Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Nahi duguna da gure ikasleak ohartzea, irakasle direnean, euskararen eta euskal kulturaren eragile ere izango direla"
2025eko irailaren 9a

UEUren GOI ikastegiaren Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterraren ikasturte berriari eman zitzaion hasiera ostiralean. 132 ikasle berri hartuko ditu masterrak eta aurtengo berrikuntzen artean dago prestakuntza-egitasmo berri bat: murgiltze-astea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak, EHUko Mikel Laboa Katedrarekin eta UHARRi (Soziolinguistika aplikatua) elkartearekin batera lagundutako IGOA (Irakaslegaien Ohartze eta Alduntze Soziolinguistikoa) programa du bere oinarrian, UEUtik abiatu dugun murgiltze asteak. Irakaslegaien artean kontzientzia soziolinguistikoa piztea du helburu eta Uxoa Iñurrieta Urmenetak (1990, Donostia) azaldu digu zehatzago. Iñurrieta Hizkuntzalaritza Konputazionalean da doktorea eta UEUren GOI ikastegiko irakaslea eta ikertzaile da.
Zer da murgiltze-astea?
Murgiltze-astea deitu diogu Irakaskuntza Masterrean martxan jarri berri dugun prestakuntza-egitasmo berri bati. Masterreko ikasgaiak hasi aurretik jarri dugu martxan, helburu nagusi batekin: Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruzko oinarri batzuk lantzea, euskal hezkuntza-sistemaren ezaugarriak eta sistema horren parte garen irakasleon rola ikuspuntu soziolinguistikotik ere ulertzen laguntzeko. Horrez gain, prestakuntza hau izango da ikasleek UEUren ikasgela birtualarekin izango duten lehen harremana, eta hura ezagutzeko ere aitzakia ederra da; beraz, pedagogikoki, materialak eta jarduerak ikasgela birtualean pixkanaka trebatzen laguntzeko ere prestatu ditugu.
Zergatik ikusi duzue halako prestakuntza baten beharra? Eta zer lortu nahi duzue zehazki?
Askotan esaten da euskararen eta euskal kulturaren transmisioan eten handia egon dela, eta hezkuntza, berez, bide aparta da eten horri buelta ematen laguntzeko; kontua da gaur egungo irakasle askok ere izan dutela transmisio falta hori, eta hortaz... Nola transmititu ezagutzen ez den zerbait? Gure Masterrean ere sarri ikusten ditugu eten horren eraginak: urtero jasotzen ditugu hizkuntza-maila apalegiko lanak, berez maila ona izanik ere hizkuntzari batere garrantzirik eman gabe idatzitakoak, euskal erreferentziak inondik ere kontuan hartzen ez dituztenak...
Guk eskainiko dugun prestakuntza oso txikia da, eta badakigu ezin dugula miraririk egin horrekin bakarrik, baina... Urtero 132 ikasle berri izaten ditugu Masterrean, eta egitasmo hau lehen urratsa izatea nahi genuke, etorkizunean Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lanean arituko diren irakaslegaiek kontzientzia har dezaten, eta uler dezaten beren rola garrantzitsua dela euskararen eta euskal kulturaren transmisiorako eta sustapenerako. Azken batean, nahi duguna da gure ikasleak ohartzea, irakasle direnean, euskararen eta euskal kulturaren eragile ere izango direla eta hori ere kontuan hartu beharko dutela beren lanean.
Nolako prestakuntza izango da, zehazki?
Bost bat orduan online egitekoa, UEUren ikasgela birtualaren bitartez. Ikasturtearen hasiera-hasiera denez, jarduera eta material arin samarrak proposatzen saiatu gara, oinarrizko kontzeptu batzuk lantzeko eta gogoeta pizteko.
Zehazki, euskararen izaera gutxitua azaltzetik hasiko gara (nahiko azaletik bada ere): zer den hizkuntza-aniztasuna, zer diren hizkuntza gutxituak eta zertaz ari garen euskal gizartea eleaniztuna dela esaten dugunean, zein ibilbide eta bilakaera izan duen euskarak orain arte... Eta, jakina, euskarazko hezkuntzaren jatorriari ere egingo diogu begiratua. Ondoren, jarduera txiki bat egingo dugu nork bere inguruneko datu soziolinguistikoak bilatzen eta interpretatzen ikasteko (hau da, gerora irakasle direnean, beren lantoki izango den ikastetxeko datuak ere nondik lortu eta nola interpretatu ikasteko). Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa irakasle guzti-guztion zeregina dela arrazoituko dugu (eta ez euskara-irakasleena bakarrik), eta, horrekin lotuta, euskal kulturaren transmisiorako baliabide-bilduma bat osatuko dugu partaide guztion artean. Azkenik, gogoetarako jarduera bat proposatuko dugu, nork bere hiztun-profila azter dezan eta pentsa dezan zein diren bere indarguneak, zein ahulguneak, zertan sakondu nahi lukeen, eta abar.
Ilusio handiz prestatu dugu dena, egia esan, eta gogotsu gaude lehen saiakera hau nola doan ikusteko. Ea ikasleek zukua ateratzen dioten!