UEUk «Hazitegia» jarriko du martxan, ikerketa kolaboratiboaren gunea
2026ko urriaren 29a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, UEUk Gipuzkoak dituen beharrizanei erantzuteko gunea sortuko du: Hazitegia. Ikerketa kolaboratiboan oinarritutako espazioa izango da, erronka zehatzei erantzuteko askotariko diziplinetako edo profiletako ikertzaileak bilduko dituena.
Proiektuari Hazitegia deitu diogu, batetik, udaletako erronketatik abiaturik proiektu txikiak martxan jarri nahi ditugulako, eta bestetik, izaera esperimentala izango duelako. Hau da, proiektua martxan jarri eta behin emaitzak ikusita, proiektua ebaluatu eta hurrengo urratsak definitzeko balioko digu.
2026an Hazitegiko lehen proiektu deialdia jarriko dugu martxan, Gipuzkoako hiru udalek (Eibar, Errenteria eta Tolosa) proposatu dituzten erronkei erantzuna emateko helburuarekin. Erronka horietako bakoitzari erantzuteko, ikertzaileek edo ikertzaile taldeek euren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte. Herri bakoitzaren errealitatera hoberen doitzen den proiektua aukeratu eta hura aurrera eramateko aukera egongo da 2027an. Proiektu txikiak izango dira, 300-450 ordu bitartekoak, eta ikerketaren fase ezberdinetan udala eta ikertzaileak elkarlanean arituko dira, ikerketa prozesu kolektibo gisara landuz.
Deialdia azaroaren 23an zabalduko dugu.