KafeON zikloa martxan jarriko dugu Baionan
2026ko martxoaren 27a

KafeON solasaldi-zikloa sortu dugu, Ipar Euskal Herriko ikertzaileak ezagutarazi eta bertako komunitate unibertsitario euskalduna saretzeko asmoz.
UEUn urteak daramatzagu ikertzaile gazte euskaldunei ikusgarritasuna ematen. Ildo horretatik egiten ditugu dibulgazioko hainbat ekintza: elkarrizketak, Txiotesia, Akademiatik plazara, Barredromoa eta bideo-podcastak, besteak beste.
UEUren Ipar Euskal Herriko egitasmoa indartzeko helburuarekin, beste pausu bat eman eta orain KafeON zikloa antolatu dugu, Ipar Euskal Herriko ikertzaile gazteak ezagutarazi eta bertako komunitate unibertsitario euskalduna saretzeko asmoz. Horretarako, bi hilerik behin solasaldiak antolatuko ditugu Baionako ON! Gunean. Ipar Euskal Herriko ikertzaile bat gonbidatuko dugu eta bere ikerketaz, ibilbideaz eta bertan euskarak duen garrantziaz hitz egingo dugu, kafe baten inguruan. Sarrera irekia izango da.
Lehenengo solasaldia apirilaren 14an egingo dugu Baionako ON! Gunean 18:00etan eta gonbidatua Maddi Kintana Morcillo izango da. Bera Itzulpengintza eta Interpretazioan graduatua da EHUn, eta Euskal Ikasketen ikerketa masterra egina du Bordele Montaigne Unibertsitatean. Egun Euskal Hizkuntzalaritzan doktoregaia da EHUn. Berari galderak pausatzen Xalbat Alzugarai Etxeberri kazetaria arituko da.