Euskara eta Digitalitatea

Hasiera - Bukaera data: 2024ko urriaren 11a - 2025ko apirilaren 12a
Izaera: Online
Ordu kopurua: 180
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko maiatzaren 2a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko uztailaren 5a

Aurkezpena

Teknologia digitalak gure gizarteko txoko guztietara iristen ari diren honetan, hizkuntzen bizitasuna neurtzeko eta hartan eragiteko, ezinbestekoa da erabilerari hainbat ikuspuntutatik erreparatzea, baita digitaletik ere. Beste hizkuntza gutxitu batzuekin alderatuta, euskararena ezohiko kasua da: tresna eta baliabide digital ugari dauzkagu, zenbat hiztun garen kontuan hartuta. Erabiltzaileen kontsumo-ohiturak aztertuz gero, ordea, aise ikusten da euskarazko eskaintzak hutsune nabarmenak dauzkala eta eskaintzen dena ere ez dela jendearengana nahi beste iristen. Zer egin, orduan?

Testuinguru digitalean euskara sustatuko duten aditu eta arituen beharra dugu askotariko alorretan, eta horretarako prestakuntza eskaini nahi du online graduondoko honek. Eskuragarri dauzkagun tresna eta baliabide digitalak ezagutarazteaz gain, gogoeta piztea
eta euskararen zaintza eta sustapen teknologikorako estrategiak lantzea da helburua.

Graduondokoa UPV/EHUren berezko eskaintzaren parte da, eta UEUko GOI institutua arduratuko da prestakuntza eskaintzeaz, online ikas-irakaskuntzarako propio sortutako eredu pedagogiko bat oinarri hartuta. Gainera, lankidetzari garrantzi handia eman zaio graduondokoaren diseinutik bertatik, eta, horren erakusgarri, alorreko hainbat eragile garrantzitsuk parte hartuko dute irakasle-taldean.

Nori zuzenduta

Teknologia digitalek euskaran duten eraginaren inguruan interesa duen edonork parte har dezake graduondokoan, aurretik eginiko unibertsitate-ikasketak edozein direla ere.

Jakintza-arloak