UEUk 2026/2027 ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin du
2026ko irailaren 29a

UEUk 2026/2027 ikasturte akademikoaren hasiera-ekitaldia egin zuen joan den ostegunean Eibarko Markeskoa jauregian. Bertan elkartu zen Euskal Herri osoko ordezkaritza zabala: erakunde publikoak, unibertsitateak, euskalgintzako zein kulturgintzako eragileak eta UEUko lantalde nahiz bazkideak.
Ekitaldian, Aitor Bengoetxea Alkortak UEUko zuzendariak eta Ane Sarasua Aranberri UEUko Idazkari Nagusiak hartu zuten hitza. Dagoeneko igarotako 2025/2026 ikasturtearen balorazio oso positiboa egin zuten, GOI ikastegiaren sendotzea eta unibertsitate-prestakuntzak izandako harrera ona azpimarratuz. Horrez gain, ikerketa-ildo estrategikoetan emandako pausuak eta INGUMA datu-basearen 25. urteurrena azpimarratu zituzten.
Sartu berri garen ikasturterako erronkei dagokienez, UEU euskarazko produkzio zientifikoaren balio akademikoa eta ikertzaileen ebaluazio-irizpideen berrikuspena egiten arituko dela azaldu zuten, eta hori bideratzeko Euskaltzaindiarekin elkarlanean beka bat abiatu dutela jakinarazi. Ikerketarekin jarraituz, UEUk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eibarko Udalarekin elkarlanean Hazitegia ikerketa-proiektu kolaboratiboa abiatuko du. Jarduera akademikoari dagokionez, ikasturte honetan mikrokredentzialak eskaintzen hasiko zirela ere adierazi zuten UEUko ordezkariek.
Ekitaldiko une nagusietako bat hezkuntzako zein administrazio Publikoko ordezkariei zuzendutako aldarrikapen politiko eta ekonomikoa izan zen. UEUko zuzendaritzak gogorarazi du euskarazko unibertsitate-prestakuntza eta ikerketa ezin direla boluntariotzaren edo autofinantzaketa ahaleginen bizkar utzi: "Babes ekonomiko egonkorra eta duina behar dugu. EAEko Unibertsitate Lege berriaren atarian, UEUk goi-mailako hezkuntzan betetzen duen herri-zerbitzu garrantzitsua aitortu behar da eta aurrekontu-sareetan dagokion tokian kokatu".
Irekiera amaitzeko, sarrera-hitzaldi berezia eskaini zuten Josune Ariztondo Akarregi kimikari eta EHUko Gizarte Kontseiluko presidente izendatu berriak eta Anjeles Iztueta Azkue matematikari eta UEUko Talde Eragileko kideak, "Eginaren bidetik, etorkizunera (UEU, komunitate baten indarra)" izenburupean. Saio horretan, UEUren ibilbide historikoa eta komunitate-indarretik eratorritako etorkizuneko erronkak izan dituzte hizpide.