Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Hizkuntzarik handienak are handiago bihurtzen dira digitalitatean, eta txikienak txikiago, oro har"

2026ko urtarrilaren 15a

Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Hizkuntzarik handienak are handiago bihurtzen dira digitalitatean, eta txikienak txikiago, oro har"

Euskara eta Digitalitatea: hamar begirada eginikoari eta egitekoari argitaratu berri dute UEUrekin hainbat adituk. UEUren GOI Ikastegiak ematen duen “Euskara eta Digitalitatea”graduondokoko irakasleak dira guztiak eta bakoitzak bere arlotik egiten duen ekarpena jaso nahi izan dute liburuan. Uxoa Iñurrieta Urmeneta (Donostia, 1990) da irakasle horietako bat eta berarekin izan gara liburuaz hitz egiteko. Hizkuntzalaritza Konputazionalean doktorea da Iñurrieta eta UEUren GOI Ikastegiko irakaslea, ikertzailea eta "Euskara eta Digitalitatea" graduondokoaren arduraduna.

Bizi garen gizarte hiperdigitalizatuak gure bizimodua hankaz gora jarri duela diozue. Zergatik?

Goitik behera aldatu dituelako gauzak egiteko eta bizitzeko gure moduak. Gaur egun, erabat normaltzat jotzen dugu edozein unetan edonori testu-mezuak edo audioak bidaltzea, zalantzak argitzeko mugikorrean informazioa bilatu eta minutu erdian erantzuna topatzea, telebista piztu eta streaming plataformen bidez gogoaren araberako edukiak kontsumitu ahal izatea... Halakorik gabe bizitzea pentsaezina egiten zaigu orain, baina duela bi hamarkada ez zegoen halako aukerarik. Gauzak oso-oso azkar aldatu zaizkigu eta ari zaizkigu aldatzen, ia oharkabean gainera, eta aldaketa ikaragarriak dira.

Testuinguru honetan zeintzuk dira euskaldunok ditugun zailtasun erantsiak?

Tira, asko aipa litezke... Baina, labur esateko, esan genezake hizkuntzen eta kulturen arteko aldeak mundu fisikoan ez ezik, mundu digitalean ere presente daudela, eta are handiagoak direla, gainera; hizkuntzarik handienak are handiago bihurtzen dira digitalitatean, eta txikienak txikiago, oro har. Pentsa, adibidez, ingelesa guretzat atzerriko hizkuntza izan arren zenbateraino iristen zaigun erraz telesailen bidez, musikaren bidez... Euskaraz kontsumitzeko, aldiz, hautu kontzientea egin beharra dago.

Buruhauste horiek batu zintuzteten aditu talde bat.

Hala esan genezake, bai. Gai horien gaineko prestakuntzaren bat eskaintzea bururatu zitzaigun UEUn, eta halako gauzetan aritzen zen jendearengana jo genuen taldetxoa osatzeko. Proposamena bota, eta, animatu ginenon artean, Euskara eta Digitalitatea graduondokoa prestatu genuen. Irakasle aritzen garenok oso esparru desberdinetan aritzen gara egunerokoan, eta eskaintzen dugun ikuspegian izango ditugu aldeak, ziur asko, baina nork beretik egiten du ekarpena, eta horrek berak ematen dio kolorea eskaintzen dugunari, nik uste.

Graduondokorako egindako lanen emaitzetako bat da liburua. Zer jaso duzue bertan?

Ikasgaietan lantzen ditugun gaiei buruzko hamar artikuluk osatzen dute liburua, eta denetik dago pixka bat: diagnostiko modukoak, gogoetak, baliabide- eta gomendio-bildumak...

Zer da liburuarekin lortu nahi duzuena?

Mundu digitalean euskara sustatzeko egin den lanari ikusgarritasun pittin bat ematea, batetik, eta bakarren bati zer pentsatu pixka bat ematea, bestetik. Azken batean, graduondokoan lantzen ditugun gaiak jende gehixeagorengana iristea nahi genuke (ikasle-talde txikian aritzen baikara, baina uste dugu badela jende gehiago interesa duena, hainbeste orduko prestakuntzetara animatu ez arren).

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen edonori!



Jakintza-arloak