Pizkundea: zentzua, izena eta izana.

Aurkezpena
XXI. mendeko egoera sozial, politiko eta kulturalari ondo erantzuteko asmoz, Euskal Herria pizkunde beharrean omen dago. Piztu, esnatu edo itzartu beharrez, herrigintza lozorroan egon delako? Bizkortu, zolitu edo zuhurtu beharrez, herrigintzari zerbait oharkabean joan zaiolako? Ezer sortu, hasi edo agertu beharrez, herrigintzaren orain arteko bidea eraldatu behar delako? Pizkundearen zertarakoa argi dago: Euskal Herriaren biziberritzea. Baina pizkundearen zergatiaz gogoeta ondo egin beharrean gaude, XXI. mende laurdena igaro ondoren.
Pizkunde hitzak 1956az geroko herri mugimenduaren oihartzuna dakarkie batzuei; beste batzuei, urrunagokoa, 1876-1936 artekoa, Euskal Pizkunde izena duenarena. Horregatik, 2026 honetan, honaino ekarri gaituzten indarrak eta eginak zeintzuk izan diren argi izatea oso garrantzitsua litzaiguke, baina are garrantzitsuagoa, horien zergatia, horien zentzua eta esanahia. Hau da, euskal herrigintzaren balioak zeintzuk izan diren argi izatea gakoa da. Zer pertsona eta herri eredu zeuden? Iturriak zeintzuk ziren? Aurkako indarrei aurre nola egin zitzaien? Orduko kanpo egoera oldarkorra eta egungoa antzekoak dira? Eta barne ondoeza?
Gure orainean, badugu iraganetik zer ikasi, gerora sendo abia gaitezen. Jardunaldi honetan, balizko pizkundeari sakontasuna emateko gakoak bilatu, azaldu eta aztertuko ditugu, historia, literatura eta filosofiaren laguntzaz.
UEUko Filosofia Sailak eta Maiatz elkarteak elkarlanean antolatua.
Helburuak
- Gaur egunerako, Euskal Pizkundearen balioak eta haien iturriak zeintzuk eta zergatik ziren argitzea.
- Gaur egunerako, azken mende-erdiko balioak eta haien iturriak zeintzuk eta zergatik ziren argitzea.
- Gaurgeroko balizko pizkunderako oraingo oinarri, hutsune eta aukerez gogoeta egitea.
Nori zuzenduta
Euskal Herriaren osasunaz eta biziberritzeaz ardura edo interesa duena, edota euskal pentsamendu, filosofia, historia eta letretan ardura edo interesa duena.