Euskara eta Digitalitatea: hamar begirada eginikoari eta egitekoari

Gizarte hiperdigitalizatu batean bizi gara. Eduki digitalak sortzen eta kontsumitzen ditugu etengabe, eta, horri adimen artifizialaren eztanda gehituta, hankaz gora jarri zaizkigu gure orain arteko bizimoduak. Hortxe gabiltza, gainera etorri zaigun errealitate bati neurria hartu ezinik, erritmo azkarregi batera ohitu nahian eta ezinean: benetan zer nahi genukeen pentsatzen hasterako, berrikuntza teknologikoak samaldan iristen zaizkigu, eta haiei begira jartzen gara, itsutzeraino askotan.

Paradigma-aldaketa mundu-mailakoa izaten ari da, baina euskaldunok eta gurea bezalako hizkuntza eta kultura gutxituek zailtasun erantsiak dauzkagu zurrunbilo handi horretan. Bizirik irauteko bestela ere hortxe-hortxe borrokan dabilen komunitate bat gara, eta ohartu ere egin gabe ohitu gara erdaraz errazago jasotzera eta kontsumitzera. Gure hizkuntza eta kultura biziko badira, ezinbesteko dugu digitalitatearen parte izatea, baina, aldi berean, digitalitatea bera da gu lausotzen gaituen kausetako bat. Zer egin, orduan? Nondik jo?

Buruhauste horien bueltan ibiltzen gara liburu honetan parte hartu dugunok, zein bere erara eta bere esparrutik. Horrexek elkartu gintuen Euskara eta Digitalitatea graduondokoa aurrera ateratzeko, eta harako eginiko lanaren emaitzetako bat da hamar artikuluko bilduma hau.

Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Hizkuntzarik handienak are handiago bihurtzen dira digitalitatean, eta txikienak txikiago, oro har"

Aurkibidea

Hitzaurrea, Uxoa Iñurrieta Urmeneta

1. Euskararen aztarnak sarean: kartografia digitala osatzeke, Libe Mimenza Castillo

2. Euskara, digitalizazioa eta paradigma-aldaketak, Xabier Landabidea Urresti

3. Eskola oskol: hezkuntza, euskara eta digitalizazioa, Ander Bolibar Zabala

4. Interes informatiboa dopaminatik harago: euskal hedabideek publiko berriekin konektatzeko baliagarriak izan daitezkeen zenbait ildo, Gorka Bereziartua Mitxelena

5. Digitalitatea euskal kulturgintzatik, Gotzon Barandiaran Arteaga

6. Gazteen aisialdia digitalitatearen bidegurutzean, Goiatz Oiartzabal Lakarra eta Leire Lisón Nicuesa

7. Erreferentziazko hizkuntza-baliabide digitalak euskararen kalitatearen zaintzan, Uxoa Iñurrieta Urmeneta

8. Hizkuntza-baliabideak eta ikerketa-azpiegiturak, Ainara Estarrona Ibarloza

9. Hizkuntza-teknologiak eta euskara lan-eremuan, Klara Ceberio Berger eta Maddi Etxebarria Bilbao

10. Sorta bat pentsakizun adimen artifizial sortzaileari buruz, Xabier Arregi Iparragirre eta Olatz Perez-de-Viñaspre Garralda

Euskara eta Digitalitatea: hamar begirada eginikoari eta egitekoari