Jon Mentxakatorre Odriozola: «Pizkundea iraganeko onenari begiratu eta gaur egunean toki esanguratsua egitea da, haren gainean sendo egon gaitezen»

2026ko uztailaren 4a

Jon Mentxakatorre Odriozolaren argazloa

«Pizkundea: zentzua, izena eta izana». Izenburu hori duen jardunaldia antolatu dute elkarlanean UEUren Filosofia Sailak eta Maiatz Elkarteak UEUren Udako Ikastaroen barruan. Baionako Hiri Barneko Mediatekan da hitzordua, gaur, eta sustraidun pentsamendua beharrezkoa dela argi uztea da haren helburuetako bat. Jon Mentxakatorre Odriozola (Galdakao, 1992) da jardunaldiko antolatzaileetako bat eta harekin izan gara jardunaldiaren inguruan hitz egiteko. Mentxakatorre Filosofian eta Euskal Filologian da doktorea eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea da. UEUko Filosofiako sailburua da, UEUko Talde Eragileko kidea bai eta Uztaro aldizkariko zuzendaria ere 2026ko maiatzetik.

Zertaz ari gara pizkundeaz ari garenean?

Hori da galderarik garrantzitsuena, pizkunde hitza bolo-bolo entzuten ari garen honetan. Pizkundea hitz handia da, eta ez da aktibazioaren sinonimo soila. Pizkundea iraganeko onenari begiratu eta gaur egunean toki esanguratsua egitea da, haren gainean sendo egon gaitezen. Zentzu horretan, pizkundeaz ari garenean, Errenazimentuaz ari gara, Berpizkundeaz, eta azken mende eta erdira begiratuz, Euskal Pizkundeaz: XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran izandako mugimendu orohartzaileaz. XX. mendearen bigarren erdian, gaur egun legez, euskalherrigintza jardunean dugu, baina benetako pizkundeaz aritzeko mugimendu kultural, politiko, zientifiko, espiritual eta pedagogikoa eratzen arituko beharko ginateke. Hori da gure aurrekoek egin zutena, haien emariari esker heldu gara gauden tokira.

Euskal Herria pizkunde beharrean dagoela diozue eta horretarako iraganera begiratu eta pizkunde-behar horren zergatiaz hausnartzea garrantzitsua dela.

Aurretik esandakoagatik, hain zuzen. Iraganean zer egin zuten badakigu, oraindik ere lan berean dihardugulako han-hemen: modernitate euskalduna egiten, gaur eta bihar gure herriko eremu eta funtzio guztietan euskaldun izateko asmoz. Baina zer hori, erronka edo zeregin multzoa, ez da berdin ulertu edo bideratu lehen eta orain, gero ere ezberdin izango den legez. Horregatik, zergatiaz galdetu behar dugu; hau da, gure zentzu eta balioen iturriak zeintzuk diren eta zenbat zaintzen ditugun. Iraganeko gakoa hori argi eta garbi izatea izan baitzen. Jardunaldi honetan iraganeko zergatien oinarriei helduko diegu.

Balizko pizkunde horren inguruan ere hausnartu nahi duzue, begirada desberdinetatik. Zeintzuk dira erantzun nahi dituzuen galderak?

Erantzun baino areago, zenbait galdera irekitzeko helburua dugu, eta, sakonean, honako itaun hau egiteko: Zeintzuk dira, iraganeko pizkundeen mailan, Euskal Herri bat eta sendo legez, gaur egun ditugun zentzu eta balioen iturriak?

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Ipar eta Hego, iragana eta oraina lotzen jakin duen jendeari hitza eman eta solasaldia eskaini. Gogoeta batera egitea. Eta, batez ere, sustraidun pentsamendua behar dugula argi uztea, pizkundeaz ari garenean gure aurrekoen maila eman dezagun.

Nori dago zuzenduta?

Euskal pentsamenduaren zale diren guztiei, eta batez ere gure iragan intelektual eta ekintzaile hurbilaz gogoeta egin nahi dutenei, euskalherrigintzan jarraitzeko asmoz.

Jakintza-arloak