Ainhoa Urretagoiena Arruabarrena: "Gatazken kudeaketa positiboan, fokua irabaztean edo galtzean jarri partez, negoziazioan jartzen dugu"
2026ko martxoaren 26a

"Gatazken kudeaketa positiboa" ikastaroa emango du Ainhoa Urretagoiena Arruabarrenak (1985, Ordizia) Iruñean, apirilean hasita. UEUk Nafarroako Gobernuaren babesarekin antolatutako doako ikastaroa da. Urretagoiena Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da, PNLko Master Trainerra du eta espezializatua da lantaldeetako Coaching metodologian. 10 urteko eskarmentua du ongizate emozionalari buruzko prestakuntzak ematen. Harekin izan gara.
Zein da gatazken aurrean dugun joera? Garrantzitsua da bakoitzaren estiloa ezagutzea?
Zenbait faktoreren ondorioz, hala nola nortasuna, kultura edo testuingurua, pertsonek joera bat edo beste hartzen dute gatazken aurrean. Thomas-Kilmann ereduaren arabera, arazo baten aurrean, bost erantzun posible daude: lehiatu, saihestu, amore eman, konprometitu edo/eta kolaboratu. Azken finean, batzuk irabaztearen edo galtzearen sentsazioarekin geratzen dira, eta, lanketa pertsonala egiten dutenak, aldiz, akordio batera iristeko ahalegindu direlako ideiarekin. Esan beharra dago, norberaren interesak defendatzea edo amore ematea, erabilgarria suertatu daitekeela harreman mota eta egoeraren arabera, baina beti berdin jokatzea ez da osasuntsua. Horregatik, norberaren joera onartzea eta kalte egiten digunari izena jartzea oso garrantzitsua da; oreka bilatu behar baitugu, testuinguruaren arabera kontzienteki modu batera edo bestera jokatzen jakin behar dugu. Estiloei buruz hausnartzean, autoezagutza eta malgutasuna garatzen ditugu.
Zergatik da garrantzitsua gatazken kudeaketa positiboa lantzea?
Gatazken inguruan aurreiritzi negatibo asko ditugu, arazoarekin baino areago, bestelako elementu batzuekin lotzen baititugu: liskarrak, oihuak, biolentzia, etab. Gainera, askotan, gatazken aurrean emozioek pisu handiegia hartzen dute eta amorruak, frustrazioak edo/eta beldurrak blokeatu behar gaituztela iruditzen zaigu. Gatazken kudeaketa positiboan, fokua irabaztean edo galtzean jarri partez, negoziazioan jartzen dugu. Prozesuak aukera berriak eskaintzen dizkigu, geure burua hobeto ezagutzeko eta bestearekin daukagun harremana indartzeko parada, adibidez. Harremana zaintzea erabakitzen badugu (pertsona batzuekin lotura moztea osasuntsuagoa izan daiteke), asertibitatea eta enpatia osagaiekin, gatazkei aurre egiteko elkarrizketa eraginkorrak eraikitzen ikasiko dugu.
Nola lortu? Zeintzuk dira gakoak?
Hiru dimentsio hauetatik aztertu behar da arazoa: lehenengo pertsonatik (nola eragiten dit) bigarrenetik (nola eragiten dio besteari) eta hirugarren posiziotik (zein akordiotara irits gaitezke). Horrela, autokontrola eta emozioen kudeaketa, entzute aktiboa edo soluzio berriak topatzeko sormena eta gisako gaitasunak garatzea izango da bidea. Hirurak praktikatzeko aukera emango digu ikastaro honek.
Ikastaro praktikoa izango da. Zein izango da dinamika?
Zenbait ariketa planteatuko dira eta hausnarketa zein parte-hartzearen bidez, ikasitakoak egunerokora lurreratzeko aukera izango dugu. Helburua izango da norberaren joera naturalak izendatzea, aldatu beharrekoa adieraztea eta aurrera egiteko pausoak pentsatzea, ikastaroari zukua atera eta erabilgarria izan dadin. Giro polita sortu ohi da eta taldearen babesarekin, ikasketa-prozesua aberatsagoa eta atseginagoa izaten da.
Nori dago zuzenduta?
Harreman pertsonalak edo/eta profesionalak hobetu nahi dituen edonori dago zuzendua.
Nabarmentzeko zerbait?
Hiperkonektatuta bizi garen eta produktibitateari garrantzia gehiegi ematen diogun garai hauetan, gaizki-ulertuak egotea eta erantzun azkarrak ematea da joera nagusia, estresak ez baitu laguntzen arazoak positiboki eta patxadaz aztertzen. Horregatik, horrelako zaintza-espazioak ezinbestekoak dira geure buruarekin eta ingurukoekin daukagun harremana hobetzeko, orainarekin konektatzeko eta komunitatean gure ekarpena egiteko.