UEUk eta Seaskak Har(h)itza zikloa sortu dute eta lankidetzan ari dira datorren urtean Euskal Baxoa egiteko

2026ko otsailaren 3a

UEUk eta Seaskak Har(h)itza zikloa sortu dute eta lankidetzan ari dira datorren urtean Euskal Baxoa egiteko
Ezkerretik hasita: Egoitz Urrutikoetxea, Oihana Galé, Maiane Madariaga, Sophie Layus eta Ane Sarasua

UEUk eta Seaskak duela bi urte sinatutako hitzarmena berritu eta HAR(H)ITZA hitzaldi-zikloa sortu dute, euskaren ohiturak indartu, partekatu eta hitza hartzeko gunea izan nahi duena. Horretaz gain, bi erakundeak lanean ari dira datorren urtean Euskal Baxoa egiteko.

Agerraldian Sophie Layusek, SEASKAko lehendakariak; Ane Sarasua Aranberrik, UEUko Idazkari Nagusiak; Egoitz Urrutikoetxea Laskibarrek, Seaskako hezkuntza zuzendariak eta Oihana Galé Zamponik, UEUko Ipar Euskal Herriko arduradunak parte hartu dute.

Seaskak eta UEUk lankidetza hitzarmena izenpetu zuten 2024an Ipar Euskal Herriko ikastoletan goi mailako euskarazko jakintza sustatzeko helburuarekin. Seaskako lehendakariak eta UEUko Idazkari Nagusiak hitzarmen honen garrantzia azpimarratu dute. Elkarlan horrek jarraipena izango du 2026an ere. Azken bi urte hauetan bezala puntu hauetan elkarlanean jarraituko dute:

  • Seaskaren euskara programaketaren lanketan eta euskal curriculuma bertan zehazteko gogoetan, UEUren sareko adituen elkarrekintza.
  • Hezkuntza eta hizkuntza helburuak lortzeko eta praktikak hobetzeko Seaskako Irakasleen prestakuntzarako elkarlanean egitaraua
  • UEUren Udako Ikastaroetan formazio bat ere antolatuko dute.

Aurten, gainera, Har(H)itza hitzaldi-zikloa jarri dute martxan, euskaren ohiturak indartu, partekatu eta hitza hartzeko gunea izan nahi duena. Saioak euskaraz izango dira eta gurasoei zuzenduko zaizkie, baina interesa duen edonorentzat irekia izango da. Egunerokotasunean euskara erabiltzerakoan topatzen ditugun zailtasunak eta indarguneak ezagutu eta partekatu nahi dira bertan. Ziklo honen irudia Barbara Agor Bernat Etxepare Lizeoko ikasleak egin du, bertan egindako lehiaketaren irabazleak. Urtarrilean lehen hitzaldia egin dute Baionan: EuskarAbentura eta gazteen euskaltzaletasuna, eskuz esku". Hurrengo hitzaldia martxoan izango da inklusioari buruz eta ekainean elebitasunari buruz.

Azkenik, Egoitz Urrutikoetxea Seaskako hezkuntza zuzendariak aipatu du Hirugarreneko ikasleen (DBH3) B2 euskara maila ebaluatzeko azterketeta egiten duela Seaskak azken bi urteetan, eta bertako ebaluazio irizpideak eta azterketaren antolaketa gainbegiratzeko UEUren eskuhartzea izan dutela. Iazko azterketa %82ak pasa zuen eta interes positiboa sortu du Seaskan bertan. Orain pauso bat haratago joan nahi dute eta bi erakundeak lanean ari dira 2027an Euskal Baxoa azterketa egiteko eta hizkuntza mailarentzat B2 eta C1 zertifikatzailea izan dadin.