Ainhoa Gorostidi: "Geure burua zaintzen hasita eta besteena behar den tokian kokatzean lortzen dugu asebetetze egokia"
2023ko urriaren 18a

"Berrindartze pertsonala eta autozaintza" ikastaroa emango du Ainhoa Gorostidi donostiarrak UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan. Psikologia sistemiko eta coach ikasketak ditu eta psikoterapeuta da. Harekin izan gara.
Pertsonen zaintzak berak dakarren indar-galtzean jarriko duzu fokua. Ez da balioan jartzen?
Are gehiago esango nuke, zer den ere ez dakigu. Besteak zaintzea hartzen dugu aintzat eta hein batean gizaki bezala emaitza oso positiboak jasotzen ditugu. Baina emate horretan geure burua ahazten dugunean, oreka galtzen dugu.
Zelan azaleratzen da?
Suminkortasunean batik bat, eta horrek haserreak, gatazkak, tristurak... ekartzen dizkigu.
Autozaintzaren garrantzia jarri nahi duzu erdigunean.
Bai, geure burua zaintzen hasita eta besteena behar den tokian kokatzean lortzen dugu asebetetze egokia.
Bakoitzaren egoerara egokitutako plana garatzea duzue.
Bai, autoezagutza bultzatuko dugu, gure egoerez hausnartuko dugu eta egunerokoari moldatutako erremintak ikusiko ditugu.
Nori dago zuzenduta?
Bereziki zaintzaileei, gehiengoak oreka erabat galduta du eta.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Kontzientzia piztea, automatikoki ez aritzea eta aldaketa txikiekin aldaketak ekartzen duena probatzea.