UEUk eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute
2026ko urtarrilaren 19a

Euskaltzaindiak eta UEUk bost urterako lankidetza-hitzarmena izenpetu dute euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, transmisiorako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako. Ekitaldian Andres Urrutia Badiola Euskaltzaindiko buruak eta Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak parte hartu dute.
Hitzarmen honetako egitasmo guztietan Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek.
Era berean, euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute.
Euskarazko produkzio zientifikoak duen aitortza txikiaren inguruko kezka partekatzen dute eta euskarazko produkzio zientifikoaren zilegitasuna aitortu eta prestijiatzeko ekimenak bultzatzeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, unibertsitate eta kalitate agentziei dagokionez, elkarlanean eragiteko asmoa agertzen dute, euskaraz egindako ekoizpenak merezi duen aitorpen akademikoa eduki dezan, are gehiago euskara ofiziala den lurraldean.
Erakunde biok euskararen transmisio eta motibazioaren inguruko atxikimenduaren gainbehera kultur transmisioaren indartzearekin lotzea partekatzen dute, eta euskarak eskaintzen dituen aukerak modu positiboan transmititzeko eta sustapen eta ikusgarritasunean lan egiteko konpromisoa hartzen dute, bitartekoak esleitzeko aukerekin.
2026ari dagokionez, hauek izango dira landuko dituzten egitasmo zehatzak:
- Euskaltzaindiak euskaraz sortu, argitaratu eta zabaltzen duenaren oinarrizko informazioa Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu-basean jarriko da.
- UEUren testu-multzoak Euskararen Erreferentzia Corpusean jasotzearen eremuan, Lexikoaren Behatokian jaso gabe dauden UEUren unibertsitate-mailako argitalpenak jasoko ditu.
- Sorkuntzaren eta sustapenaren eremuan ikertzaile gazteen ibilbidea sustatzeko beka-deialdia sortu eta abian jarriko dute eta hasi berri diren ikertzaileen lana bultzatzeko asmoz, argitalpen-deialdi bateratu baterako oinarriak lantzen hasiko dira.
- Maila akademikoan euskarari ospea eta zilegitasuna aitortzeko asmoz, bi aldeek ekitaldi akademiko bat eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko ikastaroak antolatuko dituzte.