Adimen artifiziala ikerkuntzan: fisika eta ingeniaritzako esperientziak.

Aurkezpena
Adimen artifizialaren (AA) erabilera abiadura handian hedatzen ari da arlo eta diziplina askotan. Ikerkuntzaren esparruan, bereziki, ezagutzaren garapenean eta zabalkundean eragin nabarmena izaten ari da, eta, horrenbestez, aukerak zein erronkak sakon aztertzeko beharra dago.
Mintegi honen helburua hau da: AAren integrazioa ikerkuntzan aztertzea, batez ere ikertzaile gazteen esperientzia eta ikuspegietatik abiatuta. Gaur egungo praktikak, baita etorkizuneko joerak ere, eztabaidatuko dira.
Era berean, mintegiak euskal fisikari, zientzialari eta ingeniarien arteko topagunea izan nahi du, UEUko Fisika Sailaren ekimenez. Arlo tekniko-zientifikoei lotutako gaurkotasuneko gaiak eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko aukera izango da.
Helburuak
- Euskal fisikariak eta alboko diziplinetako profesionalak (esaterako, ingeniariak) elkartzea.
- Hizkuntza-eredu handiak (LLM, ingelesez) eta beste tresna batzuen funtzionamendua ulertzea.
- AAren erabileraren adibideak eta praktikak trukatzea, zientzia eta ingeniaritzaren ikerkuntza-arloan.
- AAk gaur egun eta etorkizunean ikerkuntzan izango duen eraginaz eztabaidatzea.
Nori zuzenduta
Mintegia ikerkuntzan diharduten euskal fisikari, ingeniari eta zientzialari guztiei zuzenduta dago, baina bereziki doktoregaiei eta ikertzaile gazteei. Interes berezia izango du AA eguneroko ikerketa-jardueretan erabili nahi dutenentzat, baita AA txertatzen duten ikerketa-proiektuak koordinatu edo zuzentzen dituztenentzat ere. Dena den, ez da AAri buruzko aldez aurreko ezagutzarik eskatzen; beraz, AAk etorkizunean izango duen eraginari buruzko jakin-mina duten guztiei ere zuzenduta dago.