«Adimen artifizialaren aukerak, mugak eta ikerkuntzan izan dezakeen eragina partekatzeko une egokia da»
2026ko urriaren 1a

«Adimen artifiziala ikerkuntzan: fisika eta ingeniaritzako esperientziak» jardunaldia antolatu du UEUren Fisika Sailak urriaren 23an, Eibarren. Adimen artifizialak ikerkuntzaren esparruan sortzen dituen aukera, zalantza eta erronken inguruan hitz egiteko espazioa sortu nahi izan dute eta jardunaldiaren antolaketa-lanetan aritu diren Fisika Saileko sailburuekin izan gara: Edorta Carrascal Lekunberri (Bilbo, 1970) eta Iñigo Gonzalez de Arrieta Martínezekin (Bilbo, 1993). Carrascalek Nazioarteko Doktoretza egin zuen Ingeniaritza Termikoaren arloan eta Gonzalez de Arrieta doktorea da Fisikan. Haiekin izan gara.
Adimen artifizialaren gaia ekarriko duzue jardunaldira. Zergatik?
Adimen artifiziala aukeratu genuen, interes orokorreko gaia delako eta, horren bidez, jendea berriro sailera hurbildu nahi genuelako. Azken finean, gure eguneroko lanean gero eta gehiago erabiltzen dugun tresna da, baina ikerkuntzaren esparruan oraindik ere aukera, zalantza eta erronka ugari daude. Jakin-min hutsa izatetik aurrekaririk gabeko iraultza bihurtzera igaro da. Batzuetan, benetako «Eureka!» uneak sortzen ditu, esaterako: AlphaFold ereduaren laguntzaz lortutako 2024. urteko Kimikako Nobel Saria edo, askoz hurbilago, pasa den astean gertatu zena: Milurtekoko Sarietako Problema baten ebazpena, Navier-Stokes-en ekuaziokoa. Horregatik iruditu zitzaigun une egokia zela adimen artifizialaren aukerak, mugak eta ikerkuntzan izan dezakeen eragina partekatzeko.
Fisikaren eta Ingeniaritzaren arloko esperientzietan jarriko duzue azpimarra. Zein da gaur egungo egoera?
Alde batetik, egoera hori aztertzeko planteatu genuen jardunaldia. Bestetik, gure artean ia inor ez da geratzen eguneroko lanean adimen artifiziala erabiltzen ez duenik. Dagoeneko aurkeztu dira adimen artifizialean oinarritutako Fisikako doktorego-tesiak, eta datu esperimentalen analisi automatikoa ere izugarri garatu da. Lehen, doktorego-tesi oso baten pareko lana izan zitekeena, gaur egun, adimen artifizialaren laguntzarekin, pare bat egunetan egin daiteke zenbait kasutan. Horrek ikerketa egiteko modua erabat aldatzen ari dela erakusten du eta, aldi berean, erronka berriak ere planteatzen ditu; emaitzen fidagarritasuna, besteak beste.
Eta zeintzuk aurrera begirako erronkak?
Erronkak ugariak dira. Horien artean, pribatutasuna azpimarra genezake. Nola ziurtatu dezakegu adimen artifizialaren laguntzaz sortu dugun ideia originala dela eta ez dela, konturatu gabe, beste norbaiten lanaren plagioa? Horri lotuta dago lizentzien arazoa ere: baliteke adimen artifizial batek egile-eskubideek babestutako lanak irakurtzea. Gainera, kontuan hartu behar dugu zerbitzari asko Europatik kanpo daudela, eta horrek datuen kontrolari eta informazioaren babesari buruzko galderak sortzen ditu. Zer esanik ez adimen artifizialaren ereduen ahalmena, hobetzeko arintasuna eta berarekiko eduki dezakegun mendekotasuna nola kudeatu. Jardunaldian erronka horiek aztertu nahi ditugu, batez ere adimen artifizialaren arloko adituen ikuspegitik. Azken finean, utopiaren eta distopiaren arteko muga non dagoen ere galdetu beharko diogu geure buruari.
Ikerkuntzaren arloan AA integratzeko euskal gazte ikertzaileen esperientziak jasoko dituzue.
Belaunaldi berriko ikertzaileek guk baino esperientzia handiagoa dute adimen artifizialaren erabileran eta askotan baliabide eta tresna ugari dituzte eskura. Beraz, kasu honetan, haiek izango dira guri irakatsiko digutenak. Ikertzaile senior batek gai jakin bati buruzko ezagutza sakona izan dezake, baina agian gazteagoek beste modu batean ulertzen dute lana eta ez dute imajinatzen ikerketa-prozesua adimen artifizialik gabe. Horregatik da garrantzitsua eztabaida hau orain egitea, teknologia garapen betean dagoen une honetan.
Topagune ere izan nahi du jardunaldiak.Zer da lortu nahi duzuena?
UEUko Fisika Saila ia desagertuta zegoen eta jardunaldi honen bidez nolabait berpiztu nahi dugu. Euskal fisikari eta ikertzaileok elkartzeko, ideiak partekatzeko eta elkarren esperientziak ezagutzeko topagune bat izatea nahiko genuke. Egia da sailaren gaur egungo egoera ez dela duela hamarkada batzuetakoa, baina oraindik badagoela zer egin uste dugu. Jardunaldiak lehen urrats bat izan nahi du, fisikaren eta, oro har, zientziaren inguruan euskal komunitate bat berriro elkartzeko eta etorkizuneko elkarlanak sustatzeko.
Nori dago zuzenduta?
Jardunaldia edonori dago zuzenduta, gai honetan guztiok dugulako eskarmentu gutxi. Hala ere, ikerkuntzaren arloan jarri dugu arreta berezia; beraz, ikertzaile gazteei zuzenduta dago batez ere. Ez ditugu doktoregaiak bakarrik gogoan: ikerkuntzan hasten den edonorentzat izan daiteke interesgarria, baita lehen urratsak egiten ari diren ikertzaileentzat ere. Dena den, adimen artifizialak gure bizitzan gero eta pisu gehiago duenez gero, denok dugu zer ikasi eta zer partekatu.
Nabarmentzeko zerbait?
Aitzindariak ez garela: Kepa Sarasola Gabiolak adimen artifizialari buruzko lana aurkeztu zuen UEUn 1985ean. Horrek erakusten du gaiak baduela ibilbide bat euskal esparru akademikoan, eta gaur egun bizi dugun interesa ez dela hutsetik sortu. Jardunaldi honekin, nolabait, tradizio horri jarraipena eman nahi diogu.
