratuko genituzke: (a) kohesioa eta inklusioa erraztea, (b) izaera hezitzaileari eustea, eta (c) euskararen biziberritzean ekarpen garrantzitsua egitea.

Hiru erronka horiek ekarri nahi izan ditugu saioetara.

Ez dakit inoiz ohartu zareten, baina administrazioetan kirol-sailak egoten dira, kultur sailak, gazteria-sailak… baina aisialdi-sailik ez. Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko euskara-zerbitzuek antolatu dugu topaketa hau... gazteria- edota hezkuntza-zerbitzuek ere euren ekarpena egin dute.

Zer landuko duzue saio horietan?

Bost saioek badute barne-logika bat. Lehen saioaren bidez aisialdian eman behar den jauziaren testuingurua eman nahi izan dugu: zergatik eta nola. Gainerako saioetan, ordea, arlo zehatzagoak lantzen dira, baina lehen aipatu ditugun hiru erronka horiei erantzuten dietenak: (a) Nola lortzen dugu aisialdia inklusiorako eta kohesiorako tresna izatea? Nola lortu jatorri atzerritarra duten haur eta gaztetxoek ere aisialdi-jardueretan parte hartzea? Nola egingo diegu harrera? (b) Posible al da aisialdia modu planifikatuan antolatzea, tokian toki, eta planifikazio horretan arloko eragile guztiek parte hartzea? (c) Euskararen gaia nola landu behar dugu aisialdian? Euskara eta emozionalitatea nola lotu? Nola lortu aisialdiak euskararekiko bizipen aberasgarriak ekartzea? (d) Aisialdian lan egiten duten profesionalek zer tresna eta zer baliabide dute hori guztia egiteko?

Litekeena da planteamendu anbiziosoegia izatea, baina, oro har, pozik gaude egitarauak zer-nolako forma hartu duen.

Nori dago zuzenduta?

Askotariko publikoa dugu buruan: aisialdian lan egiteko formatu diren edo formatzen ari diren pertsonak: hezitzaileak (begiraleak), zuzendariak, irakasleak, irakasle-eskola... Bestetik aisialdi-arloko profesionalak: enpresetan, administrazio publikoetan, ikastetxeetan. Hirugarrenik aisialdiko ekintzak antolatzen dituzten pertsonak: enpresetako koordinatzaileak, guraso-elkarteetako arduradunak, administrazio publikoetako teknikariak... Eta, jakina, euskalgintzan aritzen diren pertsona guztiak.

Zerbait nabarmentzeko?

Bai. Aisialdian lan egiten duten pertsona eta elkarte horien guztien lana azpimarratu nahi dugu. Aisialdiaren izaera estrategikoari buruz teorizatu ahal dugu edota aisialdia beste modu batean arautu beharraz jardun... baina pertsona eta elkarte horiek dira haur eta gaztetxoekin aurrez aurre egoten direnak, gorputza jartzen dutenak. Haiek gabe honek guztiak ez luke zentzurik izango.

Jakintza-arloak