Nor gara
Historia
Lantaldea
Kontaktua
Azken urteotan hitanoa biziberritzeko egitasmoak ugaritu egin dira. Kasu gehienetan eragileak nor bere aldetik ari ziren langintza horretan, besteak zertan zebiltzan jakin gabe eta elkarlanerako aukerarik gabe. Horregatik antolatu genuen Euskal Herriko I. Hika Topaketa, duela bi urte Oñatin, hitanoa bultzatzen ari garen eragileak batzeko. Topaketa hartatik ZirHika taldea sortu zen, toki askotako eragilez osatua, hainbat jarduera egin dituena hitanoa sustatzeko eta hika eragileak saretzeko.
II. Hika Topaketan ere elkar ezagutzeko eta elkarlanerako bide horretan jarraituko dugu, Markina-Xemeinen. Goizean hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatu ditugu, hitanoa bultzatzeko sortutako hainbat esperientziari buruzkoak, eta arratsaldean, berriz, lan-mahaiak, parte-hartzaile guztientzat, hausnarketarako eta proposamenak egiteko. Lan-topaketa bat izango da, beraz. Asmoa: topaketatik ondorio batzuk atera ahal izatea eta guztion artean aurrera jarraitzeko gida-lerro batzuk sortzea.
Jardunaldi hau UEUk, Zirhika mugimenduak eta Badihardugu euskara elkarteak elkarlanean antolatu dute.
Babesle eta laguntzaileak: Markina-Xemeingo udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kutxa Fundazioa.
Adituak baino arituak batu nahi ditugu, hitanoa biziberritzeko lanean ari diren pertsonak: hika irakasleak, euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, ikerlariak eta hitanoa bultzatzen ari diren bestelako eragileak, Euskal Herriko txoko guztietakoak.